Asier AIESTARAN
ARRAUNA - KAE1 LIGA

Zarautz indartsu hasi da eta bera da lehen liderra

«Enbata» nagusitu da Pasai Donibanen, lau ziabogako erlojupeko berezian.

Zarauzko “Enbata” da KAE-1 Ligako lehen liderra Pasai Donibaneko aurreneko estropada, III. Fegemu Bandera, nagusitasunez irabazi ostean. Gipuzkoarrek denboraldi-aurrean erakutsitako maila ederrari jarraipena eman zioten lehen estropada ofizialean eta tarte dezenteak aterata lortu zuten azkenean garaipena.

Estropada berezia izan zen denboraldia ireki zuena, justu badiako irteeran egiten den lau ziabogako erlojupekoa, helmuga puntutik behin baino gehiagotan igaroz, eta zarauztarrek –lehen txandan aritu ziren– agindu zuten bigarren biraketatik aurrera. Lehen ziabogan, luze erdia eginda, Arkoterena izan zen denbora onena (2:14), Deusturena gero (2:15) eta Zarautzen denbora hirugarrena zen une horretan (2:17).

Bigarren ziabogarako, ordea, eta jada luze oso bat egin ostean, zarauztarrena zen marka azkarrena (7:31), Arkoteri segundo bat eta Deusturi bi aterata. Hortik aurrera aldeak areagotzen joan zen “Enbata” eta helmugan tarteak kontuan hartzeko modukoak izan ziren: 3,24 Deusturi (bigarren), 10,22 Donostiarrari (hirugarren) eta 14 Arkoteri (laugarren).

Emaitzak aztertzeko garaian kontuan izan behar da lau ontzi horiek lehen txandan egin zutela arraun, eta bigarren txandakoen artean (azkena irten zirenak, alegia) Pedreña izan zela onena, bosgarren postuan 16,22 segundora. Zaila da ziurtatzea, baina baliteke eguerdi partean haize apur bat altxatu izana eta horrek bigarren txandako ontzien lana hein batean baldintzatzea.

Zarautzek atzo aurkeztu zuen kuadrilla hauxe izan zen: Martin Rekondo, Imanol Eizagirre, Joanes Elizondo, Aitor Jauregi, Gorka Zubeldia, Xabier Ormazabal, Garikoitz Uranga, Gorka Imaz, Igor Gurutxarri, Manex Otaegi, Oinatz Arretxe, Iñigo Galdos eta Beñat Eizagirre, Aitzol Garro patroi zutela. Bigarren urtea du Gari Urangak etxeko traineruaren kargu egin zenetik eta atzokoa da lan horietan lortzen duen aurreneko bandera –iaz bigarren izan ziren Plentziako estropadan–.

Deustu ere garaipenetik gertu geratu zenez, atzoko kuadrilla gogoratuko dugu badaezpada: Aritz Sanchez, Igor Sanchez, Jon Elortegi, Joseba Bilbao, Peio Oliban, Edorta Gamboa, Urdax Antepara, Iker Gutierrez, Alvaro Gallego, Lander Salas, Gaizka Elizondo, Iñaki Elorrieta eta Mikel Bouzas, Iker Gimeno patroi zutela.

Gaur bost ziaboga

Atseden hartzeko denborarik gabe, bigarren jardunaldia gaur jokatuko da 12.30ean, III. Adegi Bandera, Pasaian bertan baina badia barruan, bost ziabogako eremu motzean. Horrek esan nahi du indarreko beste estropada bat izango dela, ontzia sei aldiz jarri beharko baita martxan ur lasaietan eta ia hutsetik hasita. ETBk zuzenean eskainiko du estropada hau.