Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Akorduak

Gutxi hitz egin dizuet preso dagoen nire anaiaz, Zigorrez. Gaur irudi batzuk ikusi ditut, ordea, eta hartaz oroitu naiz: hiru katxalote lo, eta haien inguruan murgil igerian, urpekaria. Zintzilik, ezerezean paraturik egiten dute lo kaxaloteek. Pazko uharteko moaiak dirudite, buru karratu, larru pitzatu, erraldoi. Ikuskizun kasik onirikoa da, itsasoarekin zerikusia daukan guztia bezala. Orok dauka lurrin futurista bat, postapokaliptikoa. Ur misteriotsua, mehatxuz betea, eta haren baitan zilarrezko izaki iheskorrak saldoka. Erdian, harrizko izaki beltz harrigarriak, lo eternal batean irudi. Kaxaloteak, baleak bezala, «gu» erbesteratu baten moduan ikusten ditugu anaiak eta biok. Begiei so egiten diegunean, geure buruarekin topo egiten dugu. Gu garen izaki ikaratuekin. Arima bakartua oskol gogorregi batean, eskafandran bizi den gizona bezala. Traje astunegiak munduaz aldentzen du, alferrik egiten du hitz, ez diogu entzuten, ez diogu ulertzen: zer esan nahi digu bere zakur begi horietatik? Zer esan nahi digu han, larru latz eta gantz tona haren azpian datzan izaki ia humanoak? Liluraz so egiten diogu, mendea iraungo genuke hala, hura besarkatzeko desira konpultsiboari ezin eutsiz. Harekin bat egin “Le grand bleu”-ko Jaques Mayolek bezala, itsasoaren abismo ilunean desagertu, maitasun amniotiko erabatekora itzuli. Ez dizuet nire anaiaz ia inoiz hitz egin. Ez da akordatzen ez naizelako.