GARA
BILBO

Purcell eta Marloweren lanak uztartuta «Dido & Aeneas»-en

Henry Purcellen «Dido and Aeneas» opera eta Christopher Marloweren «Dido, queen of Carthage» antzezlana obra bakar batean uztartu ditu «Dido & Aeneas» ikuskizunak. Bi generoak erabiltzen dituen lana maiatzaren 3 eta 4an oholtzaratuko dute euskal interpreteek.

Henry Purcellen goi mailako musikak eta Christopher Marloweren edertasun poetikoak elkar besarkatuko dute “Dido & Aeneas” ikuskizunean. Arriaga antzokiaren ekoizpen lan berria da. Maiatzaren 3an eta 4an, ostiralean eta larunbatean –emanaldiak 19.30ean–, estreinatuko da antzerki musikal barrokoko ikuskizuna. Bi maisulan fusionatzen ditu: Herny Purcellen “Dido and Aeneas” opera eta Christopher Marloweren “Dido, queen of Carthage” antzezlana. Bi lan horien arteko uztarketa erronka handia izaten ari da talde artistikoarentzat eta antzezleentzat.

Une honetan entsegu fasean daude, proiektuari forma emanez. Berez pasio basatiari eta sentimenduen indarrari buruzko istorio handi hau eszenara eramatea bada erronka, baina erronka hori areagotu egiten da ikuskizun berean bi lan garrantzitsuok uztartzen direnean. Purcellen operaren konposizioak jatorrizko ingelesean entzungo dira, eta Marloweren antzezlana euskaraz aurkeztuko da. Hori dela eta, ikuskizun osoak euskarazko eta gaztelaniazko gaintituluak izango ditu.

Arriaga antzokiaren ekoizpen lan berri horri esker, Marloweren lana lehen aldiz itzuli da euskarara. Christophe Marlowe William Shakespeareren garaikidea izan zen. Izan ere, haren aitzindaritzat hartzen da. Britainia Handiko antzerki panorama modernizatzen lagundu zuen eta berarekin hasi zen isabeldar garai emankorra, Shakespearerekin berarekin puntu gorenera heldu zena. Hori dela eta, bardo ezagunarengandik oso gertu egon zen egilea da, eta hark bezala, bere ezaugarri nagusien artean adierazpen aberastasuna eta edertasun poetikoa ditu.

Interpreteak

Interprete talde zabala, ia denak euskaldunak, arduratuko da muntaia oholtza gainean jartzeaz. Proiektua gidatzeko, Arriaga antzokiak Barbora Horakova Joly zuzendari txekiar gaztearengan jarri du konfiantza. Ez da lehenengo aldia Arriagarekin elkarlanean aritzen dena. Duela bi urte “L´Orfeo” ekoizpena zuzendu zuen eta, iaz, Leonard Bernsteinen figurari eskainitako “I hate Music” kontzertuaren alderdi eszenikoa koordinatu zuen.

“Dido & Aeneas” laneko interprete taldea handia da, kantitateari eta kalitateari dagokionez. Obrako bi protagonista nagusiek, Didok eta Eneasek, bina interprete izango dituzte, musika eta antzezpena bereiziz. Horrela, Nerea Berraondo (Dido) eta Leon de la Guardia (Eneas) izango dira protagonista biei ahotsa jarriko dieten bakarlariak, abestu behar dutenean.

Antzezpenari dagokionez, Miren Gaztañaga izango da Dido eta Adrian Garcia de los Ojosek hartuko du Eneasen papera. Abeslari bat eta antzezle bat eskatzen dituen beste pertsonaia bat Belinda da, eta Naroa Intxausti abeslariak eta Lucia Astigarraga antzezleak interpretatuko dute.

Gainerako kideak euskal eszenako antzezle ezagunak dira, horien artean, Joseba Apaolaza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Mikel Losada, Idoia Merodio eta Koldo Olabarri.

Henry Purcellen partiturak Propitia Sydera Bilbao orkestra barrokoak interpretatuko ditu. Horrez gain, bakarlariak diren sei abeslarik osatutako abesbatzak indartuko du “Dido & Aeneas” lanaren ahozko indarra. Ana Sagastizabal, Ainhoa Zuazua, Alicia Manceras, Josu Cabrero, Alesander Perez eta Jose Manuel Diazek parte hartuko dute.