Gotzon ARANBURU
ARANZADI IKASTOLATIK

EUSKAL HERRIA ETA ESTRATOSFERA KONEKTATU DIRA BERGARAN

EKIMEN ESTRATOSFERIKOA. EZ DA KAZETARIAREN METAFORA EXAJERATUA, BAIZIK ETA BERGARAKO ARANZADI IKASTOLAK ISSREKIN (INTERNATIONAL SPACE STATION) EGIN DUEN KONEXIOA DEFINITZEKO ADJEKTIBO EGOKIA. IRRATI BIDEZ, ARANZADIKO 17 IKASLEK HAINBAT GALDERA EGIN DIZKIOTE LURRETIK 408 KILOMETRORA DAGOEN ISSKO NICK HAGUE ASTRONAUTARI.

Duela 21 urte jarri zuten espazioan ISS. Munduko bost espazio agentziak dute ekimenaren ardura, elkarlanean: NASA estatubatuarrak, FKA errusiarrak, JAXA japoniarrak, CSA kanadarrak eta ESA europarrak. Estazioan etengabe dago jendea, bost agentzia hauek bidalitako gizon eta emakumeek txandaka egiten baitituzte egonaldiak han goian, lurraren orbita ikertzen. Une honetan, 110 bider 100 metroko azalera du estazioak. Lurrari bira osoa emateko 92 minutu besterik ez ditu behar ISSk, eta 2024ra arte funtzionatuko duela aurreikusten da.

Ez da broma orduko 27.000 kilometrora doan tramankulu batekin bat egitea, baina Aranzadikoek gauzak ondo prestatuta zituztela ikusi ahal izan dugu. Miren Kaperotxipi izan da telefonoz Ingalaterrako irratizale batekin aurrena hitz egin duena, ikastolako aretoa leporaino betetzen genuen hedabide, ikasle eta irakasleen aurrean. Umorezko momentua ere egon da, ingelesak Mirenen abizena jakin nahi izan duenean: Kaperotxipi dela entzun duenean, nahiago izan du Miren deitzen jarraitu… Ingelesaren bidez Martin Diggens australiarrarekin egin dute konexioa bergararrek, eta Diggensen irratiaren irismen eremuan sartu denean ISS… konexioa estratosferarekin!

Ikasle bakoitzak bere galdera paperean idatzita zeukan, eta ikusi ahal izan dugunez, askotan errepikatua buruan, di-da batean eta zalantzarik gabe bota dizkiote-eta astronautari. Baita honek egoki asko erantzun ere; entzun ere oso ondo egiten zen elkarrizketa ikastolako aretoan, interferentzia gutxirekin. Denetarik galdetu diote bergararrek: beldurra pasatzen al duzu espazioan? nola dakizue noiz gosaldu, bazkaldu eta lo egin? (kontuan eduki ISSko astronautek egunero hamalau aldiz ikusten dutela eguzkia sartzen eta irteten, munduari bira ordu eta erdian ematen baitiote…), erlojuak berdin funtzionatzen al du espazioan eta Lur planetan?

Baina seguru asko galdera bitxiena zazpi urteko Maialen Garcia Urbietak egin diona izango zen: ametsetan egiten al duzu lo egiterakoan? Baietz erantzun dio Haguek, bere emaztearekin eta bere familiarekin egotearekin egiten duela amets. Hogei galdera zituzten prestatuta Aranzadikoek, baina hamazazpi bakarrik egiteko eman die denbora. Oier Sanchez Mujikak bere galdera bota duenean (zer egiten duzue gaixotzen zaretenean?) orduantxe eten da konexioa, eta interferentzia burrundara nagusitu da telefono harian.

2001. urtean hasi ziren Europako ikastetxeak ISSrekin konexioak egiten. Orduz geroztik Europan 526 ikastetxe konektatu dira Nazioarteko Espazio Estazioarekin. Orain Aranzadi Ikastola sartu da klub horretan, zeinean bazegoen aurretik Euskal Herriko beste eskola bat, hain zuzen ere, Donostiako Summa Aldapeta, iaz egin zuen konexioari esker.

ARISS programa deitzen da eskolak-ISS lotura ahalbidetzen duen hau (Amateur Radio on the International Space Station). Izenak erakusten duen moduan, mundu mailako irrati-afizionatu sare bati esker lortzen da konexioa egitea. Bergara dagoen tokian dago, mendi arteko bailara batean alegia, eta horrek oso zail egiten du lotura espazioarekin. Oso polita litzateke “Direct” eran ISS zure buru gainean dagoen momentu berean egitea konexioa, baina horretarako zerumuga laua behar da; baldintza ideal horretan, 11 minutu ere iraun dezake konexioak. Arazo hori dela eta, “Telebridge” eran egin behar izan dute lotura bergararrek, hau da, toki lau eta egoki batean kokatutako irrati-afizionatu baten bidez konektatuz, eta aipatu Martin Diggens australiarra izan da horretaz arduratu dena.

Zientzia sustatu

Egitasmo honi hasiera eman ziona, nolabait ere, Aranzadiko ikasle bat izan zen, Maider Jorge. Telebistari begira zegoela, hara non ikusi zuen Summa Aldapetakoen konexioaren berria. Atentzioa eman zion eta biharamunean Fisikako irakasleari, Manu Arregiri, komentatu zion. Bien artean hasi ziren Interneten informazioa bilatzen. ARISSekin harremanetan jarri eta honek zer baldintza bete behar ziren jakinarazi zien, hautagaien zerrendan sartzeko; inportanteenetako bat, proiektu pedagogiko zabalago bat abian jarri beharra zegoela eskolan. Azken helburua neska-mutikoei zientziaganako eta espazioganako interesa sortzea da, bihar edo etzi zientzialari edo, nork daki, astronauta izateko gogoa piztea.

Komunikazio eta marketin arloa ere ez dute alde batera utzi Aranzadikoek. Horren adibide, galderak egin dituzten “astronauta” gazteen erretratuekin egindako poster ederra, non horietako bakoitza bere uniforme eta kaskoz hornituta azaltzen den, atzean ikurrina jarrita.