Jon GARMENDIA
Idazlea

Hiri okupatua

Barrikadetan ibili zen Patrick Modiano idazle paristarra 1968. urte ezagunean, baina kazetari gisa, “Vogue” aldizkarian egiten baitzuen lan; artean idazle ezezagun bat zen, baina urte horretan berean argitaratu zuen bere lehen lana duela bost urte Literatura Nobela irabazi zuen idazle paregabeak. “La Place de l’Étoile” izenburua ezarri zion lehen lan horri (izarraren plaza), eta bere anaia Rudyri eskaini zion, 1957an leuzemiaz hil zen 10 urterekin eta garai hark betirako markatu zuen Patrick, bere haragizko pareten artean bizimodu isilari ekin zion ordutik, gaur egun ere nekez eskaintzen ditu elkarrizketak, eta idazki luzeak ditu bere pentsamoldearen agerkari bakarrak. “La Ronde de nuit” (gaueko pasiera) eta “Les Boulevards de ceinture” (hiri inguruko etorbideak) etorri ziren gero, eta hauekin osatu zuen okupazioaren trilogia gisa ezagutzen dena, Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako Frantzia dutelarik ardatz. Horra hirurak irakurtzeko gonbita. Duela gutxi jakin dut Modianoren amak Biarritz maite zuela, eta oporraldi batzuk egin zituela Lapurdiko kostako hiri eder honetan. Tira, nahitaez egin dut paralelismoa, burura heldu baitzait agorrilaren bukaeran Biarritzek jasango duen okupazioa, nerau bizi naizen ingururaino ailegatzen dena, kolore askotako poliziak karrikan, aparkaleku publikoak itxiak, eta zirkulatzeko traba eta debekuak, guztia G7aren karietara, norbaiti okurritu zitzaiolako hiri eder hau pribatizatzea munduko boteretsuentzat. Komertzianteek kezkaz bizi dute egoera, herritarren gain beldurrak pilatzen dira egunetik egunera, eta erantzunik gabeko galderak dira handitzen doazenak udako beroarekin bat. Baina ofizialki nehork ez du okupazio baten historia aipatzen.