GARA
BILBO

Lan sozietateak hazten ari dira, bai enpleguan bai fakturazioan

Lan sozietateek (parte handienaren jabeak langileak diren enpresak) osasun ona dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. ASLE elkartearen azken balantzearen arabera, bost urtez jarraian hazi dira, bai enpleguan eta bai fakturazioan. Eredu honen garapena bertako ekonomia orokorra baino hobea da, aurkeztutako txostenean nabarmentzen denez.

Irimo gipuzkoarraren eskutik EAEn mota honetako lehenbiziko enpresa jaio eta 40 urtera osasun ona dute lan sozietateek, bertako ekonomia orokorra baino hobea, ASLE elkartearen 2018ko txostenaren arabera. Ostiralean eginen du honek batzar nagusia, Bilboko Iberdrola dorrean. Bertan, partaidetzako sozietateak (kapitalaren %20 baino gehiago eta %50 baino gutxiago beste sozietate edo sozietate talde batena denean) arautzeko testua idatziko dute.

2018an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan sozietateen %94k onurak izan zituzten (gainerakoek «garrantzirik gabeko galerak» izan zituzten) eta %9,1 hazi zen euren fakturazioa, Kepa Olivares ASLEko presidenteak eta Josetxo Hernandez kudeatzaileak atzo emandako prentsaurrekoan jakinarazi zutenez.

567 elkarte daude enpresa eredu honetan izena emanda, eta %3,2 igo zen euren enplegua iaz, 7.148 langile izatera iristeraino. Horietako gehienak enpresaren jabeak dira.

«Erantzun hobea»

Olivares eta Hernandezek azpimarratu zutenez, positiboa da sozietateon garapena, ekonomia orokorra baino hobea. Eredu honek bost urte darama hazten, 2014an desazkunde ekonomikoari amaiera eman zionetik. «Lan sozietateek erakusten dute ohiko enpresek baino erantzun hobea ematen dutela, dela egonkortasunean, dela enpleguan edo fakturazioan», azaldu zuen Olivaresek.

Zehaztu zuenez, hazkunde hori esportazioak gehitzeak ere ekarri du (%10,3 hazi ziren joan den urtean, bereziki industria sektorean).

Halere, zerbitzuen sektorea gero eta indar handiagoa hartzen ari da lan sozietateetan, batez ere sortu berrietan. Lan sozietateen erdiak zerbitzu enpresa dira dagoeneko. Eredu honetako enpresa berri aunitz aholkularitza, kontabilitate, etxez etxeko laguntza eta aisialdiarekin lotuak daude. Gainerakoak industria sektorekoak dira. Enpresariak erretiroa hartzean lan sozietatea eratu dute langileek negozioarekin jarraitzeko.

Batez beste 12,6 langile dituzte lan sozietateek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Estatuan baino puskaz gehiago (7,1). Horrek enpresa mota hori bertan zein garrantzitsua den erakusten du.

Partaidetzako sozietateak

Olivares eta Hernandezek ostiralean eginen duten ASLEren batzar nagusiaren berri ere eman zuten. Joan den urtetik partaidetzako sozietateak ere barnean hartzen ditu elkarteak. 28 konpainia ditu momentuz eredu honetakoak. Hain zuzen, ASLEri dagokio Estatuko partaidetzako sozietateak arautzeko testua idaztea, legea osatzeko. Batzarrean eginen du.

Besteak beste, parte-hartzea handitzen den heinean enpresak fiskalki konpentsatzea eta enpresari batek erreleboa falta duenean lan sozietateak sortzea erraztea dituzte buruan.

 

Cita con la internacionalización en el BEC

Más de 700 empresas han participado en Intergune+2019, cita anual con la internacionalización, que echó la persiana ayer en el BEC de Barakaldo. Este encuentro ha sido organizado por la Agencia Vasca de Internacionalización, integrada en la SPRI, para facilitar a las empresas la salida al exterior de sus proyectos de negocio.

En la jornada inaugural, el lunes, el viceconsejero de Industria del Gobierno de Lakua, Javier Zarraonandia, instó a las empresas a disponer de personas especializadas en internacionalización. Además, destacó el papel de las oficinas de la red exterior, porque «un país pequeño» necesita de «antenas» ubicadas «por todo el mundo».

Por otro lado, Zarraonandia advirtió sobre la necesidad de una Europa fuerte «ahora que no atraviesa su mejor momento político y social», y manifestó que el Ejecutivo de Lakua cree en «una Europa que se construya de abajo a arriba» con «redes de colaboración entre regiones competitivas». GARA

Zenbakitan

 

%94

2018an irabaziak izan zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan sozietateen ehunekoa da. %9,1 igo zuten fakturazioa.

567

sozietate daude eredu honetan erregistratuta EAEn. %3,2 hazi zen horietan enplegua iaz, eta 7.148 langile izatera heldu ziren.

5 urte

jarraian daramate hazten, 2014an desazkunde ekonomikoko garaia amaitutzat eman zutenetik. Duela 40 urte sortu ziren.

%10,3

hazi dira esportazioak, eta pisurik handiena industria sektoreak izan du. Zerbitzuak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, batez ere enpresa berrietan. Lan sozietateen erdiak dira jada zerbitzuetakoak.

12,6

langile dituzte batez beste EAEko lan sozietateek. Estatukoek, aldiz, 7,1 dituzte.