18/05/2019

Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria
«Games of Thrones»

Aitortzen dut: “Game of Thrones”-en jarraitzaile nauzue. Belfasten geundela bikotekideak eta biok saioan azaltzen diren kokaguneei bisita egitearen aukera eztabaidatu genuen, baina azken unean Ipar Irlandako hiriburuak etekin turistiko aparta atera dion beste jarduera baten alde egin genuen: gatazka armatuan arituriko kide ohiek hirian zehar gidaturiko ibilaldia. Azkenean adimena atera zela garaile esan daiteke, harreman (post)kolonialen eta indarkeriaren gainean lan egiten baitugu biok eta dezente ikasi baikenuen bisita gidatutik. Baina ondo begiratuta, entretenimendu hutsagatik baino gehiago kezka berberengatik ikusten dugu aipatu telesaioa, boterearen gaineko errepresentazio gordina egiten duelako, hain zuzen. Gordina, bai; apurtzailea, ez hainbeste. Emakumeen rola galdera ikurrez inguratuta egon da hasieratik, eta etnia kontuekin hobe ez hasi, zutabe hau laburregia baita dothrakien zapalketa azaltzeko. Ezagun batek behin esan zuen bezala, indarkeriaren espektakulu moduan ondo dago “Game of Thrones”. Ikusle kopuru handi batek, ordea, saioak nolabaiteko iraultza planteatzea espero zuen, hortik beren atsekabea azken denboraldia dela eta. Azken hori berregiteko eskaerarekin bat egin dute 500.000 lagunek, egunkari batean irakurri dudanez. Ez da kopuru txikia. Sikiera jendeak halako konbentzimendua agertuko balu bestelako ekimenetarako, esaterako beren bizi baldintzetan bertan aldaketa eragiteko… Baina errazagoa da telesaio batean iraultza gertatzea, baita erosoagoa eta arriskurik gabea ere.