Idoia ERASO
BAIONA

Bide berriari ekingo dio EHZ festibalak bihar Irisarrin

Bihar hasi eta igandean amaituko da Euskal Herria Zuzenean. Hiru egunez kontzertuak, tailerrak, antzezlanak... izanen dira. Talde berri baten gidaritzapean, Irisarrin eginen da lehen aldiz jaialdia. Herritar anitzen parte hartzea muntaketatik agerian gelditzen ari da.

Irisarriko paisaia aldatzen ari da azken egunotan, ohi baino giro handiagoa dago herrian eta bihar hasiko den festibalari harrera egiteko beharrezkoak diren muntaketa lanak gauzatzen ari dira. Antolatzaile eta laguntzaileek irisartarrak dituzte bidelagun, herria barrutik eta kanpotik janzteko.

«Irisarri leku berria da EHZrentzat, eta talde berria ere bagara antolatzaileena. Berrabiatzea ospatzeko jendea etortzea espero dugu; gainera, eguraldi ona iragarri dute»; hitz horiekin zabaldu du gonbidapena Julen Ollarburuk. Antolatzaile eta kokagune berriek aldaketak ekarriko dituzte egituraketari begira. Talde gaztearen ekarpenak programazioaren inguruko gogoetari lotzen zaizkio bereziki, festaz gain, gogoeta sozial, kultural eta politikoa txertatu baitituzte programazioan.

Kokaguneak ere aldaketa garrantzitsuak ekarriko dizkio jaialdiari. Alde batetik, herriaren egituraketa kontuan izanik, bi eremuek baldintza ezberdinak izango dituzte: pentzean izanen diren kontzertuetara sartzeko ordaindu egin beharko da; aldiz, plazako gunea urririk izanen da. Herriak dituen gune ezberdinak baliatuko dira; Ospitalea gelan, esaterako, Zorroztarri eta Lorentxa Beyrieren erakusketak izanen dira ikusgai. Eta Airoski gelan zikiroa eginen da igandean.

Irisartarrak dira herriari loturik aurten izanen den berezitasunetako bat; izan ere, herritarren eta bertako eragileen inplikazioa oso handia izaten ari da hasieratik. Jaialdian bertan laguntzaileen artean izanen dira batzuk; festa komiteko eta herriko eskubaloi taldeko kideek, esaterako, txandak hartu dituzte. Dantza taldeak ere ikusgarria eskainiko du herriko plazan larunbatean. Dinamika bi norabidetakoa da, antolatzaileek bertako saltokietara jo baitute eta, adibidez, jaialdian zerbitzatuko den ogia eta haragia bertako dendetakoa izanen da.

Trans-en-danse konpainiako 15 migranteak jaialdiko programazioaren parte izateaz gain, laguntzaile gisa ere ari dira astelehenetik. Afrikar jatorria duten artisten gehiengoa Ipar Euskal Herrian bizi da, eta lehenago hurbildu dira Irisarrira muntatze lanetan parte hartzera. Batzuei antolatzaileen etxeetan egin diete harrera, eta beste batzuei irisartarrenetan.

“Etorkinen hitza” da horien ikuskizuna eta, izenak dioen bezala, adierazpen espazioa dute hau, «bihotzetik bihotzera elkar ezagutzeko» parada emanez. Ikuskizuna ostiralean 18.00etan eta igandean 15.30ean eskainiko da, eta horren ondotik haiekin eztabaida aurreikusia da, trukerako aukera eskainiz. Gaur egungo gizartean garrantzi handia duen gaia da migrazioa, eta hori dela-eta horri loturiko erronkei buruzko sentsibilizazio tailerra antolatu dute.

Askotariko programa

Tailerrak dira aurtengo programazioko hitzordu nagusietako bat. Aurreko edizioetan garrantzia bazuten ere, edizio berritzaile honetan horri pisu handiagoa eman nahi izan diote. Gaur egungo gizartean dauden erronka ezberdinekin loturiko gaiak jorratuko dira bertan, eta izen-emate kopuruan ikusi da feminismoaren ingurukoak interes berezia piztu duela. Irisartarren ekarpena eremu honetara ere hedatuko da, hiru biztanleren eskutik festa egiteko eredu ezberdinen inguruko gogoeta eginen baita jaialdian.

Ohi bezala, musikak ere garrantzi handia izanen du aurten ere, baina oraingoan Euskal Herriko talde eta bakarlariei lehentasuna emanik. Willis Drummond, Anari, Izaki Gardenak, La Jodedera, Gari & Maldanbera, Oihaneko Zühainetan, Niña Coyote & Chico Tornado... izanen dira Nafarroa Behereko herrian joko dutenetako batzuk. Horrez gain, antzezlanak, dantzak eta haurrentzako jolasak ere izanen dira Irisarrin.