Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren zalaparta

Zalaparta. Garrantzitsuena ez da Aburtok zergatik eman dituen zazpi egun kontratu baten inguruko azalpenak kaleratzeko. Bilboko alkatea Udalaren hanka-sartze izugarria “konpontzera” etorri da esanaz emakumearen berdintasuna eta errespetua urratzen duten letren egile eta kantariari ez zitzaiola kontraturik egin, aurrekontratua baino. Ez al da aurrekontratua egitea kontratua egitea bezain larria, kantuen letrek Udalak jarritako emakumearen berdintasunaren protokoloaren marra gorriak igarotzen zituela ikusirik. Gerora konturatu ziren (konturarazi, ekitaldia ez egiteko sinadurak bildu eta aurpegiratu zietenean konturatu baitziren marra gorriaz). Zergatik egin zitzaion aurrekontratua muzin eginda Udalaren protokoloari? Kontraturik ez dela egin eta aurrekontratuaren baliogabetzeak ez duela kosturik argitu du zazpi egunera Aburtok. Zertan ibili dira zazpi egun horietan? Zergatik behar izan dituzte zazpi egun? Ezin zezaketen aurrekontratuaren gaia hasieratik argitu?

Azaleko polemika izan da kontzertua bertan behera uztea. Adierazpen askatasunaren gainean asko eztabaidatu den arren, niretzat garrantzitsuena hau da: adierazpen askatasunak botere harreman hertsatzaileen transmisiorako balio duenean, hots, giza askatasunaren kontra doazen edukiak daudenean, kalean lana egin behar da botere harreman hertsatzaileak (generokoak, politikoak, lanekoak, kulturalak edo sozialak) borrokatzeko. Kapitalaren modus operandia onartzeak genero bortxaketaren kulturaren diskurtsora garamatza. Autodefentsa kapitalaren aurka.