Asier AIESTARAN
PILOTA

Irribarrria eta Zabaleta, moralez topera finalerako

Beste erakustaldi batekin itxi zuten finalerdietako ligaxka eta oso faborito irtengo dira apirilaren 7an.

VICTOR-ALBISU 12

IRRIBARRIA-ZABALETA 22


«Garrantzitsuena sentsazio onekin amaitzea zen, finalera ahalik eta konfiantza handienarekin heltzeko, eta hori lortu dugu. Ni eroso aritu naiz, gustura nabil, eta Jose Javierrek ere sekulako pilotakadak jo ditu», halaxe laburbildu zuen Iker Irribarriak atzo Labriten Victor eta Albisuren aurka lortutako garaipena.

Eta halaxe da, izan ere, Aramako aurrelaria eta Jose Javier Zabaleta hasieratik ziren Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusietako batzuk, baina jada finalerako bi aste bakarrik geratzen diren une honetan pronostiko hori gero eta garbiagoa da katedrarentzat.

Atzo esaterako, eta jada sailkatuta egon arren, Aspeko bikoteak oso partida serioa egin zuen Labriten, finalerdietako ligaxka garaipen batekin amaitzeko: 12-22 berriz ere erdizka geratu ziren Victor eta Albisuren aurka. Erdizka jokoan –tanto onak bai, baina huts galantak ere bai–, zeren emaitzei dagokienez garaipenik gabe itxiko dute ligaxka.

Lehen tantotik indartsu

Hasieratik ireki zuten tartea markagailuan Irribarriak eta Zabaletak. Aurrelari gipuzkoarra oso inspiratuta ibili zen lehen pilotakadatik eta bere lau tanto bikainekin 0-6 aurreratu ziren urdinak. Bereziki ikusgarria izan zen 0-4koan jo zuen sotamanoa, gerora etorriko ziren beste dozena erdi pilotaka distiratsuren aurrerapena izan zena.

Erakustaldiak beste zenbait tantotan jarraitu zuen –ikusgarriak 3-7koa gantxoarekin eta 3-8koa txokoan utzita–, baina apurka-apurka Albisu jokoan sartzen joan zen, eta Victorrek tarteka tanto on batzuk ere egin zituen. Kostata bada ere, 7-9 eta 8-10 hurbildu ziren gorriak.

Tarte horretan aipagarrienak Albisuk 6-9an txapa gainera moztutako pilota eta Victorrek ia segidan egin zituen bi gantxoak (7-9 eta 8-10). Baina aurreko bi partidetan gertatu bezala, egindako tantoak adina edo gehiago izan zituzten galdutakoak. Batez ere aurrelari errioxarra izan zen etengabe aurkariei aukerak eman zizkiena.

Hala, bigarren zatian erraz erabaki zuten neurketa urdinek. Zabaletak ere sekulako pilotakadak jo zituen eta Irribarriaren zenbakiak sekulakoak izan ziren azkenerako: 11 egindako jokoan, bat gehiago sakez, eta hiru bakarrik galdutakoak.

«Iker oso ongi ikusi dut hasieratik, asko asmatzen, eta horrek konfiantza eman dit niri ere bigarren zatian hobetzeko. Oso gustura gabiltza, eta ea apirilaren 7an ere horrela izaten den», eskatu zuen Zabaletak.

Egun handietako giroa biziko du gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuak

Finalerdietako ligaxka gaur amaituko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan Altuna III-Martija eta Elezkano II-Rezusta bikoteen arteko partida erabakigarriarekin (18.00, ETB1). Mota honetako neurketak jokatzera ohituago daude Jokin Altuna eta Julen Martija, final-laurdenetako ligaxkan jardunaldi askotan egon zirelako kinka larrian eta finalerdietan ere, aurreneko dema galdu ostean, bigarrena ia-ia erabakigarria bilakatu zitzaielako.

Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, aldiz, aise sailkatu ziren finalerdietara, eta bigarren ligaxka ere garaipen batekin hasi zuten, baina puntu honetara iritsita ezer gutxirako balio du horrek: gaur galtzen badute finalik gabe geldituko dira. Irabazten badute, berriz, bigarren urtez jarraian jokatuko dute finala elkarrekin, eta bereziki nabarmentzekoa litzateke Bergarako atzelariaren marka, laugarren finala izango bailitzateke segidan: 2016an Irujorekin (galdu, Iberokoak min hartu zuelako), 2017an Irribarriarekin (22-14 irabazi, Bengoetxea VI-Larunberen kontra) eta iaz Elezkano II.arekin (22-9 galdu, Ezkurdia-Zabaletaren aurka).

Osagai horiek guztiak kontuan hartuta, eta laukoteko bi pilotari gipuzkoarrak direla gainera, giro aparta espero da gaur 17.00etan hasiko den jaialdirako. Atzo arratsaldean apenas geratzen ziren kantxako eserleku batzuk salgai, eta Atanoko harmailek sekulako irudia eskainiko dute. Ea ikuskizunak ere behar bezala laguntzen duen.A.A.