Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Leihoak zabaldu, airea mugitu

Non edo non irakurria dut egunotan, aurtengo ekaina azken urteetako beroenetarikoa izan dela, eta ekainik beroenak mende honetan izan direla irakurri ere, erregistroa erregistro. Eta euliak pozarren! Omen, amen. Dzast! Behean bego! Azkenean arrazoia zuten komunistek kantan: aldaketak datoz mundura… bai, klimarena, kasurako, nahiz eta kantaren beste gauza batzuetan azkenean asmatu ez; gertatuak ez du ardura… Ezetz? Nor den herriak badaki? Badakiela? Zalantzan jartzen dut nik hori, herri asko eta askotarikoak baitira, estatu baten barruan ere; atera kontuak zenbat herri diren planetako munduetan!

Tira, arduraren harira! Maila desberdinean bada ere, jakina! Prefosta!, guztiok dugu aldaketa horretan ardura, nork berea. Arrazoi gehiago, beraz, gure sena izan daitekeen hori bizkortzeko eta ganoradun izateko geure egunerokoan, bako izan ez gaitezen. Hortaz, 0 km-ko apustua denetan, erabakitzeko esparrutik hasita.

Klimaren aldaketa behartu horrek hainbat arlotan ekar ditzakeen ondorioez asko esaten ari da han-hemen, bilerarik bilera. Baina badira arloak oraindik kontuan hartuak izan ez direnak, eta ez, ez nago orain euliez. Politikaz nago, ofiziozko politikaz. Horra! Ohartu ote zarete inoiz parlamentu-etxeetako ganberek ez dutela kanpora begirako leihorik? Beharbada, batzuek kanpoan lehoiak bai, baina barruan inon ez leihorik. Zin dagit eta oraingoan ez da lege arrotzaren aginduz! Bidean den aldaketari egokitzeko ganberen gainekoa ganbara modura atondu beharko dute, eta leiho guztiak parez pare zabaldu, arnas gune berritua izateko. Nago ni airearen beroaldiak senaren lehortea dakarrela… Ondorioz, entzierroak ez bakarrik karriketan, akordio programatikoetan ere ematen ari dira komunitate batzuetan …

Ama, ama! eta ni zerrenda bete barik! Tourraren giroa bueltan. Aurten baietz!