Jon GARMENDIA
Idazlea

Urdatxen

Maite ditugun gauzen zerrenda egiteko eskatzen digu, nonbait gorde eta zainduta dauzkagun horiena; gustuko kolore eta formak datoz gero, jazartzen garen ideiak eta alde gaudenak, pentsamendu baikorrak eta ezkorrak sailkatzeko eskatuko dizu, eta maite ditugun pertsonak datoz gibeletik. Horrekin guztiarekin unibertso berezi bat eraikitzeko orubea ukanen dugu, eta han istorioak sortuko ditugu, mapak, biztanleak, paisaiak, elikagaiak… Gure neurrira egindako mundua ezagutuko dugu horrela, “The imaginary world of”... “zu” izango da, bai, mundu imajinario horrek zure izena eramango du. Hori da Keri Smith ilustratzaile eta idazle kanadarrak proposatzen duena; ez du beharbada literatura Nobelik irabaziko, baina berari galdegin behar litzaioke hori garrantzitsua ote den ala ez, orotara zertarako behar duen halako sari bat historiaren orrialdeak nehor guttik irakurtzen dituen gizartean. Berak munduko jende anitzekin konektatzea lortzen du idazki interaktiboekin, komunikaziorako dohain onak dituela argi da askoren eredu bilakatu baita. Uhaitxa ibaiaren haranean, Ipar Pirinioetako mazelan, euskal herritar batzuekin hitz egin ondoan, bakoitzak gure mundua bizi dugula etorri zait burura, ni bezalako euskaldun batek adibidez zazpi herrialdeko herri bat du buruan, baina nekez trazatuko ditut muga berak antzeko ideia duenarekin, badira hiru herrialde dituztenak, eta baita bakar bat bizi dutenak ere. Ezezaguna zaigunez, gure Euskal Herri hori imajinarioegia ez ote den ondorioztatzen dut sarri.