24/08/2019

chronicle
 
Mobilizazio «koloretsuak, alaiak eta herrikoiak» Hendaian eta Baionan
Haritz LARRAÑAGA|HENDAIA
0824_eg_mania

HITZORDU UGARI


«Euskal Herritik beste mundu bat sortzen» goiburua izango duen manifestazioa izango da gaur Hendaian. Bihar, zazpi elkarretaratze izango dira Biarritz inguruan. Baionan, azkenik, «koadroen martxa» egingo dute.

Ficobako erakustazokan eta Hendaiako Kaneta auzoan hiru egunez egindako topaketei amaiera eman ostean, asteburuko mobilizazioek hartu dute lekukoa. Gaur Hendaian izango da hitzordu garrantzitsua.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez gaurko manifestazioa «baimenduta dago, herrikoia izango da eta giro baketsuan igaroko da».

G7 Ez! eta Alternatives G7! plataformak osatzen dituzten askotariko eragileen bina ordezkari izango dira “Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” goiburua izango duen pankartaren atzean. Manifestariei ibilbidean zehar laguntzeko ez da ez joaldunik ezta musikaririk ere faltako, eta, Parisen “Orain presoak” aldarrikatzeko egin zen manifestazioan bezala, Hendaia eta Irun artean ere kontzertu bat eskainiko dute gaurkoan musikari ezagunek oholtza ibiltari baten gainean.

Azken egunetan egin diren hainbat ekimenetan ikusi ahal izan den moduan, G7 Ez! kontragailurrean parte hartzen duten pertsona eta eragileak askotarikoak dira, baita haien ikur eta banderak ere.

Horregatik, gaurko manifestazioa oso koloretsua izango da. Antolatzaileen esanetan, «familia giroan edo lagun artean gozatzeko aukera eskainiko du mobilizazioak».

Munduan indarrean diren borroka nagusien isla izan da azken egunotan Ficoba erakustazoka eta gaurko mobilizazioak ere mundura begiratuko du, baina Euskal Herriko ikuspegitik abiatuta. Horregatik, Santiagoko zubian «ekintza sinboliko ikusgarria» iragarri dute, «Euskal Herriaren lurraldetasuna aldarrikatzeko».

Manifestazioa Ficoba erakustazokaren kanpoaldean amaituko da 13.00ak aldera, eta, han bertan eskainiko duten hitzaldian, G7 Ez! eta Alternatives G7! plataformetako eragileek atzo adostutako adierazpen bateratua irakurriko dute.

Igandean, Baiona inguruan

Biarritz, Bidarte, Angelu eta Baiona artean diren zazpi gune «modu baketsuan» okupatzeko deialdia egin du G7 Ez! plataformak. Horrela, frantziar Estatuak Biarritz inguruan ezarri dituen kolore gorri eta urdineko segurtasun eremuen inguruan, «ortzadar eremua» osatuko dute.

Bestalde, ANV-COP21, Alternatiba eta Bizi! mugimenduek deitu duten «erretratuen martxa» izango da igandean. Goizeko hamarretan Baionako erdigunean pilatuko da jendea, eta ordu erdi geroago zutabe desberdinak abiatuko dira, guztiek batera leku berean amaitzeko.

Parte hartzaileei etxetik koadroak ekartzeko eskatu diete antolatzaileek, izan ere, manifestari bakoitzak zapi edo poltsa batekin estalitako koadro bat eraman beharko du, eta, amaieran, guztiak desestaliko dituzte. Une horretan, beraz, Estatu frantses osoan 128 udaletxetan lapurtutako Macron presidentearen koadroak agertuko dira. Haien artean izango da atzo goizean bertan Irisarriko herriko etxetik lapurtutako presidente frantsesaren koadroa ere.