Aitor Montes Lasarte*
Familia medikua Aramaion
KOLABORAZIOA

Ikasketa hasierako lana

Berriro ere Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen gorabeherak bolo-bolo ibili dira hedabideetan, hala nola sare sozialetan. Graduaren azken urtean, ikasle orok aurkeztu behar du bere Gradu Amaierako Lana (GrAL); bere interesa piztu duen, eta aldi berean tutore batekin adosturiko gai baten inguruko lan bat, alegia. Egindako lana euskaraz, gazteleraz edo ingelesez defenda daiteke berme osoarekin, teorian, hainbat irakaslek osaturiko epaimahai baten aurrean. Jakin izan dugunez, prozedura berria abiarazi da: euren lanarengatik ohorezko matrikula jaso ahal izateko, aurkezpena berriz egin behar dute hautaturiko ikasleek. Zaharrak berri, aurten ikasle euskaldunei zera eskatu zaie: euren GrALa gazteleraz edo ingelesez aurkeztea, irakasle batzuk ez omen direlako elebidunak.

Hasteko, boterea dutenek emandako iradokizuna agindua baino ez dela esan behar da. Inposizioa besterik ez, ahuldade egoeran dagoen ikasleari. Kontrakoa gertatu izan balitz? Ikasle erdaldunei euren aurkezpena euskaraz egitea iradoki izan balitzaie? Gertatutakoak osasun-jardueraren oinarrian dagoen berdintasuna zapuzten duela bistan da.

Ikasleek egindako kexari, eta hedabideetan jaso duen oihartzunari esker, egoerari buelta eman zaio. Barkamena eskatu du euskara dekanordeak, baita dekanoak berak ere, eta garrantzitsuena, hasieratik ikasleei zegokiena erdietsi da: epaimahaiko kide guztiak elebidunak izatea. Hau da, unibertsitate elebidun batek eskatzen duen maila zein neurriko irakasleek osatzea ganorazko epaimahai bat.

Jakin badakigu ezin dela gradu osoa euskaraz ikasi, eta euren eskubideen alde hamaika borroka egin dituztela medikuntzako ikasleek. Jakin badakigu horri erantzun egokia emateko ahaleginetan daudela unibertsitateko hainbat kide, bai errektoregoan bai fakultateko dekanotzan. Saririk ez, omenaldirik ez ikasleentzat edo irakasleentzat, ez behintzat instituzioen aldetik, ezta euskalgintzatik ere. Euskararen normalizaziorako ezinbestekoa den osasungintzan dabiltzanak ez omen dira euskal akademiaren gustukoak.

Gertaera honek soka luzea ekarri du, baina garaipen laburra. Izan ere, egoera askoz larriagoa da, erro oso sakonak dituen arazo sistemikoa, osasungoan EHUn baino txarragoa ziurrenik.

Ikasle orok dauka bere hizkuntzan ikasteko eskubide osoa. Bere GrALa euskaraz lantzeko zein defendatzeko eskubidea. Baina gure jardueraren funtsa eta helburua pazienteak dira; jendean ardazturiko arreta da gakoa. Arreta prozesua ez da berdina, pazientea edozein izanda ere. Iraungita dago hori. Arreta pazientearen araberakoa izan behar da, neurrikoa, bere izaera, hizkuntza, identitatea, generoa, erlijioa, jatorria, bizi-baldintzak eta gainontzekoak kontuan hartuta. Eta horrek, berez, arreta pazientearen hizkuntzan izatea eskatzen du, gurean euskaraz zein gazteleraz edo frantsesez, ahoz eta idatziz, edonon eta edonoiz, maila guztietan.

Nekez ikasiko dute hori Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikasleek, hasieratik irakasten ez bazaie. Behar horretara egokitu behar dira ikasleak, euskarazko edo gaztelerazko adarrekoak izan edo ez; baita irakasleak ere. 

Hori horrela, ikasleen hizkuntza-beharretara egokitu behar da irakasle oro, mediku oro pazienteen hizkuntza-beharretara egokitu behar den bezala. Arazo hau ez bada konpontzen, hau da, hizkuntza eta arreta bereizten badira (pazientea eta arreta bereiztea azken batean), horrelako ezuste, akats eta hanka-sartzeak behin eta berriro gertatuko dira.

Eremu elebidun batean profesional guztiak elebidunak izan behar dira: jarduera klinikoan, ikerkuntzan, prestakuntzan, zuzendaritzan. Pazientearen araberako arreta behar dugu, ez medikuaren araberakoa. Eta hori hasieratik argi geratu behar da, ez amaierarako utzi.

*46 pertsona gehiagok sinatzen dute.