GARA
BAIONA

Kintoa xingarrak Europa mailako aitortza eta babesa lortu du

Bruselak onartu du Kintoa xingarra beste 1.450 produkturekin batera Europa mailako elikagai babestuen artean izatea. Beraz, Ezpeletako biperrarekin eta Ossau-Iratiko gasnarekin batera AOP marka izanen du. Sektoreko 75 ekoizleek eta bost transformatzaileek badute zer ospatu. Aitortza hau urte anitzetako lanaren emaitza da, baina baita «hastapen berri» bat ere, Michel Oçafrainek, sektore horretako elkarteko presidenteak, dioen moduan.

Europar Batasuneko aldizkari ofizialak argitaratu duenez, hemendik aitzina Kintoa xingarrak jatorri deitura babestua (AOP) izanen du. 2016an jatorri deitura kontrolatua (AOC) eskuratu ondotik, orain Europa mailako aitortza eta babesa eman diote.

Kazeta.eus-ek atzo jakinarazi zuenez, Bruselak onartu du Kintoa xingarra beste 1.450 produkturekin batera Europa mailako elikagai babestuen artean izatea. Beraz, Ezpeletako biperrarekin eta Ossau-Iratiko gasnarekin batera AOP marka izanen du.

Uztailaren 2an erabakita, hemendik aitzina Kintoa xingarra etiketa europarrarekin agertuko da. Orain arte soilik frantses Estatu mailan onartua den jatorri deitura kontrolatua (AOC) zuen. Kintoa haragiari dagokionez, duela urtebete lortu zuen Europaren aitortza hori.

«Hastapen berri bat»

Sektoreko 75 ekoizleek eta bost transformatzaileek badute zer ospatu. Aitortza hau urte anitzetako lanaren emaitza da, baina baita «hastapen berri» bat ere, sektore horretako elkarteko presidentea den Michel Oçafrainek dioen moduan.

Bere hitzetan, lan handi bat bada egiteko: «AOP Kintoa eginen duguna izanen da». Horrela, orain helburu berriak finkatu dituzte, gazte ekoizle berrien instalazioa edo euskal laborantzaren erakargarritasuna lantzea, erraterako.

Lipidotan aberatsa da Kintoa xingarra, eta bere haragi gorriagatik da ezaguna. Lehengaia xingar freskoa da, luzeran moztua (xingar iberikoa), gutxienez hamar kiloko pisua duen pata osoarekin. Idortu, gazitu, xingarrak ontze prozesu luzea izan behar du, hamasei hilabetekoa gutxienez, horietako hamarretan baldintza naturaletan. Paketatua izan aitzin, xingarra Ezpeletako AOP biperraren hautsarekin hunkitzen dute. Hezurrik gabe osorik edo laurdenetan, xerratan edo osorik hezur eta patarekin sal daiteke.

Kintoa xerriak lortu du AOP izendapena, eta produktu gehiago ere bide berean dira Ipar Euskal Herrian: Irulegiko arnoa eta Itsasuko gerezia. Azken honen kasuan, Xapata elkartean biltzen diren gerezi ekoizleak helburu hori lortzeko lanean ari dira. Izendapen hori lortzeko bidea luzea dela adierazi dio Kazeta.eus-i Maryse Cachenaut Xapatako presidenteak. «Kasurik gehienetan, hamar urtetik goiti ematen ditu. Denbora gehiago behar da lan militante gisako bat delako».

Itsasuko gereziarentzat ere jatorri deituraren bila

Xapata elkartean biltzen diren laborari ekoizleen nahia litzateke Itsasuko gereziak AOP marka ukaitea. Segida logiko bat litzateke, kontuan harturik herriak bere ospea hein handian gereziari zor diola. Bere ekoizpenak tokiko ekonomia ezaugarritu du, bereziki XIX. mendetik XX.aren hastapenetara, ekoizpen honi lotutako merkatu anitz izaten baitzen Itsasun berean eta inguruetan.

«AOP izendapenari buruzko gogoeta aspaldi hasi zen, baina eskaera formal bat abiatu aitzin, dosierra aski aitzinatua izan behar da. Ekoizpen ereduaz gogoeta bat bada, ardaztuko duten arauak, estatutuak eta mugatu beharreko eremuak. Mementoan, azken puntu hori ari gara aztertzen», azaldu dio Maryse Cachenaut Xapatako presidenteak Kazeta.eus-i.

Peloa, xapata edo belxa tokiko gerezi moten zaintza eta hobetze lanek fruituak eman dituzte. Adibidez, azken gerezi mota hau desagertzeko arriskuan zen duela 30 urte. Gaur egun, Itsasuko etxe-gerezien ekoizpena hazkuntzaren osagarri gisa ageri da.GARA