Maider IANTZI
LASARTE-ORIA

Elkar aitortuz, lankidetza berriak sortzera animatu dute Udaltopen

«Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?» goiburuarekin egin dituzte 210 lagun inguruk Lasarte-Orian Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Ondorio nagusi bat: «Eredu berrien beharra».

210 partaide inguru, hamaika hitzaldi, talde lanean eraiki den berrikuntza sozialerako plataforma bat, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategiaren aurkezpena, testigantzak eta amaiera ekitaldi umoretsua izan ziren Udaltopen hamaikagarren edizioaren ezaugarriak.

Araba, Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa Garai, Lapurdi eta Nafarroa Behereko euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta bertze hainbat esparrutako langileek elkarlan eta gobernantza eredu berriak aztertu zituzten. Bertzeak bertze, Euskaraldian jarri zuten fokua. «Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake?», galdetu zieten Estitxu Alkorta eta Jasone Mendizabal Lakuako (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, HPS) eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariei. «Biluztea» eskatu zieten, azpian dagoena partekatzea, eta hala egin zuten, era eraikitzailean, galderari buelta emanez: «Esperientzia batetik ikasten dugunean, txarra izan dela esan dezakegu?».

Euskaraldia hitza oraindik asmatu gabe zegoela, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean bertan iragarri zuten lan egiteko era berritzaile bat jarriko zutela martxan, bertzeren artean Lakuako Gobernuaren eta Topagunearen artean. Agertu zutenez, hagitz kultura ezberdinekoak dira biak: bata zurruna erabakiak aitzinera ateratzeko, bertzea arina; bata jendartean mezua zabaltzeko autoritatearekin eta lan egiteko era hierarkikoarekin, bertzea mezua helarazteko hurbiltasunarekin eta horizontalagoa. Alderdien mendekoago bata, askeago bertzea.

Hainbat korapilo sortu dira elkarlanean, eta identifikatu dituztenak zerrendatu zituzten Alkortak eta Mendizabalek. Hasteko, zalantza: «Elkarrekin egingo dugu, baina... Nork lideratuko du?». Gero, logo dantza, denena izanen zen marka txuri bat sortuz konpondu zutena.

Batzar instituzional guztietan parte hartzeak Topaguneari ekarri dizkion gainkargak oroitu zituzten; udal eta euskara elkarte batzuen arteko «harreman mesfidatiak eta konfrontazioak» (korapilo hauetako batzuk askatzea lortu dute; bertzeak oraindik ez); sarri lurralde eta herri mailako finantziazioa aski ez izatea eta batzuek mingaina kanpoan bukatzea; «ahobizi» aunitzek «belarriprest» gisa jokatzea eta, aldiz, koherentziaz jokatu zuten «belarriprest» ugari epaituak izatea...

Korapiloak ikasteko aukera bezala hartu dituzte eta elkarlanak sukalde lan handia eskatzen duela konturatu dira.

Pertsonen jarrerak aunitz erran nahi duela ikusi dute, eta ezinbertzekoak direla heldutasuna, gardentasuna, autokritika, enpatia,umiltasuna, konfiantza eta espektatibak partekatzea eta doitzea. Kultura bertikalak eta horizontalak elkarlanean jarri dituzte, eta elkarren aitormena erdian paratuz lankidetza kultura berriak sortu ahal direla ohartu dira.

Desadostasunak aitortu, zuzen eta zintzo mintzatu, eta batzen dituenean indarra jartzea izan da bertze ikasgai bat.

Datu batzuk primizian

Euskaraldiarekin lotutako bertze hitzaldi batean, Josune Zabala Lakuako ordezkariak (HPS) eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterrekoak lantzen ari diren ikerketa baten behin-behineko datuak eman zituzten primizian. Lankidetzan lagungarri izan diren eta hala izan ez diren egiteko moduak identifikatzeko asmoz, Klusterra bera eta EHU dabiltza landa lanean.

Bi ildo ditu azterketak, bata kuantitatiboa (hiru galdetegi bete dituzte parte-hartzaileek) eta bertzea kualitatiboa (zer diskurtso sozial eratu diren behatu dute). Bi ikerketa lerrook zabalik daude eta atzo aurkeztutako datuek orientatzeko balio dute. Behin betiko emaitzak udazkenean emanen dituzte.

Ikerketa kualitatiboa egiteko 30 herritako lagina hartu dute eta bertako herritar eta antolatzaileekin bildu dira. «453 galdetegi jaso ditugu eta pozik gaude horrekin. Material asko da», adierazi zuen Anduagak.

Euskaraldiarekin abiatutako elkarlana anitza da helburuetan, eragileetan eta elkarrekintza motetan. Parte-hartzaileen artean hiru eragile mota berezi dituzte ikertzaileek: «makroak» (Lakua eta Topagunea bera, hedabideak, unibertsitateak...), «mesoak» (eskualde eta herri mailakoak: elkarteak, udalak...) eta «mikroak» (norbanakoak).

Makroei buruz, eragile ezberdinen aniztasuna goraipatu dute galdetegietan. «Ondorioz, ekimenak ikusgarritasun eta zilegitasunean irabazi du». Ezaugarri negatiboen artean, erakundeen engaiamendu falta aipatu dute eta horrek norbanakoengan izan duen eragina: «Eurek ez badute egiten, nik ere ez dut zertan». Erakundeen babesa ez dela sumatu kalean eta «egin duten lanerako» ikusgarritasun handiegia eskuratu dutela ere kritikatu dute.

Merkatari txikiei txalo

«Meso» edo ertainei dagokienez, merkatari txikiek zein ongi parte hartu duten nabarmendu du jendeak, baita herri batzordeen ahalegina ere. Egiteko modu desegokien artean, batzordeetan lagun gutxi bildu izana, udal batzuen aldetik partaidetza handiagoa faltan eman izana eta herri elkarte eta talde gehiagoren babesaren premia aipatu dituzte. Horrek batzorde batzuentzat gehiegizko lana izatea ekarri du, luzea, nekeza eta astuna. Bi jarrera hartu dituzte: batzuek atsekabea eta bertzeek taldearen sendotzea.

Mikroei buruz, ezagun eta ezezagunen arteko elkarlana goraipatu dute; «ahobizi» eta «belarripresten» arteko enpatia eta laguntza. Ekimenean zuzenean parte hartu ez dutenen jarrera asertiboekin sorpresa ona hartu dute. Txapa eramatea ere egoki ikusi dute, lehen hitza euskaraz egiteko adorea eman diolako jendeari eta komunitatea identifikatzen lagundu duelako.

12. egunean elkarlanari jarraipena eman izana baloratu dute batzuek; bertzeek, ordea, justu kontrakoa aipatu dute: 11. egunean elkarlana amaitu izana. Norbanakoen ezintasunak, lotsak eta beldurrak; solaskideen gogo falta; gune hagitz erdaldunetan ariketa egitea kostatzea eta hagitz euskaldunetan, aldiz, zentzurik ez topatzea; eta «gazteen interes urria» azpimarratu dituzte.

Aurrera begira, Euskaraldia praktikatzeko eskatu diete erakundeei, eta bigarren planoan egoteko; hedabideei, euskal eremutik haragoko lanketa egiteko. «Oso egokitzat jotzen da Euskaraldiak erabili duen diskurtsoa: baikorra, integratzailea, asertiboa... Euskal Herri mailako ekimena izateak lagundu du eta praktika erdian jartzeak erakargarriago egin du», agertu zuten.