Asier AIESTARAN
Arrauna

Jose Luis Korta, Pasai Donibaneko entrenatzaile

Ortzaikakoak baiezkoa eman dio proposamenari denboraldia amaitu arte.

Iaz Kaiku utzi eta jada erretiroa hartu zuela zirudien arren, Jose Luis Kortak baiezkoa eman dio Pasai Donibanek gizonezkoen lehen traineruaren entrenatzaile izateko egin dion proposamenari. San Juanek sareen bidez baieztatu zuen denboraldi amaierara arte hartuko duela Ortzaikakoak trainera arrosaren gidaritza.

Antza denez, Pasai Donibaneko zuzendaritzak ziklo berri bat ireki nahi du lehen traineruan. Iaz Eusko Label Ligatik KAE Ligara jaitsi zen "Erreka". Arraunlari garrantzitsu askok taldea utzi zuten 2017ko udazkenean eta etxeko gazteek ez zuten lortu 2018an gorengo mailari eustea.

Uda zaila izan zen iazkoa eta aurten KAE-1 Ligan dabil San Juan. Oraingoz laugarren dira sailkapen nagusian, 48 punturekin. Igoera kanporaketa jokatzeko txartela ematen duten lehen bi postuetatik nahikoa urrun, egia esanda.

Juan Mari Etxabe ibili da orain arte entrenatzaile lanetan eta oiartzuarrak ere izan du zeresana Kortaren aldeko apustua egiterako garaian. Etxabe urte askoan ibili da arraunlari Kortaren taldeetan eta ederki dakite biek elkarren berri.

Hala ere, ikusi egin beharko da ziklo berri baten aurrean gauden ala akordioa aurtengorako soilik den. Jose Luis Kortak 70 urte ditu eta udak ematen duena ikusi arte ez da epe luzeko proiektuetan sartuko. Bere izaera ere oso berezia da, gainera, eta taldean zer moduz hartzen duten ere ikusi beharko da.