Nagore BELASTEGI
EHU-

BERTSOLARITZAK HAIZEA ALDE DUENEAN

BERTSOLARITZAK HAIZEA ALDE EDO KONTRA DU? BADA, AZKEN URTEOTAN GIZARTEAN IDEIAK ZABALTZEKO ERAKUTSITAKO GAITASUNARI ETA DUEN OSASUNARI ERREPARATUZ, GAUZAK ONDO EGITEN ARI DIRELA ESAN DAITEKE. BELAUNALDI BERRIAK, ORDEA, ATE JOKA DATOZ ETA HAIEKIN ENPATIZATZEN ASMATZEA EZ DA BATERE ERRAZA IZANGO.

Bertsolaritza aldatu egin da, eta aldatu egingo da. Aldaketa horiei buruz gogoeta egin zuten atzo Miramar jauregian Jon Maia, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariek, EHUren uda ikastaroen baitan egindako mahai inguruan. Norberaren esperientziatik, inguratzen dituen mundura ekarri zituzten euren ideiak.

“Bertsolaritza artikulatzen; haizea alde eta kontra” saioan aske mintzatu ziren zenbait gaiz. Hasteko, bertsolaritzan normaltzat hartzen denaren inguruan aritu ziren. Hala, Artetxek esan zuen erosoagoa dela bazterrean kokatzea eta, horregatik, denok dugula estrategia bat erdigunetik baztertzeko.

Maiak, berriz, bera ia beti «anormala» sentitu dela aitortu zuen: bertsolari mantsotzat hartua izan da, eta orain abiadura du zeinu; serioa eta poetikoa dela esan ohi dute, baina azkenaldian gai umoretsuak jartzen dizkiote. Hasieran «subeuskalduna» sentitzen zela esan zuen, eta bere abizenek lotsarazten zutela. Abizen erdaldunak izateagatik, bertsolaritzaren osasuna mantentzeko euren gaitasuna zalantzan jartzen omen zen.

Denborak bakoitza bere lekuan jarri du, baina Maiarentzat orain dagoen erronka begirada euskal identitate berri batean jartzea da, «sekta bat ez izateko, belaunaldi berriak beste mundu batera begira» bizi direlako. «Gure garaian ezinezkoa zen bertsozalea eta rockzalea izatea, oso arraroa zen. Orain munduko gauzarik normalena da, baina Berri Txarrak [edo rocka] beharrean Justin Bieber da», nabarmendu du gazteen gustuei keinu bat eginez.

Etxepare Institutuko kidea den eta rocka eta bertsolaritzari buruzko liburu bat idatzi berri duen Alberto Irazuk goizeko hitzaldia eskaini ostean, mahai inguruan ere parte hartu nahi izan zuen. «Rockean kantak euskaraz egiten dituzte, eta musika tresnak uzterakoan erdaraz hasten dira. Kezkatzen nauena da zein legitimatua dagoen hori. Antzerki bat da», nabarmendu zuen. Euskarazko hitzen kasuan bertsolariek egiten dituztela euskal taldeen kanta asko aipatu zuen, eta, gainera, beraiekin ere abesten dutela, eta hori ez dela beste inon gertatzen.

Jon Maiak talde ugariren kantak idatzi ditu eta berarentzat taldeek euskaraz egin nahi izatea positiboa da. «Euskara ez dagoen lekuan txertatzen ari naizela sentitzen dut», azpimarratu zuen, eta iragarri zuen Gasteizko neska bat berarekin harremanetan jarri dela euskarazko reggaetona egin nahi duelako baina ez duelako gaitasunik euskaraz idazteko. «Agian nik neuk ere ez dut entzungo gero, baina egon dadila!», aldarrikatu zuen. Izan ere, gizartean izaten ari diren aldaketekin euskarak ere aurrera egiten baldin badu, «aukera gehiago» izango ditu esparru guztietan.

Akatsa jolasaren parte?

Entzule bezala zegoen Manu Bendala Gasteizko bertsolari andaluziarrak azpimarratu zuen berak bertso eskolan izena eman zuela euskararen ezagutzan sakontzeko, bertsolaritzan akatsak egitea jolas moduan hartzen duelako.

Horren harira erantzun egin zion Miren Artetxek: «Zure buruari bertsotan akatsak egiteko permisibitate handiagoa ematen diozula diozu. Hori Gasteizen gertatzen da, baina jakin nahiko nuke ea euskararen arnasgune batean berdina gertatzen den, zeren nik uste dut kontrakoa gertatzen dela», adierazi zuen, batzuetan bertsotan zuzentasun eza gaizki ikusten dela aipatuz.

Oihana Iguaranentzat Arabako bertsolaritzak «asmatu» egin du akatsa jolasaren barruan sartzean, «ikasteko oso inportantea» izan delako hori beti. Bestalde, publikoak bertsolaritzak hitz jantziak «modan» jartzeko duen gaitasuna aipatzerakoan, Iguaranek esan zuen hori ez dela txarra, balio bat baizik, «baldin eta inor baztertzeko ez bada».