GARA
AZPEITIA

Eskuin espainolaren bozen bila ikusten du EAJ Otegik, Gipuzkoan duten lehian

Gipuzkoan 2015ean lortu zuen garaipen erraza arriskuan ikusten du orain EAJk, Bilbon Forum Europa Tribuna Euskadin Markel Olanok onartu duenez. Mobilizazio handia eskatu zuen, bertako gosarian, EH Bilduren aurrean, «Gipuzkoako lurraldean iraganera itzul ez gaitezen». Arratsaldean, Azpeitian, zera erantzun zion Arnaldo Otegik: «Gu ez gara etsaiz tronpatzen. Ortuzar eta Egibar ari dira Casado, Rivera eta enparauei lekukoa hartzen eta egunero gure aurka egiten eta irainak botatzen».

EAJ aurretik ageri da inkestetan, baina lehia estua dela antzeman daiteke Gipuzkoan. Otegiren esanetan ere, EH Bildu berriz izan daiteke lehen indarra, 2011n bezalaxe. Horretarako, kanpainan zehar nabaritzen ari diren indarra eta ilusioa aipatu zituen, baita lurraldearen izaera ere: «Gipuzkoarrek abertzale eta aurrerakoi bozkatzen dute. Gipuzkoarrek abertzaleen arteko elkarlana nahi dute. Eta Gipuzkoan abertzaleen arteko elkarlana egiteko eta politika publiko aurrerakoiak egoteko, EH Bildu lehen indarra izatea da berme bakarra. Hori gertatu ezean, bizikleta estatikoan jarraituko du Gipuzkoak, EAJren eta PSEren eskutik».

Azpeitian ari zirelarik, Eneko Etxeberria alkateak eta bere taldeak egindako lana horren isla dela erantsi zuen Juan Karlos Izagirre diputatugai nagusiak: «Hemen erakutsi da EH Bilduk herritarrak jartzen dituela erdigunean: prekaritatearen aurkako neurriak hartu dira, tokiko merkataritzari indarra eman zaio, kultur arloan egindako lana eredugarri bihurtu da.... eta horixe da Gipuzkoa osotik ere egin nahi duguna». Etxeberriak lekukoa eman dio orain Nagore Alkortari, alkategai gisa.

Olano: «Erlaxaziorik ez»

Bere aldetik, goizean Bilbon Ramiro Gonzalez arabarrarekin batera emandako hitzaldian, emaitzarekin kezkaturik agertu zen Markel Olano. EAJren ohiko boto-emaileei igandean bozkatzera joateko dei egin zien, «erlaxazioak nahigabeko agertokietara eraman gaitzakeelako».

Baina harago ere begiratu zuen EAJko diputatugai nagusiak. A28an hautesleek «ultraeskuina gelditzeko» urratsa egin zutela aipatu ondoren, orain «Gipuzkoak martxan eta aurrera begira» segitzeko bultzatzea eskatu zuen. Beraren ustez, EAJ izan da legealdi honetan herrialdea «ataskotik atera» duena eta bidegurutze honetan bi aukera baino ez dira: «EAJren sendotasuna edo ezker abertzaleak Gipuzkoako erakundeetan erakutsi duen kudeaketarako gaitasuna falta. Eta Gipuzkoak ezin du bere etorkizuna arriskuan jarri».

Itsaso: «Olano ala ni»

Lasterketa honetan PSE eta Elkarrekin Ahal Dugu ere lehiakide dira. Deigarriak izan ziren atzo Denis Itxaso PSEko hautagaiak gobernukide izan duen Markel Olanori zuzenduriko hitzak: «Gipuzkoako Aldundiaren lidergoak pertsona indartsu eta aldi berean gertukoa behar du, eta Markel Olano ez da». Besteak beste, Ekarpen Legean Gipuzkoa galtzaile atera izana leporatu zion, EAJ Bizkaian errotutako alderdia delako gertatu dela ziurtatuz.

Legazpin arrosak banatzen aritu zen Itxaso. Berak eta Olanok, biak koalizioa berrestearen aldekoak direla ez zuen ezkutatu PSEko ordezkariak, baina hala ere, hauteskunde hauetan zera dago jokoan, «ea nor den horren burua, Denis Itxaso ala Markel Olano».