Maider IANTZI
DONOSTIA

Gure aitzineko emakumeak ez ziren irudikatu ditugun bezalakoak

Gizonak eremu publikorako hezi zituzten. Emakumeak, etxe zulora bidali, egiten zuten lanari baliorik eman gabe, emazte onaren eskuliburuekin. Ana Isabel Ugalde EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko dekanordeak nabarmendu duenez, eskolak bikain bete zuen zeregin hori. «Hain ongi ezen pentsatzen dugun eredu hori betidanikoa dela. Baina ez da».

“Generoa didaktika ezberdinetan lantzen” EHUren udako ikastaroaren barrenean, emakumeek Gizarte Zientzietan duten ikusgarritasunaz mintzatu da Ana Isabel Ugalde Gorostiza EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko dekanordea.

Laburbilduz, ikasleek eskolan jaso dutena honakoa dela adierazi du: «Ez dituzte andreak aintzat hartzen, ez euren historia, ez arazoak. Gehiegitan, irakasleok estereotipo eta aurreiritzi igorle, sortzaile eta ugaltzaile gara. Gizonen balioen gainean eraiki dira eskola eta formazioa. Hortaz, formazioa eta diskurtsoa aldatu behar ditugu, eskolan eta unibertsitatean».

Historialariak azaldu duenez, aldaketarako oztopo da “tradizioaren” indarra, zeharo barneratuta ditugulako portaera eta jarrera anitz. Ugaldek sarri aditu du maistra ikasketak «neskentzako modukoak» direla. Berak harro dio maistra dela. «Hierarkian gizonena inportanteago bihurtu dugu, zientzia bera; eta emakumeak pasiboago agertu. Eliteen eta boteredunen imajinarioa indartu dugu».

Emakumeak gizonek egindako Historiako ikusle bilakatu ditugula uste du. Eta, «txarrena dena, historia aitzakia bihurtu dugu aldaketarik ez egiteko». Alarde “tradizionala” jarri du adibide gisa. «Gaurkoaren errua ere historiari egotzi diogu».

Zer dio zientzia historikoak?

Historia XIX. mendean garatutako zientzia dela agertu du, «estatu eta eskola nazionalekin batera, burgesia liberalaren balioen gainean. Ez dago alde handirik lehen ikasten zenetik orain ikasten denera. Emakumeok izan ginen azkenak botoa ematen, baina gizon pobreek ere ez zuten bozkatzen».

Irakaslearen arabera, eskolaren zereginak alfabetatzea, integrazio politikoa –«ez soilik frankismo garaian, eskola guztietan zegoen espainiar mapa; eraztuna ere ez da frankismokoa, lehenagokoa da»– eta kontrol soziala izan ziren. «Neskatilei irakasten zitzaien andre ezberdinak izaten; mundu tradizionalarekin hautsita, mundu berri bat eraiki behar zutela esaten zitzaien, sexuaren arabera banatuta eta etxekoandre izateko».

Baina mundu tradizionaleko andre horien atzean, izozmendiaren azpian zegoenari begiratzea gustatzen zaio Ugalderi: «Bizimodua oso gogorra zen, baina ez ziren etxe zuloan bizi. Oso ondo antolatuta zeuden euren arteko sareak; iturrian, pujeta edo gobada egiterakoan, lanean ari zirelarik, merkatuan, atsolorrean, umeen zaintzan eta Emakunde egunean». Gaur egun ahizpatasuna deitzen dioguna da.

«Ez zen gure bizimodua, baina antolatuta zeuden –berretsi du Hezkuntza eta Kirol fakultateko dekanordeak–. Familia zen unitate ekonomikoa eta bertako protagonistak ziren emakumeak. Sarri eurak izaten ziren dirua etxera eramaten zutenak astero edo egunero. Astero joaten ziren tratura. Ez ziren gure imajinarioan sortu dugun emakumearen irudia».

Interneteko irudiak

Argazkigintza ere orduan garatu zen eta desagertzen ari zen mundu bitxi hori erretratatzen hasi ziren. «Etnografia moduan hartzen ditugu, baina garai bateko testigantzak dira. Har ditzagun Interneten dauden irudi horiek eskola ematean», aldarrikatu du.

Hala egin du berak hitzaldi hau prestatzeko. Nekazari mundua erakutsi digu. Denak ageri dira lanean, umetxoa ere ondoan. Merkatuan, emakumeak dira nagusi, zapia buruan. «Eurak dira sosak daramatzatenak etxera. Nola izango dira bigarren mailako, gizarte horretan?».

Kaletarrek iseka egiten zieten. «Basarritarra tirri-tarra, jo buruen ta errekara», kantatzen zieten baserrietatik zetozen neskatilei Ugalderen herrian, Arrasaten.

Sardineren janzkera eskandalua zen burgesentzat. “Desde Santurce a Bilbao” abestia iritsi zaigu. Eta sardinerak gehiegi solastatzea gustatzen zaien emakume lotsagabeak zirela gelditu da. «Emakume langileak bihurtu ditugu egin behar ez denaren irudi». Baina sardina saltzaileak arrantzaleen osagarri ezinbestekoak ziren. Sareak josten edo kontserbetan aritzen ziren andreak bezala. Zirga tiratzaileak ziren Bilbon. Txapelgileak Tolosan. Leuntzaileak Arrasateko Union Cerrajeran.

Enpleguaren jaitsiera handia

1850 eta 1935 bitarteko emakumeen enplegu tasak atera ditu historialariak herrietako erroldetatik. Barakaldo, Bergara, Errenteria eta Durango aztertu ditu, besteak beste. 1850 eta 1879 artean enplegua itxurosoa da; 1920rako izugarri jaisten da, ordea. Zer gertatu zen? Gorostizaren iritziz, eskolak zerikusi handia izan zuen.

«Balio burges berriak ezarri zituen. Neskei hezkuntza morala eman zien; ondo jostea zen inportantea, mahaia zerbitzatzen ikastea. Gizonak hezi zituzten eremu publikorako. Emakumeak, etxerako, senarraren mende egoteko. Ideala etxekoandre sakrifikatua zen. Ukatu egin zitzaion balio ekonomikoa eta produktiboa. Inork ez zion ordaintzen. Zoaz etxe zulora baina egiten duzun lanak ez du ezertarako balio. Gizonak dirua ekartzen zuen eta emakumeak, administratu», adierazi du.

Azaldutakoa ilustratzeko, nesken ikasgela bat erakutsi du: denak josten ari dira, txintxo-txintxo. Hormak biluzik daude. Mutilen gelan, aldiz, idazten ari dira eta hormetan, anatomia, zoologia, landareak, eta abar ageri dira.

Jakintzaren, emozioen historia

Emakumeen historia, jakintzarena, emozioena oraintsu egiten hasia dela azaldu du Gorostizak. «Badirudi emozioak bakarrik emakumeok dauzkagula», jaurti du dardoa.

Margarita Sanchez Granadako arkeologoaren hitzak ekarri ditu: «Gizonak agertzea araua da; emakumeak agertzea, bitxikeria. Nola buka dezakegu egoera honekin? Ikerketaren bidez. Ikerketa zorrotza, orain arte eraikitzen ari garena baino egiazkoagoa». Bide horretan, arkeologia beste esperientzia batzuetara irekitzea proposatzen du, esperientzia horiek ere Historia azaltzen dutelako.

«Garia ogi bihurtzean ez al dago teknologiarik, ezagutzarik, esperientziarik? Esnea gazta bilakatzean? Zaintzan? Sendabelarrak erabiltzean?», galdetu du Ana Isabel Ugaldek. «Lan sozial, ekonomiko zein afektiboa aitortu behar zaigu».

Adi curriculum ezkutuarekin

Ildo horretatik, irudiak kontuz aukeratu behar direla nabarmendu du, curriculum ezkutuak ikaragarrizko eragina baitu umeengan. Eszena orekatuen errepresentazioak erakustearen alde egin du.

«Interneten daude, denon eskura. Emakumeak, umeak eta adinekoak lehen planoan agertzen dira. Zientzia historikoak esaten digu hor egon direla, baina umeei ematen dizkiegun irudietan gezurrak esaten ari gara», adierazi du.

Historialariak oroitu du brodatzaileak gizonak zirela XVII. mendean. «Kontatzen hasi zirenak ere emakumeak izan ziren. Haurdunaldia kontrolatzeko, adibidez. Zergatik ez ziren emakumeak izango matematikariak?». Grezia zaharreko emakumeak etxe zuloan bizi zirela erran izan da, ikasketa gabeak zirela.

Ugalde Gorostizak agertu duenez, literatura eta ontzietako irudiak hartu zituzten oinarri baieztapen horietarako, baina iturriak aldatzean, kezka sortu da emakumeen estatusaren gainean. Hilarrietan, emakumeen ofizioa nabarmentzen da: «Phanostarate, emagina eta medikua».

«Irakasleok oso ondo egiten ditugu sermoia eta esloganak», aitortu du. «Beste gauza bat da diskurtsoan eta praktikan zerk ihes egiten digun. Hain barneratuak ditugun aurreiritziak, ustez historikoak, baztertu behar ditugu. Guk geuk beste ikuskera bat behar dugu andreek Historian egin dutenaz».

Onartu du urtero egiten dituela saiakerak ikasleekin eta ikaratuta gelditzen dela etxeko lanak zein gutxietsita dauden ikusita. «Mantenua lana da, nahiz eta oraingoz inork ez ordaindu. Lana banatzea ona da; negargarria, ordea, lan batzuk gutxiestea», aldarrikatu du.