GARA
DONOSTIA

Lekukoen eta irudien arabera, Grosen hildakoa atzetik kolpekatu zuten

Grosen jasandako erasoaren ondoren hildako 61 urteko Jose Luis Lancha errenteriarra atzetik kolpekatu zuten, atzo Donostian egindako elkarretaratzean jakinarazi zutenez.

Erasoaren lekukoek deklaratu dutenez, ustezko erasotzailea Groseko kale batetik hildakoaren atzetik zihoan eta hark bakean uzteko eskatu zion. Hori azaldu zuen Azuri Lancha alabak elkarretaratzean. Bertan ziren Joaquin eta Berex semeak eta hildakoaren hiru neba-arrebak ere.

Ofizioz galdaragilea zenak hondartzara joateko asmoa zuela esan zuen alabak eta Grosera iritsi zenean Mirakruz kalean zabalik zegoen administraziora bonolotoa erostera hurbildu zela. «Atzetik kolpekatu zuen nazkagarri horrekin topo egin zuen hantxe. Lekukoek diote bere atzetik joan zela eta gure aita zenak bakean uzteko esaten ziola». Aita zutena «gizon indartsu, kirolaria eta gorputz atletikokoa» zenez erasoa aurrez aurrekoa izan balitz ez zela horrela bukatuko adierazi zuten.

Bideoaren irudiak

«Erasotzailea identifikatuta dago, bideoak daude eta», esan zuen alabak.

Hildakoaren Joaquin semeak aita zenari erori zen moduan erortzeko «objetu batekin atzetik kolpea» eman ziotela gaineratu zuen. «Autopsiak esango du, baina erori aurretik objektu mingarri batekin kolpea eman behar izan zion. Arreba medikua dugu eta burezurra ezin dela horrela apurtu dio».