Dabid LAZKANOITURBURU
EUROP

Ditxosozko Brexita dela edo ez dela, Ingalaterrako ultraeskuina gora

Erreferenduma egin eta hiru urteren bueltan ezin izan dute Brexita gauzatu Londresko politikariek. Hala, Europar Parlamenturako hauteskundeak deitu behar izan dituzte. Kontsulta hura ultraeskuinaren gorakadari eusteko egin zen, baina Nigel Farageren alderdi berria, Brexit Party, faboritoa da inkesta guztietan. Surrealismo erabat arriskutsua.

Epeak gainera erori zaizkie Britainia Handiko politikariei eta, paradoxa guztiak gaindituz, Europar Batasunetik (EB) irteteko moduari buruzko amaigabeko eztabaiden erdi-erdian Europar Parlamenturako hauteskundeak deitu behar izan ditu Londresko Gobernuak maiatzaren 23rako.

Brexita gauzatzeko EBrekin adostu zuen akordioa hiru aldiz aurkeztu eta hirutan porrot izugarria jasan ondoren, Theresa May lehen ministro kontserbadoreak Jeremy Corbyn laboristen buruzagiarekin negoziatzea onartu zuen eta luzapen bat eskatu zuen Bruselan, hauteskundeak deitu behar izan baino lehen adostasun batera iritsiko ziren esperantzarekin.

Maiatzaren 2an Ingalaterran (eta Irlandako iparraldean) egin ziren udal hauteskundeetan toryek, eta zentzu batean laboristek, jaso zuten porrotak hankaz gora jarri zituen negoziazioak. Kontserbadoreek 1.300 zinegotzitik gora galdu dituzte, azken 20 urteotako emaitzarik kaskarrenetan. Laboristak ez dira gai izan beherakada hori aprobetxatzeko, Brexitaren inguruko bigarren erreferenduma argi eta garbi aldarrikatzen duten liberal-demokraten eta independente gisa aurkeztu diren hautagaien mesedetan.

Emaitza horiek sortu duten beldurrak bi alderdi nagusiak nolabait geldiarazi egin ditu. Laboristek Brexitaren inguruko akordioan EBrekin aduana-batasuna mantentzea ezinbesteko baldintzatzat dute.

Udal hauteskundeen ostean, are egoera ahulagoan dagoen May, ordea, egoera komertzial hori behin-behinean mantentzearen alde azaldu da bere burua aurkeztuko ez duen hauteskunde orokorretara arte. Laboristak, hala ere, ez dira fio eta beldur dira Mayren ordez aurkezten denak –batez ere Boris Johnson Londresko alkate ohia eta brexiter amorratua balitz– ez ote duen akordio hori hankaz gora jarriko. Dirudienez, Corbynen laboristek ez omen dute hauteskunde orokorrak irabazteko konfiantza handirik.

Eta ez da gutxiagorako. Britainia Handiko bi alderdi nagusi eta historikoak agortu egin ditu Brexitaren gestioak.

2013. urte hasieran David Cameron lehen ministro kontserbadoreak Britainia Handiak EBn jarraitzearen inguruko erreferenduma egiteko asmoa azaldu zuenean, ez zuen inola ere herrialdeak egun bizi duen egoera surrealista imajinatu ere egingo.

Hala ere, susmoren bat izango zuen, ordurako toryen hautesleen artean UKIP alderdi ultraeskuindarrak gero eta oihartzun handiagoa baitzuen. 2014ko Europako hauteskundeetan lehen indarra izan zen Nigel Farageren alderdia.

Ultraeskuinaren bulkada hori etetea zuen helburu erreferendumak eta Cameronek bereari eutsi zion 2015eko hauteskunde orokorrak irabazi ostean.

Jakina denez, Farageren beraren eta kontserbadoreen artean Johnson eta beste agintari batzuen gidaritzapean egin zen Brexitaren aldeko kanpainak irabazi zuen 2016ko ekainean.

Ordutik hona ezintasunaren adierazlerik garbiena bilakatu da Britainia Handian politika. Herrialde horretako parlamentarismo historikoak ere ezin izan du egoera zuzendu. Kontserbadoreen eta laboristen artean EBtik irtetearen aldekoen eta kontrakoen borrokak akordio batera heltzeko aukerak erabat urrundu ditu.

Brexita burutzerik izan ez duten honetan, ultraeskuina gora doa. Farage bera da maiatzaren 23ko hauteskundeetan faboritoa. Eta ez UKIPekin. Alderdiaren barneko tirabirek nazien inguruan kokatzen diren mugimenduetara hurbildu dute agintaritza eta Faragek alderdi berria eratu du, Brexit Party.

Brexit Party-k botoen %23-26 eskuratuko lituzke, inkesta guztien arabera. Laboristak atzean ditu, botoen %22rekin, eta kontserbadoreek %15-17 aterako lukete, 2014an lortu zuten %19aren ondotik emaitza ahula baino ahulagoarekin.

Hala ere, inkesten emaitzak ez dira bi alderdi nagusi «ohien» kezka handiena. Brexit Party kontserbadoreen eta laboristen krisia baliatzen ari da. Toryen kasuan, bere hauteslerian ehizatzeaz gain, agintariak lapurtzen ere hasi zaio ultraeskuina. Apirilean Brexit Partyra salto egin zuen Annunziata Rees-Mogg-ek, Jacob Rees-mogg tory brexiterren buruzagiaren arrebak.

Laboristen beldurra bestelakoa da, baina ez arinagoa. Faragek jomugan ditu ezkertiarrak izanda ere Brexitaren alde bozkatu zuten eskualdeak, Galeseko hegoaldea, Midlandseko mendebaldea eta Ingalaterrako ipar-ekialdea. Hori izan baita aspalditik Corbynen kezka eta bere zalantzen zergatia.