Aitor Bengoetxea eta Unai del Burgo
GEZKI eta UEUko kideak
KOLABORAZIOA

Ikastolak publikotasun berri baten bila

Ikastolen garrantzia hezkuntzarekin zein euskara eta euskal kulturaren sustapenarekin lotuta dago: euskal hezkuntza sistema propio eta euskaldun baten aldeko esperientzia da ikastolena. Aitzitik, «publikoa, hots, estatuarena» paradigma horretan oinarriturik, «entitate pribatu» gisa definitzen dituzte zenbait sektorek, erakunde publikoen finantziaziotik «elikatzen» diren ikastetxe «elitista» gisa, alegia.

«Hainbatek bi esparru baino ez dituzte onartzen jende arteko harremanetan: publikoa bide dena, estatua, eta pribatuen artekoa, merkatua». Edu Apodakak ederki azaldu zuen gai honen inguruan dauden jarrera kontrajarriak, “‘Berria’, gaztetxeak, UEU, Ikastolak eta beste anomalia zenbait” iritzi artikuluan (“Berria”, 2018/11/18). Idazkiaren muina: «Publikoa estatuarena da. Halakoa ez dena, pribatua. Eta horrela desagertu dena, hain zuzen, herria bera da». Apodakak herrigintzako eragileen garrantzia azpimarratzen du. Anomalien garrantzia. Anomalia horietako bat ikastolen esperientzia da.

Zuzenbideak ere horixe egiten du; publikoa ez dena pribatua da. Zuzenbide publikoa ala zuzenbide pribatua. Ikastetxe publikoa ala pribatua. Bitasuna. Punto.

Baina ikastolek badute berezko zerbait. Izaera kooperatiboa. Bitasun horretan pribatuak, bai, baina merkatuaren logikatik aldenduak, ez ditu irabazi asmoak mugiarazten; komunitatearen ekimenak sortu eta komunitatearentzat eraikitako hezkuntza proiektu dinamikoa dira. Eta dimentsio horrekin estuki lotuta, badute beste bereizgarri nagusi bat, izaera komunitarioa. Esan genezake, kritiketatik haratago, ikastolen eredua «publikotasun berri baten bila» doan eredua dela: «komunitatean eta demokrazia parte-hartzailean» oinarritutako «anomalia» bat. Kooperatibismoan eta ekonomia sozialean txertatzen ditugu ikastolak: hezkuntzaren «Hirugarren Bidea» deiturikoa, administrazioaz eta merkatuaz bestelakoa, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonen parte-hartzean eta Euskal Herri osoko ikastolen arteko elkartasunean errotutakoa. Hau da, hezkuntza eta kultur alorrean loratu den esperientzia kooperatibo eredugarria da ikastolena.

Eta esperientzia kooperatibo guztiek bezalaxe, pertsonek gidatzen dituzten ekimen guztiak bezalaxe, ikastolek argi-ilunak dituzte: bere indarguneak diren bazkideen parte-hartzea eta komunitatearekiko lotura ahultzean sortzen dira iluntasun tarte horiek. Ahulgune horiek gaur egungo abagune sozialaren isla direlakoan gaude, ikastolak ez baitira burbuila isolatuak: indibidualismoa, merkantilismoa eta elitismoa bezalako kontzeptuek ikastoletan ere eragiten dute.

Kontraesanei aurre egiteko, ikastolek beraien izaera kooperatiboaren dimentsioak (parte-hartzea eta komunitatea) indartu behar dituzte. Zelan? Urte luzeetako esperientzian oinarrituz, praxi berriak abian jarriz: «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, betiko iturri zaharretik».

Hala ere, praxi berriak irudikatzeko, aurretik hausnartu beharra dago. Ikastolek beren izaera kooperatiboaz jabetu behar dute eta hausnarketa sakona egin beraien indargune, ahulgune, arrisku eta potentzialitateez. Baina horretarako, topagune berriak sortu behar ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, UEUko Ekonomia Sailak, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (GEZKI) eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako “Ikastolak eta Kooperatibismoa” topaketaren asmoa, UEUren Udako Ikastaroen baitan. Praxi berri eraldatzaileak irudikatzeko, #ElkarEkin hausnartzea ezinbestekoa delako.