Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Hibai Etxebarriak kontzertu berezi eta bakarra emango du

Loraldian baino ez da izango Hibai Etxebarria orkestra batekin jotzen ikusteko aukera. Hamabost musikari batuko dira «Hibai eta lagunak» emanaldian, «Trip Tics III-IV» disko berria aurkezteko. Jazz doinuetatik musika klasikora, denetarik sortzeko gai da. Gitarra eta pianoarekin, soka orkestra bat eta jazz musikariak izango ditu alboan.

Musika sortzaile oparoa da Hibai Etxebarria. Musika irakasten du Lauro ikastolan. Hainbat instrumentu jotzen ditu eta musikari lotuta bizi da. Baina aske. Maiz aritzen da Oiartzungo Mecca estudioan kantuak grabatzen. Eta hiru piezaka argitaratzen ditu, «musika elektronikoaren eraginez» berak aitortzen duenez. «Triptikoen ideia gustatzen zait, hirunaka egiten diren koadroak, izaera propioarekin eta batera nortasun handiagoa dute». Musika elektronikoa biniloetan argitaratu ohi da, baina ez dauka horretarako aukera eta baliabide aski Hibai Etxeberriak. «2017an egin nuen lehen esperimentua, eta orduan “Trip tic I eta II plazaratu nituen CD batean». Orain beste labealdi bat plazaratu berri du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin.

Ez dauka estilo jakin bat. «Nik abestiak sortzen ditut, eta mailarik onenarekin grabatzen saiatzen naiz», aitortu zuen Loraldirako prestatu duen kontzertuaren berri ematean. Euskalduna jauregian izango da martxoaren 31n. «Nire inguruan oso jende ona daukat, goi mailako musikariak eta orkestrak», gaineratu zuen, eta horrelako jendearekin aritzen da kantuak grabatzen.

Egur usaina

Normalean Oiartzungo Mecca estudioan aritzen da, prestatutako kantuak grabatzen. «Orain arte 24 kantu-edo editatu ditut, baina askoz gehiago daude grabatuta», zehaztu zuen Hibai Etxebarriak bere lan prozesuaz mintzatzean. «Sortze eta grabazio prozesu etengabean nago, azken 15 hilabeteotan hiru disko atera ditugu eta beste hirurako materiala grabatuta daukagu», esan zuen. Estudioan kantuak osorik grabatzen dituzte, eta ez dituzte baliabide teknologikoek ediziorako eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatzen; «musikaren oinarrietara jotzen dugu guk, gure soinua analogikoa eta organikoa da guztiz, eta egur usaina du gure disko bakoitzak».

«Ez neukan zuzenean jotzeko asmorik», aitortu du diskoa aurkeztean, baina Loraldiaren aukera sortu zen. «Zailtasun asko dauzkat mugitzeko, kontzertuak egiteko, baina Euskaldunan kontzertua ematea, eta gainera formatu handiarekin, aukera paregabea zen», aipatu zuen baikor. 15 musikari arituko dira agertoki gainean, eta guztira 25 laguneko lantaldea. «Aukera bakarra izango da, kontzertu hau ez da errepikatuko eta inoiz zuzenean jo gabeko kantak ere joko ditugu», gaineratu zuen pozik Etxebarriak.

Jazz hirukote moduan aritzen da maiz Ander Garcia eta Carlos Sagirekin, kontrabaxua eta bateria, hurrenez hurren. «Euskal doinuen jazz bertsioak egiten ditugu, Su Ta Gar edo Benito Lertxundiren kantak hartu eta gure modura moldatzen ditugu», kontatu zuen.

“Trip Tic III” lanari “Euskarazz” deitu dio, non euskarazko hiru kantu batu dituen jazz forma emanez. “Trip Tic IV” lanean hiru lore deskribatzen ditu, eta horretarako hiru hizkuntza erabili ditu: euskara, frantsesa eta ingelesa.

Jazz hirukotea edo orkestra bat, gitarrarekin edo piano luze baten aurrean, soka orkestra eta zeharkako flauta. Trikitilari bat eta musika klasikoa. Hori guztia eskaintzen du Hibai Etxebarriak. Hori guztia erakutsi nahi du Euskalduna jauregian datorren igandean (19.00) Loraldiaren egitarauaren barruan egingo duen kontzertuan. “Hibai eta lagunak” emanaldia berezia izango da, bere musika berezia den modu berean. Bost hizkuntza –euskara, gaztelania, italiera, frantsesa eta ingelesa–, estilo ezberdinak –jazzetik, folklorera zein klasikora–, ahots bereziak, horien artean Valentina Ridolfirena, eta kantu batean dantzari bat ere bai.