GARA
Txirrindularitza

Lucy Kennedyk irabazi du Durango-Durango Saria

Mitchelton taldeko txirrindulari australiarrak Goiuriko azken-aurreko igoeran jo zuen erasora eta azkenkilometroak bakarka egin zituen. Bihartik larunbata bitartean Emakumeen Bira izango da protagonista.

Maiatzeko egun hauek iritsita, nazioarteko txirrindularirik onenak Euskal Herriko errepideetan barrena aritzen dira. Eta atzo ez zen gutxiago izan. Durango-Durango Saria jokatu zen Bizkaian zehar, World Tour zirkuituko Emakumeen Biraren bezperan –bihartik larunbatera bitartean–.

Mitchelton-Scott taldeko Lucy Kennedy australiarra izan zen Durango-Durango Emakumeen Sari Nagusiko irabazlea. Kennedyk Goiuriko azken-aurreko igoeran egin zuen aurrera eta azken kilometroak bakarka egin zituen, Ezkurdi plazan besoak jaso ahal izateko.

Atzetik hirukote bat jardun zen Kennedy harrapatu nahian. Lana egitea Shara Gillow australiarrari (FDJ) eta Soraya Paladin italiarrari (Ale-Cipollini) tokatu zitzaien, Amanda Spratt Kennedyren taldekidea izanik, gurpilean joan zelako une oro.

Lasaitasun hori bikain baliatu zuen Spratt australiarrak taldetxoan azkarrena izateko eta Mitchelton-Scotti lehen bi postuak emateko, 26 segundora. Hirugarren Paladin izan zen eta laugarren, Gillow. Atzetik, 59 segundora, Amy Pieters (Boels) holandarra sartu zen bosgarren postuan.

Lucy Kennedyk berak mendiko saria irabazi zuen eta Mitchelton-Scottek, taldekakoa. Aipatzekoa da ere Aroa Gorostiza (Bizkaia Durango) bizkaitarrak bitarteko lehen esprintean 3 puntuak lortu zituela, baina saririk gabe.

Euskaldun onena Ane Santesteban (WNT-Rotor) izan zen, 11. postuan, 7:03ra; bigarren Enara Lopez (Bizkaia) izan zen eta hirugarren, igandean UCI kategoriako lehen lasterketa irabazi zuena, Lourdes Oyarbide (Movistar).