Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOA

Eskiekin oso-osorikjaitsi gabe jarraitzen duNanga Parbatek

Boris Langensteinek dio gailurretik 50 metrora hasi zela eskiekin jaisten.Cala Cimentik eta Vitaly Lazok, berriz, hainbat sekzio oinez egin zituzten.

Karakorumeko ohiko denboraldiak, momentuz, ez du berri esanguratsurik eman. Hainbat zortzimilako igo dira (Broak Peak, Gasherbrum I, Nanga Parbat...), baina ez da aipatzeko moduko ekarpenik izan. Nanga Parbat aipatu dugunez, baina, aurreratu behar dugu bi taldek helburu oso zehatz batekin jardun dutela: gailurretik kanpaleku nagusira eskiatzen jaistea.

Aurretik ere behin baino gehiagotan saiatu dira zortzimilakoa eskiekin jaisten, baina orain arte inork ez du gailurretik kanpaleku nagusira arteko bidea osorik egiterik lortu. Eta aipatu ditugun bi taldeak ere lehen jaitsiera osoa lortzen saiatu dira. Baina sari preziatu horrek itxaron egin beharko du, lerrootako protagonistek ezin izan baitute jarduera hori biribildu.

Tiphaine Duperier eta Boris Langenstein frantziarrek osatu dute lehen taldea. Bigarrena, berriz, Cala Cimenti italiarrak eta Anton Pugovkin eta Vitaly Lazo errusiarrek. Alpinista eta eskiatzaileok aurretik egindako saioak hobetzen jardun dute. Berez, esaten da Nanga Parbat behin baino gehiagotan jaitsi dela eskiekin, baina zehaztu behar dugu jaitsiera guztiak ez direla tontorretik egin. Adibide gisa 1990an Diego Wellig eta Hans Kammerlanderrek eginikoa jarriko dugu. Suitzarrak eta hego-tiroldarrak, tontorra zapaldu ondoren, eskiak 100 metro beherago jarri zituzten, 8.025 metroko altueran. Puntu horretatik Kinshofer bidea jarraitu eta kanpaleku nagusira heldu ziren. Beste jaitsiera on batzuk ere egon dira, baina Wellig eta Kammerlanderrena hartzen da orain arteko biribilena bezala.

Biek ala biek, ezin

Lerrootako protagonistei dagokienez, aurreratu behar dugu gailurra egitea kosta egin zitzaiela bi taldeei. Hori gutxi ez, eta Lazok elur-jausi batekin ezusteko ederra izan zuen.

Talde frantziarrean, bi saio egin eta gero, soilik Langenstein heldu zen zortzimilakoaren kota gorenera: «Hilaren 1a zen, eta, laugarren kanpalekuan hiru gau igaro eta gero, gailurrera abiatu ginen. Tipahine 7.800 metrora geratu zen. Nik, berriz, 17:30ean zapaldu nuen 8.1125 metrora kokatutako tontorra».

Frantziarrak onartu du igoera berandutu egin zitzaiola, eta, haize handia egiten bazuen ere, eguraldia egonkorra zela. Jaitsieraren inguruan esan du 8.070 eta 8.080 metro arteko altueran jarri zituela eskiak: «Ez dut altuera zehatza ematerik, hotz handia egiten baitzuen eta altimetroak zer zioen ez bainuen begiratu. Thipainerekin bat egin eta elkarrekin laugarren kanpalekura jaitsi ginen. Biharamunean, Kinshofer bidearen aldaera bat erabilita kanpaleku nagusira iritsi ginen. Bide batez esan behar dut izotz sekzio batean soka finkoak (100 metro) erabili genituela segurtasuna bermatzeko».

Bien bitartean, beste taldeko bi kide, Cimenti eta Lazo, uztailaren 3an heldu ziren gailurrera. Hauek ere berandu: 17:30ean baita. Cimentik 8.000 metrotik gorako altueran jarri zituen eskiak: «Anton segituan harrapatu nuen, eta, Vitaly, 7.800 metrora; kota horretan hasi zen eskiatzen. Elkarrekin laugarren kanpalekura iritsi ginen. Talde bat ginenez, ez nuen nire kabuz eta bakarrik jarraitu. Azkenean, eskiak kendu nituen, eta jakin badakit beti damutuko naizela erabaki hori hartu izanaz».

Laugarren kanpalekuan gaua igaro ondoren, uztailaren 4an, jaitsierarekin jarraitu zuten: «7.000 metrora ginela, atsedena hartu eta dronearekin irudi batzuk atera genituen. Hirugarren kanpalekua atzean utzi eta gero, ohartu ginen hainbat tarte oinez egin beharko genituela ezinbestean; izan ere, aldats batzuk erabat izoztuta zeuden eta Kinshofer murrua oso tente eta teknikoa da».