Ekhi MARTIN
DONOSTIA

Koch familiaren funtsa San Telmo museoan gordeko dute

Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti aita-seme argazkilarien bildumak jaso dituzte eta funts bat sortu dute museoan zaintzeko intentzioarekin. Datozen urteetan argazki guztiak katalogatu eta digitalizatuko dituzte gerora gizarteari erakutsi ahal izateko. Jada Koch Bengoetxearen erakusketa bat martxan dute, 2021erako aurreikusia. Funts honetan Euskal Herriko kultura, lanbide, pertsonaia eta gertaerak biltzen dira.

Koch familiak Donostiako San Telmo museoari dohaintzan eman dio Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti argazkilarien artxibo bilduma. Aurrerantzean, museoak «sekulako balio historiko eta artistikoa» duten argazkiak zaintzeko eta gizarteratzeko konpromisoa hartu du.

Atzo goizean sinatu zuten dohaintzaren akordioa, eta bertan zentroko zuzendaria den Susana Sotok esan zuen orain arte familiak oso ondo zaindu dituela argazkiak, ondo antolatuta eta katalogatuta izan dituela. Hala ere, lan handia dute orain irudi guztiak digitalizatzeko.

Koch Bengoetxearen bilduma txikiagoa eta ezezagunagoa da, eta horregatik jada lanean ari dira Lee Fontanella eta Juantxo Egaña adituekin 2021ean erakusketa bat prestatzeko. Bilduma hau osatzen duten elementuak honakoak dira: kristalezko 147 plaka; plastikozko 656 plaka; 35 mm-ko 36 negatibo; “País Vasco. Guipúzcoa” liburuaren jatorrizko maketa, 138 positibatu barne; eta “Gerraren albuma”, formatu txikiko 231 argazkiz eta hainbat ilustrazio, egunkari zati eta dokumentu-fotokopiaz osatua.

Koch Arrutiren argazkiak askoz ezagunagoak dira, neurri handi batean Kutxak urte askotan atera zituen egutegietan berak egindako irudiak erabiltzen zituelako. Gainera, askoz zabalagoa da –5.000 diapositiba, negatibo, handitze, fotolito, San Telmon 1992an egindako erakusketaren argazki markoztatuak eta publizitate lanetako negatibo eta diapositibak–. Hala ere, 10 urte baino lehen honen inguruko erakusketa prestatuko dutela iragarri dute.

Sotoren esanetan, funtsa «gakoa» da «gure kulturaren irudiak» biltzen dituelako, baita ogibide eta pertsonaia ospetsuen erretratuak ere. «Gure herri osoa bilduma honetan agertzen da», esan zuen. Izan ere, Koch Bengoetxea eta Koch Arrutiren bildumei, Willy Koch Schöneweissen 29 argazki eta postalak batu behar zaizkie.

Donostia Kulturako zuzendaria den Jaime Otamendik esan zuenez, orain museoak «ondarea egiten jarraituko du», eta funts honi esker «Euskal Herrian zer gertatu zen ezagutzera emateko aukera» izango dute.

Gerrako irudiak

Akordioa sinatzeko ekitaldian Koch Arrutiren alabak diren Edurne eta Arraitz Koch Elizegi ere izan ziren, familiaren izenean hitz egiteko. Hauek kontatu zuten «emozionatuta» daudela «aitonak eta aitak oso lotura estua zutelako San Telmorekin». Izan ere, hauen aitona zenak bere semea eraman ohi zuen museoko klaustrora paseoa ematera, eta gerora, semeak bere alabekin gauza bera egiten zuen, ohituraz. Hori dela eta, «zirkulua itxi egiten dela» sentitzen dute. «Beti garbi izan dugu argazkiak gizartearen esku utzi nahi genituela», aipatu zuten. Beraientzat aitonari eta aitari zor zioten zerbait zen.

Koch Bengoetxearen funtsari buruz, esan zuten «bere bizitza arriskatu» zuela 36ko Gerra dokumentatzeko, noizbait irudi horiek erakusteko intentzioarekin. Familiak duen itxaropena da argazki horiek erakusteak «gerraren zauriak sendatzen laguntzeko eta memoria kolektiboa lantzeko» balioko duela, garai bat itxiz.

San Telmok jada eskaini zion erakusketa bat Koch Arrutiri, eta bertan Koch Bengoetxea aitaren eta Willy Koch aitonaren lanaren lagin bat erakutsi zuten, baina berez ez dira inoiz bilduma hauek elkarrekin egon, etxetik kanpo. Orain, Koch funtsa bateratu dutela, «aztertzeko interesgarriagoa» dela uste du Arraitz Kochek.

Carlos Canovasen laguntza izan du familiak irudi guztiak txukuntzeko. Bera ere argazkilaria da eta ondo daki zein lan duen orain museoak esku artean. «Argazkilaria naizen aldetik, honelako funts bat erakunde publikoen eskuetara iristen denean arazo bat dagoela badakit. Eta argazkilaria naizen aldetik, zorioneko arazoa!», esan zuen.

Funtsean material desberdinetako irudiak daudenez, bakoitza nola tratatuko duten erabaki behar dute. Horregatik, Canovasek uste du hau ez dela «amaiera zoriontsu bat, hasiera bat baizik».