Ane URKIRI ANSOLA
BARAKALDO
Interview
ANE ENCINA ALVAREZ
ZUBILETA EVOLUTION ZUAZO

«Bi astetik behin jokatzen dugu etxean, baina zale gutxirekin»

Etxean jokatuko du Zubileta Evolution Zuazok Kopako fase erabakigarria, baina Ane Encina (Legazpi, 1997) beldur da harmailak beteta ikustean ez ote diren kikilduko. Jende berri eta gaztez osatuta dago taldea. Une onean eta gogotsu daude, eta legazpiarra oso pozik dago taldeak izan duen bilakaerarekin. Minutu bila joan zen Barakaldora, Bera Beran denboraldi bat eta erdi jokatu ostean.

Landutakoa landuta dagoelakoan dago Ane Encina, zeina oso gogotsu itzuli den Kopako aste erabakigarrira: «Kopa hitzak nerbio puntu bat helarazten du. Denboraldiko data garrantzitsuena da». Gogoraratzen du Elxen aurka jada bi aldiz lehiatu direla ligan.

Elxen hilabete honen hasieran jokatu zenuten.

Ondo etorri zitzaigun. Erlaxazio puntu batekin atera ginela uste dut. Bezperan egin genuen bidaia lehenengo aldiz eta ez dugu aitzakiarik. Oso gaizki jokatu genituen aurreneko berrogei minutuak baina gero beraiei ikusarazi genien titularrekin jokatzen ez badute, arazoak edukiko dituztela. Gaurkoan markagailuan gertutik jarraitzen badiegu eta titularrekin jokatzera behartzen baditugu, aukera asko edukiko ditugu.

Titularretako bat lesionatu da, Laura Hernandez.

Nahiko baja garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Maila oneko beste jokalari asko dituzte. Egia da bi partidatan min asko egin digula. Gainera, uste dut aldaketak guk baino gehiago igartzen dituztela. Eta kontuan hartu behar da titularrak orain arte batzen joan diren karga, edota Kopan, irabaziz gero, hurrengo egunean jokatzen dela finalerdia. Guk taldea gehiago mugitzen dugu eta maila paretsua mantentzen da.

Kopa hiru egunetan onena den taldeak irabazten du.

Kudeaketa onena egiten duenak. Guk, esaterako, 21.00etan daukagu lehen neurketa eta sailkatuz gero, larunbatean 18.30ean jokatuko dugu. Ez dira 24 ordu ere igaroko.

Baina prest zaudete?

Bai. Elx, Granollers eta Aula Valladoliden aurka azken hilabete honen bueltan lehiatu gara. Ideiak eta gure jokoa argi ditugu. Nik uste dut garrantzi gehiago duela neurketara kontzentratuta ateratzeak, lehiaren prestaketak baino. Partidu pila pasatu dira eta landutakoa landuta dago. Etxean jokatze hori abantaila izatea espero dut eta hainbeste jende ikusita aurkakorik ez pasatzea.

Lasesarre handia da. Jendearen erantzun ona espero da.

Bai, eta ez gaude ohituta. Bi astetik behin jokatzen dugu hemen baina oso jende gutxi etortzen da. Oso ezberdin ikusiko da. Jende berri asko gaude, oso gazteak eta ez gaude ohituta horrelako neurketak jokatzera.

Une onean heltzen zarete. Azken zortzi partidetatik bi bakarrik galdu dituzue. Konfiantzarekin zaudete, ezta?

Bai, argi dago. Lehen itzulian ihes egin ziguten neurketak irabaztekoak zirela bagenekien. Ikusten duzu sailkapena eta bederatzigarren postuan gaude. Zenbakiak begiratzen dituen batek esan dezake denboraldia ez dela ona izaten ari. Baina barruan gaudenok badakigu ia partida guztiak lehiatuak izan direla eta bigarren itzulian ikusi da lanaren emaitza.

Jaitsieraren beldur izan zarete?

Bai. Bagenekin gu baino talde eskasagoak bazeudela, baina partidak irabazi egin behar dira. Morvedrek, sailkapenean gure atzetik zegoen taldeak, hemen irabazi zigunean aldatu zen guztia. Serio hartu genuen. Porrot horren ostean bileratxo bat egin genuen, bakoitzaren ikuspuntua azalduz. Eta honen ondoren irabazi genuen A Guardan.

Zu pertsonalki nola aurkitu zara?

Aurreko denboraldiaren ondoren, konfiantza puntua errekuperatzea falta zitzaidan. Hasieran konfiantza falta hori bai nabaritu nuen. Josebak [Rodriguez] hasieratik sinetsi du niregan eta bigarren itzuli honetan defentsan hartu dut pisu gehiago. Konfiantza gehiago neukan defentsan, akatsak ez direlako hainbeste igartzen eta ez neukan hainbeste beldur huts egiteko. Denok hartu dugu zereginen bat taldean.

Bera Berara heldu zinen Arrojeria eta Fernandez lesionatu zirenean. Esperotakoa izan zen?

Egindako lanarekin gustura nengoen. Bi hilabeteren faltan iritsi nintzen eta garrantzitsuena falta zen. Errotabarrin (Ermua) jokatzetik nentorren eta konfiantzarekin nengoen. Jokatzen ez zoazen heinean, aldiz...

Minutuen bila etorri zara Zuazora. Zuk erabaki zenuen?

Bai. Joseba Rodriguezek deitu zidan urtarril edo otsail aldera. Orduan errekuperatu zen Esther [Arrojeria] eta are gutxiago jokatzen nuen. Hasieran esan nion oraindik goiz zela baina aukera interesgarria iruditzen zitzaidala.

Zuazoren proiektuak ere aldaketa handia izan du.

Iaz talde indartsu bat egin zuten baina ikusi zuten ez zela nahi bezala atera. Aurten, Joseba [Rodriguez] sartu zenetik, taldearen erdigunean hemengo jendea dago (Aalla, De Andres, Hernandez, Velasco, Manrique), eta gainerakoak Euskal Herrikoak, kanpoko fitxaketa batzuekin.

Ainhoa Hernandez bezalako jokalari batek kontratua berritzeak esanahi handia dauka.

Bai, Ainhoa kapitaina da eta klub honen ikurra. Kanpotik gentozenok beldurrez heldu ginen, ez genuen ezagutzen eta kanpotik beldurra ematen du [barrezka]. Ezagututakoan, bestelakoa da. Bera ere oso pozik dago eta guztioi kutsatu digu bere poztasuna.

Arrojeriak aitortu du oso pozik dagoela zu jokatzen ikusteaz. Zer ikasi zenuen berarengandik?

Iazko urtean, batez ere, asko lagundu zidan. Egia da ni harmailetara joatearen arrazoia bere errekuperazioa izan zela, baina niretzat izugarrizko babesa izan zen. Eta asko eskertzen dut bere lana. Iaz une txarrak izan nituenean berak asko lagundu zidan, Hasieratik oso ondo portatu zen eta uste dut berak niregan sinistu duela, baina hori ez zen dena.

Finalean bakarrik gerta daiteke euskal derbia.

Nik ikusten dut euskal finala. Askotan eman dizkiot bueltak eta Bera Berarentzat Kopa aukera bat izan daiteke, liga zaildu zaiela ikusita. Rocasari puntua hartua die eta galdu dituen neurketetako aurkariak beste aldean daude, Granollers eta Aula Valladolid. Gu ez gara hain fidagarriak, baina nik orain bertan sinatzen dut euskal finala.