Jon ORMAZABAL
Interview
IñIGO BIKUÑA
ASPEKO PILOTARIA

«Donostian pilotari bat ateratzea oso zaila izaten da, futbolak erakarmen handiagoa dauka»

Beñat Arzelusek frontisen eginiko ibilbide laburra alde batera utzita, 26 urte dira Donostiako pilotari profesional batek debuta egiten ez zuela, Juantxo Kokaren 1993koaz geroztik. Igandean Iñigo Bikuñak emango du jauzia, hirian bertan, Antiguako Izurun pilota eskolaren eta auzo osoaren ekimenari esker.

Zeregin ugari izateak ez dio urduri jartzeko betarik eman, baina igandea heldu ahala, sabeleko tximeletak ugaltzen doaz.

Espero zenuen orain debutatzea?

Bai, irailean hasi nintzen, Asperekin aurrekontratua sinatu eta gero, eta esan zidaten ekainean-edo debutatuko nuela.

Nola prestatzen da debut bat?

Bada, teknikoki, Jokin Etxanizekin; eta gero fisikoan, Altuna eta Jakarekin aritzen naiz, David Fernandezekin.

Beñat Arzelus frontisen egon zen garai labur hori kenduta, 26 urte Donostian profesionalik gabe...

Berezia da, bai, Donostian pilotari bat ateratzea oso zaila izaten da, eta ea laster beste bat etortzen den.

Zergatik da zaila?

Azkenean, Donostia handia da, hiri bat, eta beste kirolek, futbolak-eta, askoz pisu handiagoa daukate. Jendea jokatzen hasten da eta gero igual futbolak gehiago erakartzen ditu eta futbola aukeratzen dute askok. Nik ere izan nuen aukeratzeko unea eta pilota aukeratu nuen, baina beste askok futbolera jotzen dute.

Bereziki Antigua auzoa eta bertako Izurun pilota eskola erabat inplikatu dira igandeko debutean...

Bai, hori da; asko eskertzekoa da, badakit 500 sarrera eskatu dituztela saltzeko, eta asko eskertzen diet. Eurak gabe ez genukeen lortuko hainbeste sarrera saltzea.

Donostian debutatzea berezia da, donostiarra naiz eta badakit lagun eta ezagunak pilotalekuan izango direla, eta asko eskertzen diet.

Ezagutzen ez zaituenarentzat, nolako pilotaria zara?

Tantoa defendatzea gustatzen zait, eta gero, hor, hiru edo laugarren koadroan dudanean ematea gustatzen zait. Bi eskuekin moldatzen naiz, baina gehienbat eskuinarekin.

Zer landu duzu gehien Jokin Etxanizekin azkenaldian?

Gehienbat hor hiru edo laugarren koadroan ditudan pilota horietan altura aprobetxatzen, ze askotan frontis erdian ematen diot, eta gero, piloteatzerako orduan energia gutxiago gastatzen, pilota aurrean dudanean freskoago heltzeko, indar handiagorekin.

Gaztetasunaren ajeak?

Hori da, 35 urterekin, ofizioarekin beste aje batzuk izango dira.

Asko irauteko asmoa duzu; gaur egun ez da erraza, ezta?

Ez, ez, –barrez– afizionatuetan ere jokatzen jarraitu ahal da. Gaur egun pilotan ikusten da kontratuak motzak direla, erakusteko denbora gutxi izaten da eta aukerak aprobetxatu egin behar dira. Ikusten da ikasketak behar direla, ze pilotatik bizitzea oso zaila da.

Zu ari zara horretan?

Bai, Ingeniaritza egiten ari naiz. Momentuz ondo daramat, laugarren urtea hasiko dut.

Azken urtean salto handia eman duzu zure jokoan?

Nik azken bietan esango nuke. 16 urtera arte aurrelari jokatzen nuen eta atzera pasa ninduten. Nik beti esaten dut bi urte-edo kostatu zaidala atzeko postu horretara ohitzea, eskuak direla, posturak... azkenaldian nire burua askoz hobeto ikusten dut.

Nolatan aldaketa hori?

Txikitatik Joxe Mari Calonge izan da nire entrenatzailea, 8 urte nituenetik, eta hark esaten zidan aurrean jokatzen nuela, baina dena indarrarekin egiten nuela, gantxoak eta gutxi, dena atzera. Fisikoki ere handia naiz, atzean ibiltzeko egokiagoa aurrean baino.