GARA
DONOSTIA

«Euskadi erlijio-estremismoaren aurkako eredutzat» hartu dute NBEn

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria New Yorken da bidaia ofizialean eta, besteak beste, Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi ordezkariarekin elkartu da. Bileraren ondotik, «Nazio Batuen estrategia berri batean Euskadi erlijio-estremismoaren kontrako borrokan esperientzia pilotu izatea» nahi dutela agertu du Moratinosek.

Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi ordezkariak «Euskadi erlijio-estremismoaren aurkako borrokan eredu izatea» nahi dutela azaldu zion Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, asteartean New Yorken egin zuten bileran. «Vladimir Voronkov Nazio Batuen Terrorismoaren Kontrako Bulegoko zuzendariarekin batera, Euskadi esperientzia pilotu izan dadin saiatuko gara», adierazi zuen Moratinosek.

Oroitu zuenez, «Euskadin bada programa bat erlijio arrazoiak dituen erradikalizazioa, estremismoa eta terrorismoa ekidin nahi dituena» eta «primeran sartzen da aliantzaren ekintzaren markoan». Ministro ohi espainiarrak azaldu zuenez, NBEn martxan jartzen ari diren estrategia berri bat da eta «Euskadi lehenengo eredua izatea ona da denontzat».

Urkullu prest agertu zen «komeni den proiektu guztietan parte hartzeko eta babesteko». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak 2030erako garapen jasangarriaren helburuen inguruko Nazio Batuen goi foroan hitz egin zuen astelehen eta asteartean, eta atzo New Yorkeko euskal komunitatearen aitzinean solastatu zen.

«Euskadi-Basque Country-k munduan norbere ahotsa izateko nahia ordezkatzen du», aldarrikatu zuen. Are gehiago, Nazio Batuen Erakundearen sorrera euskaldunen «idealek» inspiratu zutela baieztatu zuen. «Bakeari eta segurtasunari eustea, nazioen artean laguntasun harremanak bultzatzea, arazo globalak konpontzeko nazioarteko kooperazioa lortzea eta nazio ezberdinen ekintzak elkartuko dituen zentro gisa baliagarri izatea» izango lirateke ideal horiek.

2030erako agenda

EAEko lehendakariaren bidaiaren xede nagusia «Euskadik 2030erako agendan jasotako helburuak betetzera begira egiten duen ekarpena erakustea da, baina baita bertako euskaldunekin batzea ere».

Etxe orratzen hiriburuaren erdiguneko hotel batean bildu zen horiekin eta sentitzen zuen «emozio sakona» azaldu zien. Esan zuenez, XV. mendetik Euskaditik mundura atera ziren lagunen ondorengoak dira. «Arrazoi ekonomiko, sozial edo politikoengatik atera ziren eta beti eutsi zioten ama lurrarekin zuten loturari. Horri esker, mendez mende iraun dute ohiturek, kulturak, hizkuntzak eta identitateak». Nazio Batuen hiriburuan «euskal sugarrari bizirik eutsi izana» eskertu zien.