Idoia ERASO
URRUÑA
Interview
MADDI ZUBELDIA
IDAZLE, MUSIKARI ETA KANTARIA

«Frantsesez idatz nezakeen; euskaraz egitea hautu artistiko eta politikoa da»

1961ean Donostian sortua, Ipar Euskal Herrian bizi da txikitatik. H-Eden musika taldearekin aritu da urteetan kantari gisa, eta orain bere izenpean diskoa argitaratu du, «Zimurrak baleki». Ibilbide literarioari «Deserria haurtzaro» lehen eleberriarekin ekin zion, non Landetan haurtzaroan bizi izan zuen esperientzia kontatu zuen. Bigarrena bizitoki duen Lapurdi hegoaldean kokaturiko fikzioa da, «Erran gabe doa».

Diskoa eta liburua besapean hurbildu da Maddi Zubeldia Urruñako erredakziora. Durangoko Azokan izan zen diskoa aurkezten, eta Sarako Idazleen Biltzarrean, liburuarekin. Orain, obrak publikoarengana heltzen direnean egiten duten bidea laguntzen ari da, aurkezpen, elkarrizketa eta entzule/irakurleen oharrak bilduz, eta batzuetan, erantzunak emanez. Oihartzunak positiboak izan dira, eta aurreko liburuarekin irekitako bide literarioan lasaitasun handiagoarekin murgildu da.

Lan berri hauekin, zeure burua nola ikusten duzu, idazle eta musikari, ala artista gisa?

Hori mugatzea litzateke. Musika egiten duen eta idazten duen irakaslea? Edo irakasten duen emakumea, idazlea…? Hori guztia nahastua da, ez dut horrelako mugarik. Konfiantza handiagoz ari naiz; besteei entzuten diedanean nitaz mintzo ‘artista’ hitza erabiltzen, oraindik arraroa egiten zait, baina onartzeko bidean nago. Adierazpen bideak dira, esperimentatzen ditut nire ahaletan daudenak. Ongi pasatzen baitut musika munduan kantatzen, idazten eta sortzen, ikasten eta gustua hartzen.

Musikari eta kantari gisa hasi zinen, eta orain eleberriak ere idazten dituzu. Nola eta zergatik gauzatu da salto hori?

Esango nuke idaztea izan dela lehenik nire bizitzan, musika baino lehenago. Testu txikiak idazten nituen, egunerokoak, olerkiak, testu laburrak, betiko momentu lapurtuetan; emakumeok ama garenean eta lanean ari garenean geure buruari uzten dizkiogun tarte horietan. Baina banuen beti gogoan egunen batean saiatu nahiko nukeela formatu luzeago bat, gure familiaren historia kontatzeko eta. Horrela hasi zen; nire Landetako esperientzia minbera askatzeko. Horrela abiatu nintzen eleberri formatuan, eta ikusiz lehenbizikoa argitaratu zela eta ez zela hain gaizki atera ere, neure buruari segitzeko baimena eman nion. Hor askatuago ibili naiz, eta plazerari leku handiagoa utzi diot bigarren eleberrian.

Lehenean ez bezala, bigarren eleberrian dena fikzioa da.

Bai, fikzioa da, baina ez dakit erran daitekeen dena fikzioa denik; pertsonaietan aurki daitezke, noski, nire alderdi desberdinak, edo hurbileko jendearenak; ez dut ezer asmatzen. Gustura aritu naiz idazten, oso erraz eta atseginez, jostagarria izan da. Batzuetan, idazle batzuei entzuten nielarik pertsonaiek bizitza propioa dutela, galdera ikurra banuen, baina egia da parte batean esperimentatu dudala hori. Poliki-poliki joan da osatzen, eskutik emana bezala; libertate hori hartuta polita zen.

Nola heldu zinen liburuko Mattinen istoriora?

Lehen eleberria Zokoko Ziburuko hilerrian bukatzen zen; beste zerbait idazteko gogoa nuen, eta pentsatu nuen hilerrian kokatuko nuela bigarrenaren gertaera guztia. Interesatzen zitzaidan dena leku bakar batean bildua izan zedin. Egia da hilerria nahiko berezia dela, baina niri gustatzen zaizkit; parentesia dira gaurko munduan, leku lasaiak dira. Beraz, gogoeta egiteko leku baten modura bizi dut, eta garaiaren arabera, alaiak izan daitezke, loreekin. Emakumeak izaten dira gehienik eta hori beti interesatu zait, zer gogoeta mota edo zer istorio dagoen bakoitzaren gibelean.

Pentsatu nuen Urruñako hilerrian kokatuko nuela, eta hildako batengana datorrela bere familiako kide bakoitza, heldu dela bere gogoetak askatzera. Edukian sartu nintzenean, hitzez erraten ez ditugunak beharbada horrelako lekuetan askeago uzten ditugula pentsatu nuen. Horrekin ibili nintzen pixka bat jolasean, eta bakoitzaren bizitzak bere bidea egin zuen.

Liburuan unibertsaltasuna ikusten da, eta aldi berean oso lokalizatua dago. Lapurdin kokatua egoteak garrantzia du istorioa osatzeko.

Hilerria herri itxi batean kokatu behar zen; ez nuen irudikatzen hiri handi batean. Gure baitan ditugun estereotipoak eta bertakotasun hori ere interesatzen zaizkit. Hizkuntza aldetik ematen zidan joko pixka bat amaginarreba urruñarra izateak, bertakotasuna euskara mailan ere.

Lehen eleberrian ere ikusten zen Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana, eta ez beti oso erraza.

Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria baino, nik daramadan gaia nongotasuna da. Nongoa zaren kokatu nahi duzu, baina konplikatua da bertakoa sentitzea eta zure tokia egitea leku batean, txikitatik erroa moztua denean. Beti egongo da norbait ohartaraziko dizuna bertakoa ez zarela arrunt. Eta anekdotikoa bada ere, mintzen nau orain ere entzuten dudanean ‘baina hau ez da ziburutarra’. Ez dut oraindik zeharo konpondua, eta uste dut nirekin eramango dudala beti.

Nongotasuna, eta nortasuna ere bai, deitura eta izena aldatuak izan direnean. Izena frantses nazionalitatea hartzen duzunean aldatzen dizute, gero ezkontzen zarenean senarraren deitura hartzean, horiek bai direla nik bizi ditudanak. Lasai bizi ditut, baina badute beraien eragina nortasuna finkatze edo ez finkatze horretan.

Bi eleberrien artean «Oroitzen naizeno» antzezlana idatzi eta taula gainean irakurri-antzeztu zenuen.Alzheimerra zuen ama agertzen da bertan, bere oroitzapenetan galtzen dena, bere jatorria bilatuz.

Bai, amaren oroitzapenetan bada bilaketa. Bere memoria osatzearekin batera bere historia osatzeko asmoa ere izan dut, baina amak argi du Mendarokoa dela, nahiz eta bizitzak beste toki batera eraman. Nik dut problema; amaren historia inkontzienteki erabili dut, nirea osatzeko; beti bi alde horiek lotzen ari naizela konturatzen naiz, egin ondoren.

Sekretuak agerian gelditzen dira, baina protagonista erran gabe joan da.

Interesatzen zitzaidan psikologikoki baditugula isiltzen ditugunak eta esaten ditugunak, eta zergatik esaten ditugun batzuk eta ez besteak: norbera babesteko, besteak babesteko, beldurragatik, egoera bati aurre ez egiteko, oreka bat mantentzeko…

Mekanismo horiek interesatzen zitzaizkidan, eta familia horretan hori gertatzen da, egoera lohitsu horietatik nola atera bilatzea, elkarrekin konpartitu gabe. Orokortasunik egin ezin bada ere, euskaldunon artean, asko maite dugu elkar, baina ez dugu adierazten hitzez, eta asko erran gabe doaz. Mattin erran gabe joan da, bere bizitza bikoitza gorderik.

Interesgarria da ere emakume ofizialaren eta maitalearen lekua zein den. Askotan pentsatu izan dut ze zaila izan behar den norbait maitatzea eta gorderik eraman behar izate hori. Saiatu naiz ulertzen bakoitzak nola eramaten duen bere bizi txikia. Azkenean istorio txikiak dira, baina humanoak.

«Erran gabe doa» horrek esanahi bikoitza badu.

Bai, gustatu egin zait hitz joko hori, ‘erran gabe doa’: ‘agerikoa da, bistakoa da’, noski. Baina zentzu literalean ere hartzen ahal da, ‘erran gabe joan da’. Zer doa? Pertsona bere sekretuekin hiltzen da, erran gabe doaz isiltzen dituen kezkak, dudak. Orduan, zer doa erran gabe? Bizitza zati bat, gure parte bat. Ez da jujamendu bat, galderak dira. Ez dut erantzun gehiago, baina enpatia bai, pertsonaia bakoitzarekin. Bakoitzak baditu bere arrazoiak errateko edo ez errateko.

Zure hitzak diskoan ere atzeman ditzakegu. Zein gai landu dituzu?

Oso desberdinak. Disko honetan musika gehienak ez ditut nik konposatu, Pat Tetevuidek egin ditu. Pieza batzuetarako musikak entzunarazi dizkit, eta nik horrek inspiratutako hitzak idatzi ditut. Beste baten kasuan berak musika konposatzean bazuen bere istorioa egina, orduan saiatu naiz bere istorioa eta bere sentipenak hitzez adierazten. Beste interpretazio bat izan da, beste pertsonaia bat bat sortu dut, eta ariketa polita izan da. Gaiak oso unibertsalak dira, bakardadea, maitasun galdua.

Isiltasunaren gaia nik idatzi nuen eta berak musikatu zuen. Ez dut ziurtatzen ahal kronologikoki nola kokatzen den eleberria idazten ari nintzen garaiarekin, baina baliteke loturaren batzuk izatea bien artean. Gero nire konposizioak ere badira, betiko gaiekin, nire mundu aski sentimental horretan, puntu erromantiko horrekin. Badira klasikoak, herrikoiak ere.

Musikari dagokionez, kolaborazioak izan dituzu.

Kolaborazio handiak askoz gehiago izan dira. Lerman Nievesen soka kuartetoa bada bi kantutan, Josean San Miguel musika elektronikoan ari da, eta eskaini dizkigu musika batzuk. Petti ere bada, boza emanez, eta Nahia nire alabak ere parte hartu du. Momentu oso kutunak ditut diskoa honetan. Cristina Ruiz Gil ere bai, biolinean. Topaketa artistiko ederrak izan dira.

Topaketa horiek estilo ezberdinak ere ekartzen dituzte.

Bai, hori ere interesgarria da, eta hala ere saiatzea koherentzia gordetzen. Ez dakit gehiegi nola egiten den, baina nire ahotsa hari bat da. Unibertsoari dagokionez, Pat eta biok ongi elkar ezagutzen dugu. Berak ongi sentitzen du nora joan behar den musikalki ni eroso senti nadin.

Diskoa irakurritako olerki batekin hasi eta bukatzen da.

Lotura egin nahi nuen, nonbait niretzat prozesu bera baita eleberriarena, hitzena eta musikarena. Euskarria edo medioa da desberdina, baina azkenean atera beharra da; eta horregatik poesia errana nahi nuen bi munduak lotzeko, eta ez sailkatzeko.

Musikak ere konposatu dituzu.

Bai, pieza batzuetan. Ni ez naiz musika teknikari oso ona, eskerrak musikariak hor ditudan grazia pixka bat emateko.

Barrukoa ateratzeko adierazpide ezberdinak baliatzen dituzu.

Horrelakoa naiz ni, pixka bat denetik egiten duena. Badakit literaturari ez diodala ekarpen ikaragarririk egingo, baina orain esaten dut kalterik ere ez diodala egiten, eta baimen hori ematen diot neure buruari, urteetan eman ez diodana. Dena errana izan da, dena egina izan da, beharbada beste sentsibilitate bat bakarrik da, nirea.

Hori da ekarpena.

Bai, poz handia ematen dit jendea etortzen zaidanean erranez normalean ez duela euskaraz irakurtzen, frantsesez irakurtzen duela eta nirea zelako hartu duela eta oso gustura irakurri duela. Horrek poztu egiten nau, eta segi dezatela euskaraz irakurtzen. Aukera bat bada, frantsesez idazten ahalko nuke, eta askok galdetzen didate, baina ez dut nahi. Hor bada, ez dakit militantismoa den, baina aukera artistiko eta politikoa. Euskaraz sortzen dugunon mundua txikia bada ere, nire ur tanta horretan eman nahi dut.

Erran daiteke ere euskal literaturari hain ugaria ez den Ipar Euskal Herriko ikuspegia ematen diozula, hemengo bizitzaren isla eta euskararen presentzia agertzen baitituzu.

Bai, horretan saiatzen naiz. Gero sentitzen naiz hibrido gisa, Hego eta Ipar Euskal Herriko euskara batuaren gaia ateratzen denean; uste dut bakoitzak badugula gure euskara batu propioa. Nik nirea eraiki dut, eta ahalegintzen naiz hemengo kutsu hori ateratzen, hemengo kolore eta zaporea. Beharbada, Ipar Euskal Herriko jende askori kostatu egiten zaio euskal literatura irakurtzea, hizkuntza berak bizi duenetik biziki urrun gelditzen baita. Ez baita hemen aski jende alfabetatua izan euskaraz idazteko. Datozen belaunaldiak bai, noski, baina ez gara hainbeste.

Nola sentitzen duzu hemendik aurrerako bidea?

Ez dut planik eginik, baina pentsatzen dut oraindik badagoela zer egina. Nire baitan gauza batzuk ari dira pizten. Denbora bat hartu behar dut lasaitzeko, gauza asko izan dira oso denbora gutxian, bi urtean hiru proiektu egin ditut.