Ariane KAMIO
AULESTI

Emakumeen oholtza

Aulestiko Antzerki Topaketek hamalaugarren edizioari ekingo diote gaur. Larunbatera bitarte, antzerki ikasleei eskainitako tailerrak izango dira eta beste zati ireki bat ere izango du, jaialdiarena. Aurtengoan zortzi obra oholtzaratuko dira publiko orokorrari eskainita. Tailerretako irakasleak eta eszena gainean jarriko diren obretako zuzendari edo interpreteak emakumeak izango dira. Haien ikusgarritasuna ahalbidetzeko plaza izango da aurten Aulesti.

Emakumeak lehen lerrora ekarriko dituzte aurtengo Aulestiko Antzerki Topaketek, gaurtik hasi eta larunbatera bitarte. Artedramak hamalaugarrenez antolatu ditu topaketok, eta antzerkiaren alorrean emakumeek duten garrantzia eta presentzia areagotu nahi dute hitzordu honetan. «Iazko topaketetan sortu zen ideia hau. Gure artean hitz egiten konturatu ginen euskal eszenan oso ekarpen interesgarriak egiten ari zirela emakumeak, bai zuzendaritzetan eta baita beste lanetan ere, baina ez zeukaten nahikoa ikusgarritasun. Gu talde bat baino ez gara, baina badugu Aulestiko plaza. Gure kezka horretan baldin badago, agian gure plaza eskaini beharko genieke emakumeei, pentsatu genuen». Iasone Parada Artedramako kidearen hitzak dira, aurtengo topaketen diseinuaren ernamuina non dagoen galdetuta erantzuten duena. Hortaz, bai tailerretan eta baita eskainiko diren ikuskizunetan ere emakumeak izango dira protagonista nagusi.

Bi alor

Aulestiko Antzerki Topaketak bi alorretan banatzen dira. Batetik, ikasleei eskainitako tailer itxiak. Bestetik, jaialdia, irekia, non euskal antzerki taldeen obrak eskaintzen diren. «Egunean zehar, zortzi orduz, ikastaroak egoten dira astelehenetik larunbatera hamalau ikasleko talde batentzat. Izen ematea ireki genuen otsailean eta hamar bat egunetan bagenituen hogei eskari. Errepikatzaile ziren ikasle batzuei berriei lekua uzteko eskatu behar izan diegu», azaldu du Paradak.

Aurtengoan bost irakasle izango dira tailerretan, bostak emakumezkoak: Laura Penagos, Laida Azkona, Getari Etxegarai, Esti Zaldua eta Iraia Elias. Eta, urtero bezala, aurten ere proiektuak martxan dituzten irakasleek beren obrak erakutsiko dituzte publiko orokorraren aurrean. Hala, Laida Azkonak “Tierras del Sud-Bilduma” aurkeztuko du, Getari Etxegarai larunbatean eskainiko den “Mami Lebrun” ikuskizuneko zuzendaria da, Esti Zaldua da “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” laneko zuzendari eta interpretea.

«Irakasleak emakume izatearen ideia horretatik abiatuta, pentsatu genuen jaialdiko ikuskizun guztiak ere modu berean perfilatzea. Hots, emakumeak zuzendaritzetan edo idazkeran edo emakumeek sortuak diren proiektuak ekartzea», gaineratu du Paradak.

Hala, Aulestiko Antzerki Topaketetan, publiko orokorrari eskaintzen zaion jaialdian, emakumeek sortu, antzeztu edo zuzendutako lanak izango dira ikusgai. Aipatutako antzezlanez gain, gaur “7ak bat” ikuskizuna oholtzaratuko du ATX Teatroak, bihar “Bizimiñak” eramango du Itzel Produkzioak Aulestira eta Ainhoa Alberdik eta Jurdana Otxoak “Zapatak” aurkeztuko dute. Etzi, asteazkena, “Manifestu bat” ikusi hala izango da, Beheko Larraineren eskutik, baita Txilando Antzerki Tailerraren “Fiñistterre” ere.

Astelehenetik ostegunera aurreikusitako antzezlanak udal aretoan egingo dira. Ostiralean eta larunbatean, ordea, jendetza batu ohi da Aulestin eta oholtzaratu beharreko obrak frontoian eskainiko dira.

Artedramak antolatutako topaketak badira ere, Aulestiko Udalak eta batez ere herritarrek eskaintzen duten laguntzan jarri du azpimarra Paradak. «Jendeak asko laguntzen digu, edozein behar daukagula ere, beti daude laguntzeko prest».