Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Lau langiletik batek berritu du hitzarmena azken urtean EAEn

Lan Harremanen Kontseiluak 2018ko negoziazio kolektiboari buruzko txostena argitaratu du. Horren arabera, urtebetean bikoiztu egin da indarrean dauden hitzarmenen kopurua. Azken lau urteetako ehunekorik altuena lortu da, 2014an baino %1,3 txikiagoa izanik. Negoziazioen iraupena 627 egunekoa izan da, 2017an baino 136 egun gehiago.

Negoziazio kolektiboa izan zen greben %57,9ren eragilea 2018. urtean, eta deialdien eraginpeko langile guztien %33k parte hartu zuten grebetan. Hitzarmenak berritzeko nahia izan zen, beraz, lan arloko protesta gehien eragin zituen faktorea EAEn, eta Lan Harremanen Kontseiluak egindako azterketaren arabera, iaz urtarriletik abendura bitartean bikoiztu egin zen indarrean zeuden akordioen kopurua.

2018ko urte hasieran EAEko langileen %22,5ek zeukaten hitzarmena indarrean eta urtearen amaieran ehuneko hori 47,3ra igo zen; hau da, lau langiletik batek sinatu zuen akordio berria. Bikoizketa horretan pisu handia izan du ituna luzatuta baina berritu gabe zuten langileak gutxitu izanak; iraungita dutenen kasuan jaitsiera ez baita hain nabarmena izan.

Luzatuta zutenak %58,1 ziren urtarrilean eta %37,8 abenduan; iraungitakoen kasuan, aldiz, %19,4 ziren urte hasieran eta jaitsiera bost puntu portzentualera ez zen iritsi (%14,9).

«2014ra arte egin beharko genuke atzera ekitaldiaren amaieran hitzarmenak eguneratuta (erabateko indarraldian) dituzten langileen ehuneko handiagoa aurkitzeko», nabarmendu du Lan Harremanen Kontseiluak. Kopurua %48,6an kokatzen zen 2014ko abenduaren 31n, iazko urte bukaeran baino %1,3 gorago.

Datuak testuinguruan ipintzeko, azaldu behar da negoziazio kolektiboko akordioei atxikitako soldatapekoak 577.433 zirela 2018aren amaieran –eta multzo honen barnean aurkitzen dira kontratua galdu eta oraindik berreskuratu ez dutenak–.

«Guztizko unibertso» horretatik at daude funtzionarioak edo hitzarmen baten eremu funtzionalaren eraginpean inoiz egon ez diren langileak (tartean autonomoak edo etxeko langileak).

Estatu espainoleko akordioak

Lan Harremanen Kontseiluak nabarmendu duen legez, EAEko sektoreetako negoziazioa da hitzarmena eguneratua duten langileen zenbatekoa igotzearen arrazoi nagusia. Izan ere, 21 hitzarmen sektorial erregistratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Estatu espainolean sinatu eta EAEn eragina duten 31 hitzarmen ere izan dira.

Akordio horiek «askoz biziagoak» izan zirela onartzen du kontseiluak berak, batez ere Araban eta Bizkaian. Ikustekoa da EAEn eragina duten Estatu espainoleko paktuek zer-nolako bilakaera daukaten urte baten buruan. Urtarrilean langileen %40,7 zeuden halakoen babespean eta portzentaje hori %34,5 igo da, lau langiletik hiru horien babespean egon arte (%75,2).

Iraungitako hitzarmenek azken bost urteotan jo dute gailurra, izan ere, 2013ra bitartean indarrean zeuden akordio oro, Estatu espainolekoak izan edo hemen negoziatutakoak izan. 2017a izan zen akordioa iraungita zuten langile gehien batu zen urtea: 110.398 behargin zeuden babesik gabe eta iazko urtean zifra hori 86.027ra jaitsi zen.

Enpresako hitzarmen kolektiboei dagokienez, ia hutsala da ituna iraungita duten langileen kopurua (%0,4). Ehuneko txiki horren arrazoia da –eta Kontseiluak hala ziurtatzen du– sektoreko hitzarmenak daudela enpresakoa iraungita duten langileei babesa emateko. «Nolanahi ere, enpresako negoziazioak estaldura mailaren gainean duen eragina mugatua da, hauen babespeko langileak %25etik behera baitira», dio.

Negoziazioen iraupena

Negoziazio kolektiboa izan da iazko urtean greba gehien eragin dituen arrazoia; bada, negoziazioaren iraupena jasotzen duen atal bat ere badu txostenak. Hitzarmen sektorialei dagokienez, batez beste 627 eguneko iraupena izan zuten iazko prozesuek; hau da, aurreko urtean baino 136 egun gehiago.

Soldata igoera izan da negoziazioen punturik garrantzitsuena eta %1,86ko igoera lortu zen EAEko hitzarmenetan (%1,78 Estatu espainolekoetan). Lanaldien murrizketa akorduen %8,5ean izan da; urteko lanaldia, batez beste, 1.687 ordukoa adostu da EAEn; Estatu espainolean negoziatu diren itunetan, aldiz, 1.719 ordu planteatu da.