Nagore BELASTEGI

ITSASOA, KOSTALDEA BAINO GEHIAGO

Itsas jarduerak eragin handia izan du Euskal Herriko ekonomian, betidanik, baina pentsatu izan da kostaldera mugatzen zela. Euskal Itsas Museo berrituaren helburua jarduera lurralde osora zabaltzen dela erakustea da, ezezagunak diren istorioen bitartez.

Noranzko berria eman diote Euskal Itsas Museoari, lehen Donostiako Untzi Museoa zenari. Donostiako portuan, piratek urtero abuztuan abordatzen duten badiaren ertzean, kokatzen da aurpegi berria erakutsi nahi duen zentroa. Xabier Alberdi zarauztarra, Historian doktorea, da bertako zuzendari berria, kudeaketa aldaketarekin bertan lanean hasi zena zuzendari zientifiko gisa. Museoaren ardura hartu du orain. «Ez gara museo handia, ez dugu baliabiderik original asko ekartzeko eta pieza handiak erakusteko mugak ditugu. Horregatik, helburua euskal itsas historiarekin harremana duten eta ezezagunak diren gaiak azaltzea eta gizarteratzea da», argitu digu Alberdik. Izan ere, mendeetan itsasoa euskal ekonomiaren ardatza izan dela badakigu, baina iruditzen zaigu kostaldeari soilik dagoela lotua, eta ez da hala. Euskal Itsas Museoak itsasoa lurralde osoarekin nola lotzen den azaldu nahi du. «Hau ez da ontzi museo bat», aipatu du Pasaiako Albaolan ere aritzen den adituak.

Euskal Herriarekin eta itsasoarekin lotuta dauden bi erakusketa dituzte une honetan martxan: Juan Aizpitarte artistak diziplina askotarikoak landuz Lope Agirreri eskaini dion “Ni, traidore”, eta Juan de Alcega jostunari buruzko “Jostun unibertsala”. Aizpitarteren lanak goiko pisuan daude eta esploratzaileak egindako bidaia islatu nahi du hainbat piezaren bidez. «Erregea pikutara bidali zuen gutuna dago hemen», esan du zuzendariak bitrina bati begira. Pasarte hori oroituz Aizpitartek bideo bat egin du Borboi erregeek gabonetan egin ohi duten agurraren parodia eginez.

Alboan, Amazonas ibaia zeharkatu zutenean esploratzaileek izan zituzten arazo eta istripuak irudikatzeko, Donostiako Piraten abordatzearen irudiak proiektatzen dira. Indigenen kultura eta erlijio katolikoaren arteko talka ere islatzen du urrea, zilarra eta irudi erlijiosoen bidez. Txoko honetan dago, adibidez, iazko urrian Getarian aurkitu zuten zilarrezko lingotea. Erakusketa osoan sumatzen da dikotomia moduko bat, Lope Agirreren beraren izaera halakoa zelako, begiratzen zuenaren begien arabera. Batzuentzat heroia izan zen, besteentzat traidorea. Horregatik, erakusketa hobeto ulertzeko panel informatiboak daude, alde batetik informazio objektiboa eskaintzen dutenak eta bestetik gertaera horiei buruz jendeak esandakoak laburtuz.

Hau guztia borobiltzeko asmoz, hilerri bat dago lurrean. «Lope Agirreri burua moztu zioten eta inoiz ez diote hileta bat egin. Aizpitartek apaiza ekarri zuen errespontsua egitera eta bedeinkatu egin zuen», kontatu zuen Alberdik eta apaizak esandakoa gogoratu zuen: «Beti deabrutu egin da, baina segur aski ez zen izan bere garaiko beste batzuk baino okerragoa». Erakusketaren osagarri bezala, postal bat atera du artistak. «Aquariumaren atzean zegoen Viveros Izaguirre-ren kartelaren argazkia da, baina ‘ros’ eta ‘Iz’ kenduta, ‘Vive Agirre’ jartzen du», esan du postalari esku artean eutsiz. Zarzuelako helbidea du atzealdean, bisitariak Felipe Borboikoari Lope Agirre barkatzeko eskatu ahal izan dezan. «Ez dakit iritsiko zaion, baina nik bidaliko diot postala badaezpada ere!», baieztatu du Alberdik barrez.

Erdiko solairuan dago Juan de Alcegari buruzko erakusketa, baina, zer egiten du jostun batek Euskal Itsas Museoan? Esan bezala, itsasoko jarduerak ez dira kostaldera mugatzen eta erakusketa honek hori oso ondo frogatzen du. Pasaiako Albaolan ontziez gain garaiko marinelen arropak berreskuratzeko proiektu bat hasi zuten. Hala, Britainia Handian dagoen The Tudor Tailor elkartearekin jarri ziren harremanetan, XVI. mendeko jantziak jasotzen adituak direnak, eta hauek esan zieten bi iturri nagusi dituztela; alde batetik Red Bay Ternuako arrantzale herrixka, eta bestetik Juan de Alcega izeneko jostunaren erreferentziak.

Hala, Euskal Itsas Museoan Alcega ikertzen hasi ziren eta informazio pila bat lortu zuten. Ospetsua egin zen lehen joskintza liburua argitaratu zuelako eta gremiokoekin gatazka izan zuelako. Izan ere, jostunek oraindik Erdi Aroko pentsamoldea zuten eta uste zuten jakintzak ez zirela partekatu behar, baina berak Errenazimentuko ideiak zituen eta jakintzak denonak izan behar zirela uste zuen. Goi mailako jostunen babesarekin (Portugaleko printzesaren jostuna, Albako dukearena, zenbait agintari…), liburua argitaratu egin zuen Madrilen eta sekulako arrakasta izan zuen Europako gorteetan, eta moda bat ezarri zuen: estilo espainiarra. Gizonezkoentzako kolore beltza zen zabalduena, boterearen ikur, eta emakumeentzat kolore gehiago onartzen bazen ere, aberastasunaren seinale diren bitxiak biek janzten zituzten.

Liburu hura matematikakoa zen ia, izan ere, bertan agertzen ziren neurri zehatzak ahalik eta oihal gutxien erabiltzeko baina motz gelditu gabe. «Bi zati ditu. Alde batetik neurriekin taula kartesiarrak egin zituen –Descartes jaio aurretik–, eta bestetik, patroiak egin zituen», esan du adituak. Alcega joskintzaren zabalkundean aitzindari izan zen bezala, beste arloetan izan ziren beste batzuk: «Martin Hoyarzabal ziburutarrak nabigazio liburu bat idatzi zuen, gero Poza Lizentziadunak gaztelaniara eta Piarres Etxeberrik euskarara ekarria. Azken hau XX. mendera arte edizio gehien izan zituen liburua izan zen».

Bere liburu hartan idatzi zuenez, gipuzkoarra zen, «Alcega etxekoa». Ez zuen zehaztu Alcega etxea non zegoen, herria bera baino ezagunagoa zelako, eta horri esker badakite Hernanikoa zela. Egia esan, Euskal Herrian oihalgintza oso zabaldua zegoen. Artilea esportatzen zuten eta oihalak ekarri, eta nola aduanarik ez zegoen, euskaldunek oso merke erosi ahal izaten zituzten oihal horiek. Hori dela eta, joskintza ofizio bezala zabaldu zen, baita ondo janzteko joera ere. Euskal jostunek ospea irabazi zuten eta Alcegaren dokumentuei tiraka beste bi euskal izen agertu zitzaizkion Alberdiri Europako gorteetan: Martin de Aliri, Habsburgoko Maria enperatrizaren jostuna izan zena, eta bere ondasunen kudeatzaile izendatu zuen Juan Vizcaino, Rodolfo II.a Alemaniako enperadorearen jostun bezala aritu zena.

Herri xehearen koloreak

Euskal ehungileek atzerritik zetozen artilezko oihalekin ezin zuten lehiatu, berez merkeak zirelako, hortaz lihozko oihalak egiten zituzten, emakumeek batez ere. «Gizonek etxetik kanpo egiten zuten lan, itsasoan edo burdinoletan, eta emakumeak izaten ziren etxeko arduradunak. Dirua lortzeko modu bat oihalak ehuntzea zen», kontatu digu historialariak. Atzerritik ekartzen zituzten liho haziak, itsasontziz, eta etxez etxe saltzen zituzten. Baserritarrek horiek erosi, landu, jaso, haria egin eta ehundu egiten zuten, eta gero etxez etxe etortzen ziren beste merkatari batzuk oihal horiek erostera, esportatzeko. Oihal horiek egiteko erabiltzen zituzten tresnak daude ikusgai erakusketan. «Irakurri dudanaren arabera, jarduera ekonomiko oso garrantzitsua zen ehungintza, baina nola emakumeek egiten zuten garrantzia kendu zitzaion», argitu du Alberdik.

Gortean ez bezala, herri xeheak jantzi koloretsuak erabiltzen zituen. Tindatzeko gaiak atzerritik ekartzen zituzten gehienak. Gorria eta purpura garestiak ziren, urrutitik ekarritakoak zirelako. Marroia euskal zuhaitzetatik ateratzen zuten eta merkea zen. Horregatik, gorria eta purpura herri xeheak aberastasuna erakusteko koloreak ziren. Horiek nolakoak ziren ikusteko Alemanian Euskal Herriari buruz egindako antzinako marrazkiak daude, baita Errenteriako Jantziaren Zentrotik ekarritako bi jantzi ere. Era berean, euskal jantziek zuten garrantziaz jabetzeko Gipuzkoako Diputazioko jauregian dagoen koadro baten erreprodukzioa dago ikusgai. Bertan 1607ko ezkontza bat ageri da, eta gonbidatuen gainean zenbakiak daude, ez adierazteko bakoitza nor den, baizik eta nongo jantziak dituzten.

Erakusketaren ia bukaeran daude kontatu dugun istorio hau guztia laburtzen duten bi piezak. Alde batetik, Juan de Alcegaren grabatu batean oinarritutako irudia, jostuna bera irudikatzen duena. «Jostunak beti berdin irudikatzen zituzten, erregela eta guraizeak mahaiaren gainean dituztela», eta hala agertzen da Juan de Alcegaren manikia. Beste gelatxo batean, The Tudor Tailor elkartearen ekarpena dute gordeta, "Juan de Alcega Project" deiturikoa. Bertan Red Bayko hilobi batean aurkitutako arropen erreprodukzioak daude, alegia, Ternuara joan zen arrantzale batenak. Txaketoia, kaikua, txalekoa eta alkandora ditu. Galtza motz eta zabalak, txalupan sartzean ez bustitzeko, eta gomarik ez zegoenez, kordelekin lotzen ziren galtzerdiak. Buruan, txano bat, lepoan lotzeko kordela duena, haizeak airean ez eramateko.