Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Axi Muniain, kondairazko surflarien ondoan, Angeluko Surflarien etorbidean

Mick Fanning, Tom Curren, Nat Young eta halako surflari mitikoek utzitako oinarrasto eta sinadurekin batera izango dira Muniainen aztarnak aurrerantzean.

Munduko surflari ezagunenekin batera, bere oinak Angeluko «Surflarien etorbidean» betikotzera gonbidatu zuten Axi Muniain. Horrela, joan den asteazkenean, uztailak 10, «porlan gainean surfeatu» zuten Justine Dupont, Arsene Harehoe, Gautier Garanx eta Axi Muniainek. «Walk of fame» ekitaldian, olatu handietan izan duten ibilbideagatik eta eskuratutako lorpenengatik omendu zituzten lau surflariak.

Esker hitzak euskaraz

Dupont Landetakoa, Harehoe tahitiarra, Garanx baionarra, eta Muniain zarauztarra. Paradoxikoki, orain arte sari hau jaso duten surflari guztien artean euskaraz dakien bakarra da Muniain eta hori agerian geratu zen hitza hartzeko txanda iritsi zitzaionean. Muniainek jasotako omenaldia «bihotzez eskertu» zien antolatzaileei eta Angelun bildu ziren ikusleei.

Izan ere, ez da edonolako «oparia» Muniaini egin diotena, olatu handietan adituak diren surflari anitz bizi den eskualde berean jaso baitu tamainako aitorpena. Honela amaitu zuen Muniainek bere hitz hartzea: «Azken aldia hemen izan nintzena duela bost urte izan zen, O’neill Surf de Nuit txapelketan, eta irabazteko plazera izan nuen, eta orain omenaldi hau, oso eskertuta nago, mila esker bihotz-bihotzez!».

Kondairazko surflariak

Mundu osoan ezagunak diren surflariek zein Lapurdiko kostaldean aurrez aztarna utzi zuten pertsonaiek ere oinak porlan hezean itsatsi zituzten iaz, eta orain han daude, bakoitza bere sinadurarekin.

Lapurdin surf egiten lehenetarikoak izan ziren Jacky Rott, Joel de Rosnay eta Maritxu Darrigrand izan ziren lehenak. Horiekin batera, bi legenda bizi, Tom Curren, hiru bider munduko txapelduna, eta Nat Young.

Curren, 55 urteko estatubatuarrak familia du Lapurdin, bere seme-alabak lapurtarrak dira, 80ko hamarkadan Biarrizko emazte batekin ezkondu eta bertan bizi izan baitzen. Young, ostera, egun oraindik surf egiten duen 72 urteko australiarra, sarri etortzen da Biarritzera surfari lotutako ekitaldietan parte hartzera.

Jarraian, Peter Cole 70eko hamarkadako olatu handietako surflari mitikoaren txanda izan zen, eta berarekin batera, Kay Lenny “waterman” hawaiiarrak ere oinazpiak betikotu zituen. Iaz goi mailako lehiaketa utzi zuen Mick Fanning surflari australiarra ere Angelun izan zen ekainaren 14an, eta honek ere aztarna utzi zuen Angeluko Surflarien etorbidean.