Ane URKIRI ANSOLA
Barakaldo

TALDE GIRO ONAK INDARTZEN DU ZUAZOREN PROIEKTUA

Esanguratsua da HGB Prosetecnisa Zuazok iaz hasitako proiektuari indartsu eutsi izana. Indartsu eutsi diote taldeko bizkarrezur guztia mantendu baitute, «eta esanguratsua da, batez ere, eskaintza asko eduki ditzaketen jokalariek, izan Ainhoa [Hernandez], Amaia [Gonzalez de Garibay] edo Maddi [Aalla], hemen jarraitzeko erabakia hartu dutelako». Joseba Rodriguez Haito entrenatzailearen hitzak dira. Entrenatzailea eta Zuazok abian duen proiektuaren burua, berak irmo adierazi baitzuen bere asmoa duela urte eta erdi Barakaldora heldu zenean: gazteenganako konfiantzan eraikitako etorkizun hurbileko taldea osatzea, alegia.

Jokalari askok iaz egin zuten debuta eskubaloiko gorengo mailan eta esperientzia falta horrek eragin egin zien hasieran. Orain, 2019-2020 denboraldira begira, lan erdiak eginda dituztela uste dute askok. Hiru jokalari berri soilik dituzte, «eta bat atezaina da –Ariadna Gonzalez–, hau da, ez du jokoaren dinamikaren nondik norakoak hartu beharrik, eta beste bat Maider Barros, iaz gurekin entrenatzen ibili zen jokalaria. Beraz, Magdalena Fernandez-Agustik bakarrik ikasi behar izan ditu gure taktikak. Gainera, gure estilora ondo egokitzen den jokalaria da».

Maddi Aalla eta Ainhoa Hernandez izango dira taldeko kapitainak beste sasoi batez eta biek ohartarazi dute liga «gogorra» izango dela. «Gure maila antzekoa duten taldeen aurka irabazteak kokatuko gaitu sailkapenaren erdialdean», adierazi du atezainak, eta, piboteak gaineratu duenez, etxeko neurketek «berebiziko garrantzia» izango dute.

Hamabi taldera murriztu da txapelketa eta edozein akatsek kondenatu dezake talde bat. Iaz apur bat sufritu zuen Zuazok eta Haitoren ustez talde giro onak eraman zituen ez etsi eta bigarren itzulian egoerari buelta ematera. «Niretzat ohore bat da hain talde borrokalari eta alaia izatea», onartu du ildo beretik Hernandezek. Zuazoko harrobiko jokalaria da Hernandez, Espainiako selekzioaren plangintza guztietan lekua duena eta urtero eskaintza ugari jasotzen dituena, bai atzerritik bai Guerreras Iberdrola txapelketako beste taldeetatik.

Konfiantza iturri

Lasesarrera gerturatuta egiaztatu ditugu Hernandezek taldeko giroaren gainean esandako hitzak. Irriak dira nagusi, pista gimnasio inprobisatu bihurtu behar badute ere. Barakaldoko taldearen Media Day egunean ilusioa gori-gori da jokalarien artean.

Txapelketa irailaren 7an abiatuko dute eta patuak nahi izan du Bera Beraren aurkako derbiarekin hastea liga. «Nahiago genuke gure mailako talde baten aurka hasi, irabazteko aukera gehiago izan eta konfiantzarekin abiatzeko; baina iaz, bigarren itzulian, ezustekoa emateko zorian egon ginen», ohartarazi du Haito entrenatzaileak. Larunbateko lagunartekoan donostiarrek argi menderatu zuten Zuazo (36-25).

Iaz esperientziarik ez zuten jokalariek, ordea, urtebeteko masterra gaindituta hasten dute aurtengo sasoia. Horren erakusle dira, esaterako, June Loidi eta Maddi Bengoetxea. Espainiako junior selekzioarekin Europako Txapelketa jokatu zuten uda hasieran eta elkarrizketa zeinek egingo “harri-orri-har” esku jokoan lehiatuz erabaki dute, inguruan gainontzeko kideen konplizitateak tentsioa areagotzen duen bitartean. Lagun taldea da.

Bengoetxeak, jokoa galduta, adierazi dio GARAri espero baino minutu gehiago jokatu zituela iazko sasoian eta horrek bere buruarekiko konfiantza edukitzen lagundu ziola. Iaz gol bakarrarengatik segidan galduriko lau neurketak ekarri ditu gogora eta kontziente da horrelako hutsegiteak oso garesti ordaintzen direla: «Espero dugu hasieratik hobeto hastea eta esperientzia faltaren eraginez eginiko akatsok ez errepikatzea».

Maider Barros errenteriarra da, Bengoetxea legez, eta uste du Zuazo talde egokia dela jokalari gisa hazteko. Iaz heldu zen Barakaldora, jubenilekin jokatu eta lehen taldearekin entrenatzen zuen: «Aurten lehen taldera igotzea nuen xede». Espero du denboraldian zehar minutuak batzen joatea eta alde horretatik lasai dago, «badakidalako entrenatzaileak aukerak ematen dituela. Aprobetxatu egin beharko ditut».

Lehen taldera hiru jokalari berri heldu direla aipatu dugu eta hala diote iturri ofizialek ere, baina tarteka, broma gisa, adierazten dute Amaia Gonzalez de Garibay ere jokalari “berria” dela. Urrian lesionatu zen eta entrenatzaileak berak onartu du uneotan «taldearen jokatzeko modua ikasten» ari dela. «Pista zapaltzeak berak zirrara eragiten dit», dio hegalekoak. Uda guztia belaunarekin «lanean» eman du abuztuan taldera batu eta irailean neurketa ofizialetarako prest egoteko. Epeak ondo betetzen ari da eta baikorra da. Amaia Gonzalez de Garibay bezala, zuazotar guztiak dira baikorrak datorren denboraldiari begira. Ilusioa gogotik mantendu dute.