GARA
DONOSTIA

Adarra saria jaso eta kontzertu berria emango du Berri Txarrak taldeak ekainaren 21ean

Berri Txarrak-ek jasoko du aurten Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria, ekainaren 21ean, Donostiako udaletxean. Egun berean, 20.00etan, kontzertua emango dute Victoria Eugenian.

Berri Txarrak-ek jasoko du Donostiako Udalaren Adarra saria. Lekunberriko taldeak «ibilbide artistiko eta profesionala eta euskal nahiz nazioarteko publikoarengan duen eragin izugarria» dela- medio jasoko du saria ekainaren 21ean, eguerdian, Donostiako udaletxean, eta iluntzean (20.00) Victoria Eugenian kontzertua emango du.

Donostia Kulturak zehaztu duenez, kontzerturako sarrerak gaur 11.30ean jarriko dira salgai, 30 euroan. Sarrerak Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edo www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean erosi ahalko dira (pertsonako 6 sarrera gehienez).

Aholku Batzordeak musika taldearen ibilbide artistiko eta profesionala eta publikoarengan duen eragin izugarria hartu ditu kontuan, Euskal Herri zein nazioarte mailakoa: «Berri Txarrak-en emanaldiek arrakasta handia izan dute herrialde askotan eta taldeak milaka jarraitzaileri eskaini dizkie kontzertuak bost kontinenteetako agertokietan».

Ikusi Arte Tour

Horren adibide da “Ikusi arte” bira izaten ari den arrakasta, azken bira honetan Berri Txarrak Europako eta Ameriketako ehunka hiritan edukiera txiki nahiz handiko aretoak betetzen ari baita. Gogora ekarri zutenez, 2018ko abenduan taldeak etenaldi mugagabea egingo zuela jakinarazi eta bira antolatu zuenetik, ordu gutxiren buruan ari dira kontzertuetarako sarrera guztiak agortzen.

Horrez gain, kontuan hartu da taldeak musikarekiko duen «dedikazioa eta euskal kulturarekiko izandako ardura eta errespetua, bere jarraitzaileen artean eragin benetan positiboa duen ezaugarria».

Azkenik, gogora ekarri zuten «entsegu lokal batean jaiotako taldea, errepidean zaildua eta zuzenekoan ikusi beharrekoa» dela Berri Txarrak.

Lekunberriko taldeak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bildua, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, ohore egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari, 2016an Benito Lertxundik eskuratu zuen, 2017an Fermin Muguruzak eta, iaz, Anarik.