GARA
BILBO

Confebaskeko presidente berriak fiskalitate lehiakorraren alde egin du

Confebaskeko presidente berriak, Eduardo Zubiaurre Ariznabarretak, fiskalitate lehiakorra defendatu zuen, eta lan harreman «modernoak» ere bai. Aldiz, lan erreforma aldatzea baztertu zuen, «kontratazioak geldituko lituzkeelako».

Bere lehendabiziko prentsaurrekoan egin zituen Zubiaurrek adierazpenok. «Euskadiren ekonomia erritmo onean ari da bere onera etortzen», azaldu zuen. Confebaskek aurten BPGa %2,5 inguru haztea eta 14.000 lanpostu berri sortzea espero du.

«2008ko urritik izandako enplegu mailarik onenean gaude, krisiaren aurreko maximoetan ia. 973.000 lagun ari dira kotizatzen; marka historikoa baino 9.500 lagun gutxiago», esan zuen. Lan kontratu mugagabeak ere inoiz baino gehiago direla nabarmendu zuen. 537.000 pertsona ari dira lanean kontratu finkoarekin, krisiaren aurretik baino 13.000 gehiago.

Confebaskeko Kontseilu Orokorrak aho batez berretsi zuen atzo Zubiaurre patronalaren presidente berri izateko Batzorde Exekutiboaren proposamena. Adegiko presidente izandakoaren izendapena ekainaren amaieran onartu zuen batzordeak. Lau urtez karguan egon den Roberto Larrañagari hartu zion lekukoa.

Zubiaurre Eibarren jaio zen, 1962an. Ekonomia eta Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitateko Donostiako fakultatean. Andersen Consulting-en eman zituen ibilbide profesionaleko lehen pausoak, eta gero Jaz-Zubiaurre SA familiako enpresaren merkataritza sailaz arduratu zen. Enpresako kudeatzaile zuzendaria da gaur egun.

Adegiko presidentea izan zen 2006 eta 2012 urte artean. Adegi Confebaskeko partaide da eta, lurraldez lurralde egiten duen ohiko errotazioari jarraituz, bere izena proposatu zuen konfederazioko presidente izateko.

Larrañagaren balorazioa

Confebasken aurreko presidenteak, Roberto Larrañagak, atzo utzi zuen kargua, eta Europa Pressekin izandako elkarrizketan azaldu zuenez, talde lanarekin pozik, baita «Euskadiko aktibitate ekonomikoaren eta enpleguarekin ere».

Aitortu zuenez, ikasgai bat gelditu zaio gainditzeke: ezin izan du ELArekin harremana «birbideratu».