Nerea GOTI
Prekarietatea salatzeko martxa Aiaraldean

Lan-praktiken iruzurretik miseriarekin jolasean dabiltzan apustu-etxeetaraino

Amurrioko industrialdetik hirigunera eta handik Luiaondora, prekaritatearen aurpegi ugariak erakutsi zituzten atzo Aiaraldeko gazteek; esaterako, hainbeste goraipatzen den formakuntza aipatu zuten, eta horren aterkipean zernahitarako doako langileak erabiltzen direla.

“Dagoena da”; halako mantra konformistak irauli nahi ditu Ernaik, prekaritateari aurre egin eta bizitza benetan erdigunean jartzen duen eredu baten aldeko aldarrikapenak kaleratuz. Martxak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatzen ari da gazte antolakundea hainbat herri eta eskualdetan, bizitzaren arlo guztietan eragina duen prekaritatea borrokatzeko. Txosten bat ere osatu du neurri zehatzekin. Bihar bukatuko dituzte martxak Gasteizen, hainbat ekitaldirekin.

Aiaraldean barrenako martxan parte hartu zuten gazteak ikasketa arlo ezberdinetakoak dira. Lehen pertsonan pairatu duten prekaritateaz galdetuta, praktiken mundua aipatzen dute nagusiki. «Mantenurako ikasi, enpresa batera joan eta produkzioan jarri ninduten, zortzi ordu produkzioan ezer kobratu gabe, hiru hilabetez», azaldu zuen gazteetako batek.

Ez da kasu bakarra, jakina. Beste baten kasuan, sukaldaritza ikasi eta Bilboko jatetxe batean hasi zen praktiketan. «Postreak egiten jarri ninduten ni bakarrik, inoren laguntzarik gabe», kontatu zuen. «Praktikak egiten ari garela, edozein postutan jartzen gaituzte eta ikastetxeek ez dute jarraipenik egiten, hara bidaltzen zaituzte eta ez zaituzte babesten», adierazi zuen beste parte hartzaile batek. Gaineratu zuenez, askotan ez dute ikastetxeko ordutegia ere errespetatzen, nahiz eta zenbait praktikatan zentroaren ordutegia bete behar duten. «Colsan egon nintzen mantenurako asteetan margotzen jarri ninduten», beste baten kontakizuna.

Aiaraldean, beste inguru askotan bezala, arlo ekonomikoan bakar batzuei doazkie gauzak ondo, eta horien artean ez dira gazteak egoten. Krisialdiek gogor jo dute inguru hau, eta azkenaren aitzakiaz murriztutako baldintzak ez dira lehengoratu edota are murritzagoak dira, bereziki gazteen kasuan, berdin enpresa handi zein txikietan.

Martxaren lehen geldiunea, hain justu, Amurrioko Tubacex handiaren atarian egin zuten. LABek salatu duenez, eskualdeko enpresa handienetako horretan aldi baterako laneko enpresen (ETT) erabilera debekatzen du hitzarmenak, baina «enpresa bera ETT handi bat» bilakatu da, bi eguneko eta asteburu bateko kontratazioak egiten baititu. Formakuntza dualean ere gauzak ez dira programek saltzen dutena. Gazteek salatu zutenez, «ikasleak komodin moduan erabiltzen dituzte postu estrukturalak kubritzeko eta askotan ondoan jartzen dizuten langileak ez dauka beharrezko formazioa zuri irakasteko».

Valvospain enpresa ere gertu dago, hartzekodunen konkurtsoan. Greba mugagabean daude 61 langileak. Horiekin hizketan jardun ziren gazteak; duten egoeraren berri eman zuten batzuek, beraien ekimena azaldu besteek. Lantegietatik hirigunera salto egin, eta enpresen interesen mesederako lan egiten duen hezkuntzatik harago, miseriarekin jolas egiten duten apustu-etxeetara zabaldu zuten salaketa.