Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Corona Open J-Bay 2019:Medina eta Moore txapeldun

Lehen mailako CT rankingetan aldaketak izan dira Hegoafrikako txapelketaren ostean. Carissa Moore hawaiiarrak Jeffreys Bayko txapela eta rankingeko lidergoa eskuratu ditu. Mutilen kategorian Gabriel Medina gailendu da. Kolohe Andino da CT rankingeko buruan.

Carissa Moore hawaiiarra eta Gabriel Medina brasildarra izan ziren aurtengo Corona Open J-Bay txapelketako txapeldunak. Olatu bikainak izan ziren beste behin ere Hegoafrikako eskuin olatu mitikoan, eta surflariek haien onena eman zuten.

Jeffreys Bay munduko eskuin olatu luze eta hoberenetako bat dela ez du inork zalantzan jartzen, eta, horren erakusle, Hegoafrikako olatuak urtero azaleratzen ditu eskaintzen dituen aukera ikusgarriak. Aurtengoan, gainera, txapelketa egin zen egun bakoitzean baldintzak oso desberdinak izan ziren: metro eta erdiko olatu txiki borobilak, erreka haizeak kolpatutako hiru metroko olatu azkarrak, haizerik gabeko egun lasaiak... Bada, egun guztietan izan ziren surfean aritzeko baldintzak onak.

35 urte eta gero, Medina

Mark Occylupo izan zen J-Bayn irabazi zuen azken goofy edo ezker surflaria. 1984an izan zen, eta Hans Hedeman hawaiiarrari nagusitu zitzaion. Orduz geroztik, urtero egiten den munduko txapelketa ospetsua eskuin surflariek irabazi dute. Aurten, ordea, 35. urteren ostean, goofy bat gailendu da: Gabriel Medina.

«Oso ongi sentitzen naiz, txapelketa hau irabaztea oso zaila izaten da, eta, aste honetan gustura lehiatu dudan arren, ez nuen txapela eskuratzerik espero», azaldu zuen J-Bayko garaikurra eskuratu zuen surflari brasildarrak.

Pasa den ostiralean amaitu zen txapelketa ospetsuak aurten izan duen beste berezitasun bat brasildarrek lortutako emaitza onak izan dira. Finalerdietako lau lehiakideetatik hiru brasildarrak ziren, eta, laugarrena, estatubatuarra.

Paradoxikoki, finalerdietan kaleratutako bi lehiakideak txapelketa amaitu ostean mutilen rankingeko lehen postuetan jarri diren surflariak izan ziren. Kolohe Andino, uneotan CT rankingeko lehen postuan den estatubatuarra, eta Filipe Toledo, bigarrengo postuan jarri den brasildarra. Orain artean lehen postuan zen eta azken probaren ostean hirugarren postura jaitsi den Jonh John Florence hawaiiarrak, berriz, pixkanaka rankingean behera egiten jarraituko du, Brasilgo txapelketan izan zuen lesio baten ostean zirkuitua utzi behar izan baitu.

Kontuak kontu, CT rankingean apur bat beherago ziren bi lehiakide iritsi ziren finalera Hegoafrikan, Grabriel Medina eta Italo Ferreira. Medinak postu bat gora egin du rankingean eta egun zazpigarren postuan dago. Aurtengo itzuliko lehen txapelketa irabazi zuen Ferreirak, ostera, bi postu gora egin ditu Hegoafrikan eskuratutako bigarren postuari esker, eta egun, laugarrena da CT rankingean.

Mutilen finala ikusgarria izan zen. Ferreirak 9,10 puntuko olatu batekin hasi zuen txanda, eta Medinak 9,73 puntuko olatu batekin erantzun zion. Horren ostean, ordea, Ferreirak olatu hobeak hartu zituen. Ez hori bakarrik, 7,67 puntuko olatu bati esker ia finala bere esku ere izan zuen. Azken unean, baina, Medinak brasildarrak olatu indartsu bat hartu eta 9,77 puntu eskuratu zituen. Itzelezko birak, floater bat eta tubo zail bat egin zituen olatu berean, eta ongi merezitako garaipena eman zioten epaileek.

Moore vs Peterson

Nesken kategorian, Carissa Moore hawaiiarra eta Lakey Peterson estatubatuarra izan ziren J-Bayko finalera iritsi zirenak. Final lehiatua izan zen. Petersonek puntuazio altuak eskuratu zituen, baina aurreko puntuazio guztiak gaindituko zituen olatu bat hartu behar zuen, eta olatu hori ez zen iritsi.

Moorek, ostera, 8,50 puntuko olatu bat egin zuen, eta bere bigarren olatua oso ona ez izan arren, garaipena eskuratzeko adinakoa izan zen. Horrela irabazi zuen txapela hawaiiarrak.

«Garaipen hau ezin hobeto etorri zait», aitortu zuen hiru bider munduko txapeldun izandakoak (2011, 2013 eta 2015). Izan ere, J-Bayko garaipenari esker WCT rankingeko lehen postuan da egun surflari hawaiiarra.

Orain arte lidergoan zen Sally Fitzgibbons australiarra, bigarren postura jaitsi da. Stephanie Gimorek hirugarren postuan jarraitzen du. Eta Lakey Petersonek postu bat gora egin du J-Bayko finalera iritsi ostean. Beraz, egun laugarren postuan da surflari estatubatuarra.

Tahitik igerileku batera

J-Bayko txapelketa amaitu ostean, Tahitiko ur beroetara bidean dira TOP 32ko mutilak. Abuztuaren 21ean hasiko da Teahupoon CT itzuliko zazpigarren lehiaketa. Eta horren ostean, Ozeano Bareko olatu arriskutsu eta bortitzetatik, Kaliforniako igerileku batera egingo dute jauzi lehen mailako lehiakideek.

Nesken kasuan, ez dute Tathitiko lehiaketa egingo, beraz, WCT itzuliko hurrengo lehiaketa, zazpigarrena, Kaliforniako Leemore hirian dagoen igerilekuan izango dute, mutilen kasuan bezala, olatu artifizialetan, irailaren 19etik 21era bitartean.