Nerea GOTI
BILBO
puntueus domeinuak bost urte bete ditu

Ingurune digitaleko euskal marka, 10.000 erabiltzaile gainditzear

Euskarak eta euskal kulturak interneten duten adierazlea, «.eus» domeinua, bost urtetan 10.000 domeinu gainditzetik gertu izatera heldu da eta horrek besteen parean kokatu du prezioan ere, aurrerantzean 19 euroan izango baitira altak eta berritzeak. Arlo ezberdinetan errotuta, «ezagunak gara eta konfiantza transmititzen dugu».

Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakariak kontatu zuenez, euskararen eta euskal kulturaren marka den interneteko domeinua ilusio handiz jarri zen martxan eta ez zuen hasiera erraza izan, baina oztopoak gaindituta 10.000 domeinura heltzear dago gaur egun euskal marka, eta horrek dagoeneko ondorio zuzen bat dauka egungo erabiltzaileentzat eta etorkizunekoentzat.

Lehenengo ondorioa prezioaren merkatzea izango da. Euskal domeinuaren altak eta berritzeak 19 euroan izango dira aurrerantzean, eta prezioa iraunkorra izango da.

Lortutako kopuruak ahalbidetu du salneurriaren merkatze hori eta interneteko gainerako domeinuentzat ohikoa den prezioa finkatzea.

Azpimarratu zuten euskal domeinuak prezio berean «balio handiagoa» ematen duela eta «beste domeinuek eskaintzen ez dituzten onurak ekarriko dizkiela erabiltzaileei. Horrekin lotuta aipatu zituzten «nortasun propioa» eta «gertutasuna», arazoen aurrean laguntza eskaintzen duelako, baita euskal domeinuak eskaintzen duen «segurtasun gehigarria» ere, Basque Cybersecurity Centerrekin duen lankidetzari esker aparteko segurtasun baldintzak ziurtatzen baititu.

Prezioa da domeinuaren normalizazioaren adierazle argia, eta errotuta dagoela islatzen duena. «Domeinua sendotzen joan da eta 10.000 domeinuko langa gainditzetik gertu dago», nabarmendu zuen atzo Goirizelaiak berak, Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendariarekin batera.

«Bideragarritasunik edukiko ote zuen galdetzen genion geure buruari» eta gaur egun «ezagunak gara eta konfiantza transmititzen dugu», adierazi zuten. Izan ere, euskal domeinua ez da bakarrik kultura arloan zabaldu, administrazioaren, enpresa munduaren eta merkataritzaren bultzada ere jaso du.

Goirizelaiak emandako datuen arabera, “.eus” Euskal Herriko hirugarren domeinua da dagoeneko, eta lehena izatea da apustua.

Oreka TX eta gehiago

San Mameseko metro-geltokian egin zuten agerraldia fundazioko arduradunek, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko kudeatzaileak.

Beraien esanetan, domeinuaren bilakaerak antz handia du metroaren jarduera eta izaerarekin, «komunikazioa ardatz izanik, erabilera jendetsua ahalbidetzen duelako eta erakusleiho itzela ere badelako komunitatearentzat».

Urteurrenaz gain, zer ospatu ugari du euskal domeinuak erabiltzaile kopurua igotzearekin batera. Bilboko San Mameseko metro-geltokian errealitate areagotuko instalazio bat jarri dute, «euskarak sarean konektatzen gaituela» irudikatzeko.

Bestalde, jai berezia prestatu du domeinuak ostiral honetarako, Kafe Antzokian, jaio zen espazioan bertan. Ospakizuna 11.00etan hasiko da, eta komunitatea izango da protagonista nagusia, hari egin nahi baitiote lorpenaren aitortza. Iragarri zutenez, jai horretan Oreka TX, Mixel Ducau eta Maika Etxekopar arituko dira.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik eskatu behar da, Domeinuak.eus webgunean.