Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Liberoamerika, literatura molde berriak arakatu nahi dituztenen plataforma

Latinoamerikako literatura sustatze aldera sortutako ekimena da Liberoamerika, orain begia Euskal Herrian jarri eta euskaraz idatzi nahi duten idazle gazteen bila dabilena. Deialdi bikoitza ireki dute: lehena, genero librean, idazle gazteen testuen bilduma bat osatzeko, eta, bigarrena, poesia lanak jasotzeko. Ekimenaren helburua idazle gazteei ikusgarritasunerako plataforma bat eskaintzea eta literatura molde berriei ateak zabaltzea da.

Literatur plataforma bezala aurkeztu du bere burua Liberoamerikak. Orain bi urte Bartzelonan sortu eta Amerikara jauzi egin zuen ekimenaren xedea literatura sustatzea bazen, orain, Euskal Herriko plataforma berriak gazteengan jarria du begia: idazle berriek literatura egiteko molde berritzaileak ekarriko dituztela sinetsita, horiei bidea egiten lagundu eta euren lanak argitara emateko plataforma eskaintzea da xedea.

Horrela azaldu du ekimenaren jatorria Leire Alonso Alluek, Iosune de Goñirekin batera Euskal Herriko atalaren arduradunak: «Geografikoki Bartzelonan sortu bazen ere, ideia zen poesia batez ere feminista eta gaztea egitea bai Latinoamerikan eta baita Iberiar penintsulan ere. Hasiera batean aldizkari digital modura abiatu zen proiektua, 2017an, baina urtebete geroago emakume gazteen poemekin paperean antologia bat argitaratzea proposatu zen, batez ere Latinoamerikako emakumeen lanekin, eta baita Espainia eta Portugaleko batzuekin ere».

Bidea, baina, ez zen uste bezain erraza izan: argitaletxe ezberdinetan atea jota, batzuetan ezezkoa jaso zuten, eta, besteetan akordioarekin ados ez zeudenez, bidea bakarrik urratu eta autoekoizpenera jotzea erabaki zuten. Hala, eta crowdfounding baten laguntzaz, hasi zituen Liberoamerikak lan editorialak.

Emaitzarekin gustura, iaz beste antologia bat argitaratu zuten, Estatu espainoletik eta Boliviatik koordinatu zena, eta hura ere bide beretik ekoitzia. «Bigarren edizio horretan sartu ziren poemak lehen aldiz galegoz, euskaraz eta katalanez, eta horren harira erabaki zen proiektua zehatzea eta Euskal Herrirako talde bat sortzea, hemen hizkuntza eta izaera propioa daudela ikusi baitzen. Eta hori da oraintxe eskuartean daukaguna», zehaztu du Alonsok. Zehazki, Euskal Herrira begira bi proiektu ildo sortu dituzte: lehenak gazte euskaldunen poemekin eta bestelako testuekin antologia bat osatzea du helburu, eta, bigarrenak, idazle gazteen poema-liburuak argitaratzea.

Ikusgarritasunean zuloa

«Idazten duen jende gazte asko topa daiteke Interneten, batez ere poesiaren alorrean, baina gertatzen da horiek ez dutela ikusgarritasunik», azaldu du Alonsok. Horientzat da Liberoamerikatik egiten duten lehen proposamena: euskaraz idatzitako literatur lanak –gehienez hiru orrialde eta genero librean–, bidal ditzakete 30 urtetik beherako gazteek (liberoamerika.euskara@gmail.com). Bidalketa epea irailaren 15ean amaitzen da.

Euskal Herriaren kasuan gizonek zein emakumeek har dezakete parte, «mistoa izango da, proiektua ireki behar genuela uste dugulako, gazte izatea eta emakume izatea, biak baitira oztopo hemen», esan du Alonsok, eta literatur generoari begira ere deialdia irekia dela azpimarratu nahi izan du: «Idazle gazteak eta literatura gaztea nahi ditugu, genero aldetik irekia, ez dadila zurruna izan, literatura modu berria egin nahi duenarentzat txokoa izan nahi duelako bilduma honek. Literatura egiteko modu berritzaileek ere behar dituzte beren espazioak, eta, aldi berean, behar da modu berri horiek literatura moduan ikustea ere».

Hautaketa

Jasotzen dituzten testuen artean hautaketa egingo dute proiektuaren kudeatzaileek eta txukunenekin antologia bat argitaratuko dute, orain artean bezala, autoedizioa hobetsita. Emaitza, Alonsoren hitzetan, «egungo euskal literatura gaztearen adibidea» izango da.

Bigarren proposamena epe ertain-luzeagora begirakoa da eta, kasu honetan, ez dago bidalketa eperik. Helburua poesia sustatzea eta indartzea litzateke eta idazle gazteei dei egiten diete euren poemak bidaltzeko, banakako liburuak argitaratu ahal izateko. Interesgarri jotzen dituzten lanak Liberoamerika zigilupean argitaratu eta apurka-apurka bilduma bat osatzen joatea da bigarren deialdi honen xedea.

Etorkizunari begira, proiektua zabaltzen jarraitzeko asmoa ere badutela dio Alonsok: «Bilduma bat egitea interesgarria iruditzen zaigu, nolabait idazle gazteek elkar ezagutzeko eta literatura elkarrekin egiteko txoko bat izan daitekeela uste dugulako, baina ez dugu hor geratu nahi. Liburu aurkezpenak eta errezitaldiak ere egin nahi ditugu, ikusgarritasuna ez baita liburuekin bakarrik ematen, eta hortik aurrera ikusiko dugu proiektuak zer ematen duen».