GARA
Baiona

Bizi mugimendua hamargarren urteurrena ospatzen ari da Baionan

Hamar urteko ibilbidea ospatzeko, Bizi mugimendua kalera atera da asteburu honetan Baionan. Bere jarduera eta lan moldeak ezagutzeko parada izan zen atzo hiriko karriketan. Horrekin batera, tokiko produktuak ezagutarazteko eta dastatzeko aukera izan zen, besta giroan.

Egun Bizi mugimenduak biltzen dituen 21 lantaldeen lanak ikusgai jarri zituzten hurbildu ziren herritar guztientzat. Erakusketara inguratu ziren hiritarren artean Baionako alkate Jean Rene Etxegaray eta Bizi-ren sortzaileetako Jean Noel Etxeverry “Txetx” izan ziren, besteak beste.

Erakusketaz gain, hitzaldiak ere antolatu zituen Bizi mugimenduak. Horietako batean Geneviene Azam eta Corinne Morel unibertsitate irakasleak egungo klima-larrialdiari aurre egiteko estrategiez mintzatu ziren.

Ospakizuna ostiralean abiatu zen hitzaldi, bertso saio eta aperitifa alaitu batekin. Ondoren, “Irrintzina, le cri de la génération climat” filma eman zuten.

Gaur, azkenik, desobedientzia zibila eta bortizkeriarik eza oinarri dituen «ekintza alai eta aldarrikatzaile» batekin abiatuko dute eguna, eta eguerdian herri bazkaria izanen da Patxa plazan.

2009ko ekainaren 4an eratu zen justizia sozial eta ekologikoaren aldeko mugimendua hau. Euskal Herrian sortu bazen ere, tokiko borrokak eta borroka globalak uztartu ditu, burujabetza erreala helburu. Bakegintzan ere bere ekarpena egin du Bizik.