GARA
DONOSTIA

Bertako sagarrondo barietateak indartu nahi ditu Neiker-Tecnaliak

Sagarrondoaren ekoizpenean, kudeaketa sistema modernoetara ondo egokitzen diren barietateak lehenetsi direla adierazi du kezkatuta Neikerrek, banaketa lana kate handien esku dagoela ikusita. Testuingurua aldatu nahi du «Toki Pommes» proiektuak eta Euroeskualdeak 44.243 eurorekin finantzatuko du barietateen ebaluazioa.

«Sagarrondoaren egungo ekoizpen sistema barietate kopuru txiki batera dago mugaturik eta horiek molde intentsiboko landaketetan lantzen dira», adierazi du Neiker Tecnalia nekazaritzako ikerketa eta garapenerako erakundeak. Egoera horri aurre egiteko, hemengo baldintzetara egokituta dauden sagarrondo barietateak berreskuratzeko lanari ekin zion ikerketa zentroak.

“Toki Pommes” proiektuan parte hartzen ari da Neiker, Euskal Herriko barietate autoktonoak identifikatu, ebaluatu eta sustatzeko asmoz. Nabarmendu duenez, «Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdeak tradizio handia du sagarrondoaren hazkuntzan», eta barietateen ebaluazioaren helburu nagusiak labore askotarikotasunari eustea eta kalitate bereziko bertako produktuak sustatzea direla argitu du. Duela sei urte hasi zen zeregin honetan, ikerketa zentroak zehaztu legez, euskal sagardoaren sektorearen ekimenez. Berarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, INTIAk eta Conservatoire Vegetal Regional d’Aquitainek parte hartzen dute.

«Inguruko baldintza eko-geografiko eta ingurumenezkoetara ondo egokitutako barietate autoktono ugari daude, zeintzuk mendeetan zehar eskualdeko ustiategi txiki eta baratzeetan landu izan diren», adierazi du proiektuaren testuingurua azalduz eta haren garrantzia nabarmenduz.

Hau adierazi eta segidan, baina, kezka puntu bat mahaigaineratu du sagarrondoaren ekoizpenaren bilakaera dela-eta. Dioenez, ekoizpen sistema barietate jakin batzuetara mugatu da, eta gainera, sistema intentsiboa da, «non produktibitateak duen lehentasuna, batzuetan bestelako parametro batzuk alde batera utzita». Aipatzen dituzten beste parametro horiek zaporea, usaina edo ehundura dira, sagardoa deskribatzerako orduan askotan erabiltzen diren ezaugarriak, alegia.

Lankidetza estrategikoa

«Garapen horren bidez askotarikotasuna murriztu egin da, kudeaketa sistema modernoetara ondo egokitzen diren barietate gutxi batzuk baino ez baitira baliatzen era honetako laboreetan», ondorioztatu du, eta banaketa lana ere kate handien esku dagoela ohartarazi du, izan ere, horiek lehentasuna ematen diote barietate gutxi batzuk merkatu guztietan saltzeari.

Testuinguru hau iraultze aldera, «Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdeak» 44.243 euroko dirulaguntza emango dio proiektuari, kide ezberdinen lankidetza estrategikoa finantzatu eta «erronka berriei aurre egiteko». Neikerren ustez, «gurean ezin hobeto egokituta dauden» sagarrondo barietateak berreskuratzea «elementu ardatza izango da» eskualdeko nekazaritza ekosistemen moldakortasuna handitzeko, baita kalitate bereziko hurbileko merkatu bat bultzatzeko ere.

 

Oraingoz 95 sagarrondo barietate «ezaugarritu» dira genetikoki

Neiker-Tecnaliaren arabera, 95 sagarrondo barietate ezaugarritu dira genetikoki Euskal Herriko familia baserrietan edo haztegi instituzionaletan. Aurretik izendatutakoez gain, 36 izendapen berri aurkitu dituzte.

2014 eta 2015 artean Neikerrek laborategiko teknika doitu zuen, bertako sagarrondo barietateen ezaugarritze genetikoa gauzatzeko. 2015. urtetik aurrera, Foru Aldundien bildumetara bisitak egin zituen, hala nola Gipuzkoako hamabi eta Bizkaiko bederatzi ustiategitara. GARA