30/03/2019

EDORTA JIMENEZ
IDAZLEA

Zakur desagertuen kasua ikertzen ari diren bi ertzain jubilatu eta trama horretan korapilatuta dagoen «aingeru mendekatzailea» dira «Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua» (Txalaparta) eleberri beltzeko protagonistak. Harekin, botere mota ororekiko gogoeta egiten du Edorta Jimenezek.

«Oihana dira legeak, eta oihan horretan batzuk zoragarriro mugitzen dira»
Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0330_kul_edorta1

Bi ertzain jubilatu. Aingeru mendekatzaile bat. Politikari ustelak. Zakur desagertuen katramila. Urbanismo gehiegikeriak. “Games of Thrones” estiloko ezkontza bat... Eta, batez ere, boterea(k), eta horiek atzetik dakarten soka luzeari kritika. Koktelera topera beteta eta salaketak kateatuz prestatu du Jimenezek “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” (Txalaparta), hamar urteren ostean argitaratu duen fikziozko eleberri berria.

Badira hamar urte «Stock 13» argitaratu zenuenetik. Ordutik ziur ez zarela idatzi gabe egon...

Literaturatik ez oso urrun ibili naiz. Euskal Memoriaren “Euskal Herriko pegatak” liburu bietan aritu naiz testugile eta EMko beste kontu batzuetan ere bai; Omar Nabarroren [Jimenezek poesia lanak sinatzeko darabilen ezizena] “Haragizko amorea” egin genuen Rafa Rueda eta Jaime Nietorekin, eta agertokira eraman genuen Joseba Barrenetxearekin... liburuak harrera ona izan zuen kritikaren aldetik baina ni ordurako kanpoan nengoen eta merkatuan ez zen ondo joan. Terribleagoa izan zen “Ispiluaren kalteak” (2008) kritikak ondo hartu ez izana, hor konturatu nintzen belaunaldien arteko etenaz: zelako literatura egin nuen nik liburu horretan eta zelako literaturak duen gaur egun irakurleen aldetik onarpena. Ze, funtsean, irakurleen esku uzten dugu dena.

“Mirande” kabaretean ere aritu nintzen. Eta fikziozko azkena “Stock 13” izan zen, hor konturatu nintzen euskal literaturaren muga batzuekin.

Ze eratako mugak?

Liburua pornografikotzat edo hartu zen. Azalarekin [zakil baten argazkia eraman zuen azalera] zerbait urratu nahi izan nuen, liburuan azalei buruzko gogoeta bat bazegoen... Ez dugu ahaztu behar literaturaren gainean beti egon dela zentsura. Zentsuratuak izan ziren Flaubert, Joyce... pentsatzen nuen nik funtzio bat baldin badaukat literaturan, dibertitzeaz gain, beti izan behar dela zerbait urratzea. Eta liburu hori horrela hasi zen. Memoria liburua zen, nolabait fikzionatua.

Eta «Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua» nola abiatu zen?

Orain dela urte bi edo, (H)ilbeltzakoekin [Baztaneko genero beltzeko literatura jaialdia] egon nintzen Zarautzen. Nik beti defenditu izan dut horizontalitatea, deszentralizazioa kultura dominantearen kontra, eta ideia zoragarria zen Baztanen hori egitea. Aurkeztea pentsatu nuen eta paper artean begira liburuko lehen elkarrizketa etorri zitzaidan; horrek ekarri zuen beste guztia. Beste alde batetik, banekien nik bizi izandako egoera islatu nahi nuela.

Gertaera jakin batez ala egoera orokor batez ari zara?

Bizitzan, beharbada guztiei ez, batzuei bai, halako batean tokatzen zaigu bizi izatea gure zulotxoan egoera bat, sitsak egindako zer hori, eta hortik begiratu eta unibertso osoa ikusten da. Borgesek Alepha deitu zion [“El Aleph”, 1949] eta esan dezagun nire egoeraren bidez Bizkaiko ustelkeria guztia ikusi nuela, boterearen funtzionamendua, alderdi nagusien funtzionamendua eta hori guztia. Ni, gainera, gizarte ekintzailea naiz eta beste ezer baino lehen Urdaibairen egoera ikusi nuen: publikoak jakin baleza legeak zein korapilatsuak diren eta iruzur egiteko zein ondo josita dauden... sinistu ere ezin lezake egin. Oihana dira legeak, eta oihan horretan batzuk zoragarriro mugitzen dira. Aise. Eta besteok galdu egiten gara. Erronka zen, horraino iritsi gabe, ustelkeriari buruz idaztea.

Nobelan aipatzen diren lekuetako bat gu gauden hau da, San Mames Barria.

San Mamesek bere funtzioa betetzen du, ze Cabacas hil zuten egunean ni hemen egon nintzen. Eta protagonista nagusietakoa den ertzain bat ere, Camboya, hemen egon zen [fikzioan]; beretzat sekulako kolpea izan zen eta bizitza ikuspegia aldatu zitzaion. Horregatik hautatu nuen. Baina liburu honetan garrantzizkoena narrazioa da, eta narrazioaren menpe hizkuntza: idazleak irakurlea konbentzitu egin behar du kontatzen diona sinesgarria dela.

Ze baliabide erabili dituzu kontakizuna sinesgarri egiteko?

Sinesteko hizkuntza erabili behar da. Ze pentsa ditzagun gauza bi: nola hitz egiten dute aingeruek eta ze sexu daukate? Aingeruen mintzoa nork aditu du? Nolabait Duvoisinen Biblian badago euskara posible bat, aingeruena litzatekeena, lapurtera klasiko guretzat urruna. Hala etorri zen pertsonaia hori, lehendik oso landuta neukana.

Erink da pertsonaia hori, aingeru mendekatzailea omen, ez ar ez eme dena, edo biak batera. Nola sortu zenuen?

Oso berezia da Erink hau. Zorotzat jotzen diren batzuen gaitasunak ikaragarriak dira. Esan nahi dut koadro psikologiko zer bat daukala eta horren barruan dago guztiaz oroitzea, hizkuntza asko jakitea, irudimena... Eta, haren bilaketan, hirugarren pertsonak [Erink etxean hartzen duen izenik gabeko pertsonaia] ikertu egiten du. Aingeruak badu bere barne labirintoa, egundoko indar zentripetua, bere erdigunera erakartzen zaituena usaimenaren bidez, eta hau sartu da Erinken labirintoan. Aingeruek ez baitaukate sexurik, hor dago misterioa.

Ez aingeruak bakarrik, hirugarren pertsona hori ere gizona edo emakumea den ez daki irakurleak.

Hori zen jokoa. Denetarik esan didate. Aldarrikatu edo aipatu nahi nuen baita ere sexu ezberdinaren edertasuna. Eta hori da tituluaren misterioa ere: ostadarrak lurra ukitzen duen lekua. Euskal tradizioan kokatu nahi nuen, ostadarrari buruz aztertu, eta topatu nituen Azkuek bildutakoak, ostadarrak lurra ukitzen duen lekuan harrapatzen duenari zer gertatu ahal zaion, baina hori ez dut kontatuko, nobelaren amaiera da-eta. Sexu identitatearen kontua mundua bezain zaharra da.

Balizko aingeruak, mendeku hartzeko, txakur desagertuen afera darabil.

Txakurren gai hori dago, ze nobela zirikatzailea da. Noiz ikusi ditugu aberatsak inoren kakak biltzera makurtzen? Inoiz ere ez. Orain, txakurren, ez-gizakien, kakak biltzera makurtzen dira eta beren nagusien ipurdiak etorkinek, hau da, esklabo berriek, garbitzen dituzte. Paradoxa horren barruan bizi gara. Txakurrena gizarte aldaketa horren iruditzat har liteke.

Txakurren trama hori aztertu egin behar da. Camboya-Mac-Jon Andoni-Jontxu [pertsonaia lau izen horiez da ezagun giro ezberdinetan] ertzain zenean txakur borroka ilegalak ikertzen ibili zen, horregatik sartzen da traman.

Nik hor sartu ditudan aipu guztiak Bilboko pravda-tik [errusieraz, egia] hartuak dira. Borge komandanteak esan zuen legez, Europan txakurrak hobeto bizi dira gu Nikaraguan baino. Eta egia da. Mundakan zakurrek bederatzi hilabetez daukate hondartza libre, eta nire anaiak fobia dienez ezin du hondartzara joan. Zakurrek gure eskubideen gainetiko eskubideak dituzte.

Zergatik horrenbeste izen pertsonaia berarentzat?

Niri batzuek Eduardo eta besteek Edorta esaten didate, eta soldadutzan Ormaetxea [amaren abizena] esaten zidaten espainolek; ez zuten nire Jimeneza onartzen euskaraz hitz egiten nuelako. Niri bost. Badakit nork nola hartzen nauen. Joko hori egin nahi nuen. Camboya, labur esanda, ertzaintza barruko torturatzailea izan da. Asko irakurri dut hau esan ahal izateko, ezagutu ditut tratu halakoak hartutakoak eta ni ere torturatua izan naiz, elektrodo bi jarri zizkidaten gorputz guztian eta batez ere ipurdian eta potroetan. Torturatzailea lehen aipatu dizudan elkarrizketa horretan agertu zen. Nik ez neukan Camboyarik buruan. Berarekin batera agertu zen emakumezko ertzain hori, Del Castillo.

Aintzane del Castillo, «Gaztelu» ezizenez. Camboya eta bion artean ikertuko dute afera.

Badakit emakumezkoek zailtasunak eta oztopoak izan dituztena denetan, eta segitzen dutela, baita Ertzaintzan ere. Asmatu ditut hitz batzuk Camboyak gorrotoz esaten dituenak, alujale, aluzale... behar ziren hitz horiek euskaraz. Eta ez naiz sexura mugatu, ze maitasun istorio bortitz bat ere badago emakume biren artean [Gaztelu eta Rosa].

Hizkuntza zaindu duzu bereziki. Hiztegia, bizkaiera, hika...

Kartzelatik irtendako euskaldun zaharrek, ez dakit konturatu zaren, batuan hitz egiten dute. Eta Rosak ere hala egiten du. Pertsonaiek behar dute zeinek bere hizkera eta zertzelada, eta saiatu naiz irakurlea konbentzitzen hau Lumon, Gernikan edo Bermeon gertatu dela. Euskararen jokoa inportantea da. Camboyak eta Gazteluk hitzartzen dute hitanoa erabiliko dutela, baina tarteka [Camboya] Jon Andoni sarjentua da eta bestea ertzain hutsa, eta Jon Andonik agintea hartzen duenean bestea hasten zaio zuka, edo berorika. Lehengora gatoz. Hor ere euren botere joko hori dago, hasieratik ikusiko du irakurleak, lehen orrietan, nola Gazteluk esaten dion ‘ni ez naiz heteroa’ eta bestearen erantzuna da ‘horrek ez du axola, hemen kontua boterea da’, eta boterea zertan datzan sexu harremanetan eta gorputz tratuetan erakusten dio. Camboyak erakutsi zion Gazteluri zer zen boteretsu izatea.

Boterea bada eleberrian oso presente dagoen gai bat.

Guztian. Norbaitek bere txaletean bunkerra badu boterea daukalako da. Torturatzailearen inpunitatea botere erakustaldia da, baita sexu harremanetakoa ere, norbaitek gau batean lortzen badu ernaldurik izatea eta umea izatea horren bidez badu boterea, eta informazioa pasatzeko boterea ere badago. Liburu hau dena da txistez eta zirikadez betea... Esate baterako, liburuko pasarterik ederrenak berridazketak dira.

Zeren berridazketak?

Berridatzi dut Joseph Conrad, ez dakit inor konturatu den, eta baita Raymond Chandler-en amaiera bi ere. Chandlerrenak dira Erink eta hirugarren pertsona museoan daudenekoa, eta Camboyaren azken kapitulua. Hasierako asmoa zen liburua jostea intertestuekin, baina ez nintzen azkeneraino iritsi. Axular, Duvoisin, Sarrionandia, [Irati] Jimenez... sartu ditut batzuk, joko hori egin nahi nuelako.

Trama zentralaz gainera, hainbat botere gehiegikeria ere aipatu nahi izan dituzu. Kosta zaizu denak elkarri jostea?

Sareak batzeak badu bere lana. Agintearen kontua hor dago, ze azkenean nork agintzen du politikan? Nortzuk dira guztiaren gainetik daudenak? Nork dauka txalet hori legez kanpo? Nork egin ditu tunel bi bat agindu zuen lekuan? Eta zer esan du gizarteak? Nola egin dute munduko metrorik garbiena? Izan zitekeenaren posibilitatea ere hor dago, ze ez zen posibilitate bakarra Bizkai garbi, zuri hau egitea. Txakurrei lotuta sartu ditut egungo negozioak, zaharren egoitzak... eta dena lotu behar zen, horregatik ditu 400 orrialde nobelak, ze zabaldutako sareak gero batu egin behar dira.

«Disney mundu ergel batean bizi gara»

Familia loturak ere inportanteak dira eleberrian. Camboya ertzainarena kasu.

Hala da, bai. Familia transmisioa ere bada nobelako beste gai bat. Aitite dago, ez duena ontzat hartu semearen erabakia [segurtasun pribatuan eta gero Ertzaintzan sartu izana] eta honek ere ez deritzo ondo semearen bideari, baina semea da etxera datorrena «torturatzaile» esatera. «Jarrai-ko putakume horiek esaten dizute hori eskolan», da aitaren erantzuna. Idatzi ahala konturatu nintzen familia erretratua egiten ari nintzela. Ze, ni, Bizkaiaren erdiaren tradizioa naiz.

Ze zentzutan?

Gure ama abertzalea zen, EAJko sutsua, eta aita anarkista, ez zekien euskaraz. Biak ziren menderatuak, gerra galdu zuten. Gure aitak ez zuen bere burua espainoltzat baina Mundakako gizartearentzat espainola zen. Aitarentzat, ama-eta gerra galdu zutenak ziren, Santoñan entregatu zirenak. «Hemos perdido la guerra por vosotros», esaten zuen. «Y vosotros matando curas», amak, «y más que tendríamos que haber matado», aitak. Hori, Gabon gau batean. Hura izan zen gure etxean politikaz hitz egin zen aldi bakarra.

Bizkai eta Gipuzkoa aldean asko gara jatorri bikoak. Historia injustua izan da eta jendarteak ez du aurrera egiten, eta autodeterminazio eskubideak ere ez du egingo hau kontuan hartzen ez bada. Hartu zuen kontuan Jon Maiak “Riomundo”-n, baita orain Hezurbeltzak-ekin ere. Hezurbeltzak dira kanpotik etorritakoak. Gure aita Francok ekarri zuen hona preso Gernika berreraikitzera, eta gero trena egitera, eta hori ez dago aitortuta. Urtero ari dira bonbardaketaren oroimenarekin, baina noiz ostia hasi behar dute kontatzen berreraikuntzaren historia, nortzuek osatu zuten Gernikako kolonia penitentziarioa eta nola hil ziren 200 preso Gernikan? Hau guzti hau konpondu egin behar da.

Familiez ari garenez, arreta ematen du Gazteluren alabaren ezkontzaren kapituluak. Esaten du zerbait bizi garen gizarteaz.

Bai. Inportantea da “Game of Thrones” ezkontza hori, baina ustekabeko ederra hartuko duzu Interneten begiratzen baduzu: estilo horretan ezkontzeko dena duzu, jantziak, altzariak, edariak... den-dena. Zer esan nahi dudan atal horren bidez? Bizi garen jendartean hutsalkeriari balioa ematen zaiola. Anne Igartiburu han goian, Dragon Stonen ezkondu zen. Eta ezkontza bera ere berez komedia da: zergatik ez dugu guk gure komedia egiten gure gustuko telesailarekin? Hori etorri zitzaidan Disney ezkontza batean. Ze badago kontzeptu hori, Disney maitasuna bezala, non zinera zoazen eta zirriak egiten dizkiozun lagunari palomitak jan eta Coca Cola edaten duzuen bitartean... dena da hutsalkeria eta zoriona.

Ba izan nintzen azken ezkontza Disney ezkontza bat izan zen: zeremonia goitik behera zinematik kopiatuta, hitz batzuk senarrari, haren izenean ez dakit nork, gero emaztegaiari, zizka-mizkak kanpoan eta hitz gehiago, topak, dantza amaginarrebarekin... Haluzinantea. Arratsaldeko 8etan alde egin nuen, ez dakidana da nola eutsi nion 8ak arte. Lotsatu egiten nintzen guztiarekin.

Disney munduan bizi dira batzuk. Dena da zoriona, dena dago ondo, ikusi bestela ETB, nahiz eta egundoko sarraskia izan munduko ezein bazterretan esatariak irribarrea galdu gabe esaten du «eta orain goazen ez dakit nora». Disney mundu ergel horretan bizi gara.A.A.

HIZKUNTZA


«Pertsonaiek behar dute zeinek bere hizkera eta zertzelada, eta saiatu naiz irakurlea konbentzitzen hau Lumon, Gernikan edo Bermeon gertatu dela»

PARADOXA


«Aberatsak txakurren kakak biltzera makurtzen dira eta beren nagusien ipurdiak etorkinek, hau da, esklabo berriek, garbitzen dituzte. Paradoxa horren barruan bizi gara»

INTERTESTUA


«Hasierako asmoa zen liburua jostea intertestuekin, baina ez nintzen azkeneraino iritsi. Axular, Duvoisin, Sarrionandia, Jimenez... sartu ditut batzuk, joko hori egin nahi nuelako»