Asier AIESTARAN
EUSKO LABEL LIGAKO TALDEEN AURKEZPENA - ONDARROA

Beste urrats bat egiteko zimenduak jarri dituzte

Hirugarren urtea beteko du Ondarroak TKE Ligan eta, bi aldiz zortzigarren izanostean, badirudi aurten koska bat gora egin dezakeela. Edo bi, adi ibili.

Sarrera indartsua egin zuen Ondarroak 2017an Eusko Label Ligan. Lehen aldiz egin zuen arraun “Antiguako Ama”-k gorengo mailan eta, Jon Iriondoren eskutik, zortzigarren amaitu zuten, jaitsieratik beti urrun eta tarteka goikoei ezustekoren bat emanez. Eta antzeko bidea urratu zuen iaz, berriz ere zortzigarren, jada Iñaki Errasti entrenatzaile zutela, eta asteburuero itxura aparta emanez.

Hirugarren urtea dute aurtengoa, eta aurreneko bietan horren lan ona egin zuten Iriondo eta Errasti batera arraunean ikusteko aukera izango da –horregatik bakarrik merezi du Ondarroari gertutik jarraitzea–. Ez alferrik, bizkaitarrak izan dira arraunzaleen artean neguan zeresan handiena eman dutenetako batzuk: «...eta adi Ondarroarekin», izan da komentario nagusietako bat faboritoak aipatzen hasi garen bakoitzean.

«Gure helburua iazko emaitza hobetzea da. Hemen jendeak hobetzeko egiten du lan eta horretan saiatuko gara. Badakigu oso zaila izango dela. 2018koa hobetzeko bigarren txandan egon behar da, eta hori badakigu ez dela erraza izango», aitortu zuen Iñaki Errastik TKE Ligari berriki egindako adierazpen batzuetan.

Taldeari dagokionez, iazko blokeari jarraipena ematea lortu du entrenatzaile oriotarrak, eta aipatu dugun Jon Iriondorekin batera, beste bost aurpegi berri ikusiko ditugu aurten Ondarroako traineruan. Ongi aukeratutako jendea: Zumaian hezi eta iaz San Pedron aritutako Iñaki Urtubia itziartarra edota Getarian urte politak bizitako Josu Makazaga oriotarra, esaterako.

«Hobetzeko grina»

«Ilusioa daukate, eta hobetzeko grina. Horixe ari zaizkit erakusten eta garrantzitsuena hori dela esango nuke. Ilusiorik ez badago, ez dago zer eginik. Erakutsi nahi dute balio dutela, arraunlari bikainak direla, eta ahalik eta emaitzarik onenak lortu nahi dituztela», eskertu du Errastik taldearen lana.

Hobekuntza horren adibideak dezente izan dira denboraldi-aurrean, eta agian aipagarriena, ekainaren hasieran etxeko estropadan lortu zuten bigarren postua, Donostiarrarengandik zazpi segundora eta Orio, Bermeo eta Kaiku atzean utzita.

«Denboraldi-aurreko lanak ongi joan dira. Iaz arazo dezente eduki genituen, baina aurten ez dugu ezustekorik izan eta jendea hobeto ezagutzeko balio izan dit. Estropada askotara bi trainerurekin joan gara eta horrek aukera eman dio jendeari arraun egiteko. Emaitza batzuk hobeak izan dira besteak baino, baina lana egokia izan da».