GARA
IRUÑEA

60 urte bete ditu Txistularien Alardeak

Uztailaren 9an 60 urte beteko ditu Iruñeko Txistularien Alardeak eta, horren karietara, gogoeta, musika eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute, San Jose plazatxoan, 13.00etan hasita. Txistularien Alardeak “Atzokoaren islada, etorkizuneko indarra” izendatu du San Fermin bete-betean aurkeztuko duen ikuskizuna. «Testuingurua 2079. urtea da. Duela hirurogei urte ospatutako alardea mugarria izan zen. Txistua instrumentu ezaguna da mundu zabalean, eta hori Fermin protagonistak 2019ko Alarde hartan izandako portaerari zor zaio. ‘Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra’ ikuskizunaren bidez ezagutzera emango da egun hartan sanferminetako Alardean gertatutakoa», azaldu zuten. Obrarekin, Alardean eta txistuan egindako bideari erreparatu nahi diote, gogoetatik zein umoretik.

Bere aldetik, III. Alarde Txikia ekainaren 21ean izango da, Udaletxe plazan, eta bertan Nafarroako musika-eskola desberdinetako dozenaka txistulari eta gazte bilduko dira.