Jose Angel ORIA

Ikasleen aurkako sarekada batek sutan jarri du Papua

Indonesiako agintariak larri dabiltza Papua eta Mendebaldeko Papua probintzietako herritarrekin eta tropa gehiago bertara bidali beste erremediorik ez zaie bururatu. Java uharteko Surabaya hirian Papuako 43 ikasle atxilotu izanak eragin ditu azken liskarrak.

Indonesiako Poliziak 1.200 agente bidali ditu egunotan Mendebaldeko Papua probintziara, bertako protestak isilarazi nahian. Egunero egiten dira mobilizazioak, kasu batzuetan debekatutako bandera independentista eskuetan hartuta.

Izan ere, papuarrak ez dira beren lurraldearen jabe. Ginea Berria uharte handiaren mendebaldeko zatia dago Indonesiaren menpe, eta ekialdeko erdiak (Papua Ginea Berria) 1975. urtean lortu zuen independentzia, Australiaren kolonia izan ostean. Indonesiako bi probintzia daude mendebaldean: Papua eta Mendebaldeko Papua.

Fakfak hirian manifestariek merkatuari eta Gobernuaren makina bat eraikini su eman zieten, Muhammad Iqbal poliziaburuak eskainitako bertsioaren arabera. Manokwari eta Sorong hirietan ere indonesiar polizia gehiago dituzte herritarren haserrealdiaren eraginez, eraikin ugari suntsitu baitituzte Indonesiak ezarritako katea askatu nahi duten manifestariek.

Indonesiaren Independentziaren Egunean Java uhartean bizi diren Papuako unibertsitate ikasleei Poliziak eta horien aldeko herritar batzuek emandako tratu negargarria dago mugimendu horien atzean. Papuakoek askatasuna eskatu zuten Javan ere, eta bakarren batek Indonesiako bandera bati su eman zion. Poliziak indarra erabili zuen 43 ikasle atxilotuta eramateko. Ekintzaileek segurtasun indarren arrazakeria ere salatu dute.

Protestaldia isilarazi nahian, Indonesiako Gobernuak Internet moztu zuen asteazkenean papuarren lurraldean, «askok indarkeria elikatzeko erabiltzen dutelako», berri agentziek zabaldutakoaren arabera. «Arrazaren araberako gorrotoa saihestea» omen da agintarien helburua. Giza eskubideen aldekoek diote Internet gabe ezingo direla segurtasun indarren gehiegikeriak dokumentatu.

Espetxeari su eman

Nabarmentzekoa da joan den asteartean kartzela bati ere su eman ziotela, eta bertan zeuden 258 presok ihes egin zutela.

Manokwari Mendebaldeko Papua probintziako hiriburuan ere izan zen istilurik. Probintziako Parlamentua suntsitu zuten manifestariek, 130.000 biztanle inguru dituen hirian.

Dendak eta autoak kiskalita, zirkulazio seinaleak bere tokitik kenduta, harrikadak eraikin ofizialen aurka... Milaka pertsona irten ziren kalera protesta egitera, France-Presseko kazetariek esplikatu dutenez. Poliziak jakinarazi du hiru agente zaurituta eraman zituztela hirian.

Wiranto (izen bakarra erabiltzen du, beste indonesiar askok bezala) Indonesiako Segurtasun ministroak lasaitasuna eskatu du, «geure nazioaren batasuna» arriskuan ikusten duela onartzeaz gain. Manokwari hiriko borrokak eragin zituzten gertakariak ikertuko dituela ere agindu zuen agintariak.

Polizien arrazakeria salatu dute ekintzaileek, eta begirale guztiek Papuako pobrezia ere aipatzen dute egoera azaltzeko ahaleginean. Kontuan hartu behar da Ginea Berria uharte handian (37 Euskal Herria kabituko lirateke bertan, oso-osorik) sekulako baliabide naturalak dituztela. Indonesiaren mende bizi nahi ez duten papuarrek uharteko ekialdekoek 1975ean lortu zutena eskuratu nahi dute, independentzia, baliabide natural horiek behar bezala kudeatu ahal izateko.

Motorra eta haserrea

Jayapura Papua probintziako hiriburuan, Manokwariko berriek animatuta, milaka lagun elkartu ziren protesta egitera, bakoitza bere motorra hartuta. Bi probintzien askatasuna eskatu zuten mobilizazio ikusgarri batean.

Indonesiako Gobernuak papuarrak ez diren herritarrei etxetik irten gabe geratzeko eskatu die, Tito Karnavian Polizia Nazionaleko buruak telebistan adierazi duenez.

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak egin duen ikerketa baten arabera, Indonesiako segurtasun indarrek Papuako 95 herritar hil zituzten 2010etik 2018ra.