GARA
DONOSTIA

Bi langile hil dira egun bakarrean, eta politikak aldatzeko eskatu dute

Egun tragikoa izan zen atzokoa langile klasearentzat. Bi langile hil ziren lan istripuen ondorioz Urola Kosta eskualdean. Goizean, Zestoan, basogintza sektoreko langile batek galdu zuen bizia eta, arratsaldean, Zarautzen, eraikuntzako beste langile batek, garabi batetik erorita.

Bi langile hil ziren egun eta eskualde bakarrean, Urola Kostan, lehena Zestoan eta bigarrena Zarautzen. Sindikatuek «babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi izan zieten hildakoen senitarteko, lankide, gertuko eta langile klase osoari». Instituzio eta gobernuei, berriz, «behingoz lan osasuneko politikak errotik aldatzeko» exijitu zioten.

Goizean, Zestoan, basogintza sektoreko langile bat hil zen, zuhaitz batek azpian harrapatuta. Eta arratsaldean, Zarautzen, eraikuntzako beste langile bat, garabi batetik erorita. LABek eta ELAk oroitu zutenez, azken istripu horiekin 18 dira gutxienez Euskal Herrian aurten lanean ari zirela hildako herritarrak.

Horietako bi basogintzan ari ziren. «Urtero ditugu hildakoak sektore honetan eta errealitate honen aurrean enpresek ez dute neurririk hartzen. Bada, Ikuskaritza zein Osalani exijitzen diogu sektore honi begirako zaintza eta ikuskatze zehatza, neurri eraginkorrekin eta enpresen gaineko neurri gogorrekin», azpimarratu zuen LABek.

«Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik, patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena. Bestetik, administrazio publikoak, konplize bilakatu direnak», salatu zuen.

Enpresen gaineko kontrola

Instituzio eta gobernuei «sarraski honen aurrean neurri eraginkorrak hartu eta enpresen gaineko benetako kontrol neurri gogorrak ezartzeko» exijitu zien LABek. Eta lanean eta borrokan jarraituko duela agindu zuen, «langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde».

ELAk ere «kontrol neurriak» eskatu zituen. Lakuari exijitu zion enpresak prebentzio neurriak betetzera behartu ditzala. Langileak, aldiz, lantokietan antolatzera eta borrokatzera deitu zituen. «Prekaritateak esan nahi du ez dela segurtasunean inbertitzen, lan erritmoak jasangaitzak direla eta ez direla sektoreko hitzarmenak eta segurtasun eta osasun arauak betetzen», nabarmendu zuen.

Lan arriskuen prebentzioan «ardura duten autoritateek ez dutela ezer egiten» salatu zuen CCOOk ere. Industria Federazioak hurbiltasuna adierazi nahi izan zien hildako bi langileen senide, lagun eta lankideei, eta protestara deitu zituen langileak. «Ezin dugu ulertu XXI. mendean langileak hiltzen jarraitzea enpresen segurtasun neurri faltarengatik», agertu zuen.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Batzorde Iraunkorraren Mahaiak, bestalde, erakunde adierazpen bat onartu zuen Zestoan eta Zarautzen izandako bi lan istripu hilgarriak gaitzesteko.

Hurbilekoei elkartasuna adierazteaz batera, «erakunde guztiei» eskatu zien «lan arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan laguntzeko, lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinazioan, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazartzeko, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetzeko ere».