Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Deskontrolaren zenbaketak

Asko hitz egiten ari da 5Gari buruz eta honek gure erabateko kontrolari dagokionez suposatuko duenari buruz. Baina sanjuanak igarota, sartu gara uda sasoian, deskontrolaren metxa piztuz.

Hasi da jendea gure kostaldera ez ezik, beste lurraldeetako hondartzetara joaten eta hasi da kontrolik gabeko opor garaia. Hogeita bost gradu, uretan sartzeko tenperatura ezin hobea. Bainuaren ostean, itsasertzetik bi kilometroko paseoa egin dugula erranen digu tenperatura txibatu digun eskumuturreko erloju inteligenteak. Bagenekien zenbat metroko hondartza den, horrela esan baitigu haraino eraman gaituen eta egindako mila kilometroak memorian gorde dituen GPSak.

«Hodeia»-n betiko geratuko diren hogeita hamar argazkiak egiten dituen sakelakoarekin ordainduko ditugu edarien hogeita bost euroak, egondako txiringitoaren arrastoa ere utziz.

Hauexek dira uda deskontrolatuaren zenbaketak. Baina zeruertzera begiratuz gero, benetako deskontrolaren kontzientzia hartuko genuke. Han hasiko baitira desagertzen aukera berri baten bila abiatutako horiek. Izenik gabeak direnez, ordea, haiek zenbatzeko modu bat soilik dago. Beraien jatorrizko herrian kezkatuta utzi dituzten senideek emandako datuekin badakigu honezkero kasik mila direla, adibidez, Andaluziako itsasoan bizitza galdu dutenak, urperatuta, sekula dolua itxi ezingo duten familiek lurperatu ezingo dituztenak.